Energiaren inguruan Tecnaliak Debagoiena 2030 sarearentzat egindako azterketak ispiluaren aurrean jartzen gaitu, eta emergentzia klimatikoak ezaugarritutako aroan, arazo potolo bat daukagula agerian uzten du. Debagoinean kontsumitzen den energiaren %4,8a soilik ekoizten da lurraldean bertan energia iturri berriztagarriak erabiliz, gainontzeko guztia kanpotik dator eta nagusiki fosila da. Azterketa horrek dioenaren arabera, teilatu guztiak plaka fotovoltaikoez betez gero egun kontsumitzen den energiaren %19a ekoitzi ahal izango litzateke, eta bailaren dauden basoek sortzen duten biomasa guztia energia beharretarako erabiliko balitz, berriz, %6 gehigarri bat lortu ahal izango litzateke. 2 energia iturri hauen potentziala bere osotasunean aprobetxatuz egun kontsumitzen dugunaren %25a estaltzera iritsiko ginateke soilik. Hau horrela izanik, mahai gainean daukagun dilema ondorengo da: Nondik aterako dugu falta zaigun gainontzeko %75a?
Dilema honen aurrean, 4 aukera ezberdin okurritzen zaizkit.
1.Aukera: Gaur egun bezala jarraitzea
Ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu dezakegu, zientzia klimatikoak dioenari kasurik egin gabe, eta erregai fosilak erretzen jarraitu. Eztabaiak eztabaida, hau da, neurri batean, egun egiten ari garena. Nire iritzian, negazionismo klimatikoan kokatzen denak soilik defenditu dezake aukera hau.
2. Aukera: %75ko desazkundea energia kontsumoan
Lehenengo grafikoan argi ikusi daitekeenez, desindustrializazio prozesu bat abiatu eta gure mugikortasunaren zati handi bati uko egitea suposatuko luke hautu honek. Debagoineko biztanleen bizitza baldintzak errotik aldatuko lirateke, eta gutxi gora behera, industrializazioaren aurreko baldintzetara bueltatzea suposatuko luke. Eszenatoki honetan, autohornikuntzara bideratutako nekazaritza eta abeltzantza izango lirateke aktibitate ekonomiko nagusiak. Norbaitek uste du gure gizarteak aukera hau onartuko lukeela?
3. Aukera: Falta den energia kanpotik ekartzea
Falta zaigun energia hori berriztagarria izango bada, energia hori ekoitziko den tokitik gurera garraiatzeko tentsio altuko linea berriak egitea suposatuko luke. Hau ere, neurri baten, gertatzen ari da. Energia berriztagarrien proiektu asko Aragoin ari dira kokatzen, eta hortik tentsio altuko lineak daude proiektatuta energia hori EAEra, Katuluiniara eta Valentziara garraiatzeko. Nire iritzian, posizio hau NIMBY fenomenoan kokatuko litzateke, gure energia kontsumoaren inguruko ardurarik ez hartzea, eta guk nahi ez ditugun inpaktuak beste lurralde batzuetara leku aldatzea suposatuko lukeelako.
4. Aukera: Desazkundea + berriztagarriak + kanpotik
Teilatuetan fotovoltaikoak jartzetik haratago doan berriztagarrien hedapena, energia kontsumoaren murrizketarekin eta energiaren zati bat kanpotik ekartzearekin konbinatuko litzateke 4. aukera honetan. Sarrera honetan egin nuen aukera hau garatzen duen prospektiba ariketa bat, hurbilpen gisa, argiago ikusi eta ulertzeko eszenatoki honek zer suposatuko lukeen. Aukera honek gure energia kontsumoaren ardura hartzea suposatuko luke, eta tokiko komunitateen inplikazioa eskatzen du. Galdera potoloei erantzun beharko genieke modu kolektiboan: Zer gaude prest egiteko gure energia kontsumoa murrizteko?, Zein autosufizientzia maila da posible?, Nondik ekarriko dugu lurraldean ekoizteko gai ez garen energia?, Nola egingo ditugu bateragarri energia ekoizpena eta ekosistema naturalen eta biodibertsitatearen zaintza?, Nola antolatuko dugu lurraldea energiaren eta elikagaien ekoizpenek talka egin ez dezaten?, Gure lurraldeko zein eremu bideratuko ditugu energia ekoizpenerako azpiegituretara?, Nola bermatuko dugu komunitatearen parte hartzea azpiegitura horien jabetzan eta horiek sortzen duten energian?, etb.
Eztabaida ez da erraza, baina emergentzia klimatikoak ezaugarritutako testuinguru historiko batean, eztabaida konplexu honi ez heltzea ezin daiteke aukera bat izan. Zientzia klimatikoak dioenari kasu egiten badiogu, apenas gelditzen zaizkigu 20 urte erregai fosilekiko daukagun menpekotasunarekin bukatzeko. Eta erronkaren tamaina kolosala da.