Debagoienaren errealitate energetikoa 2045. urtean: Prospektiba ariketa bat

Tecnaliak Debagoiena 2030 sarerako egin duen diagnostikoa oinarri hartuta, lurralde honek egin beharreko trantsizio energetikoa nolakoa izan daitekeen irudikatzen saiatuko naiz, helburu kuantitatibo eta kualitatiboak proposatuz. Ariketa teoriko bat besterik ez da, erronkari tamaina hartzeko borondatez egina.

Taula honetan laburbiltzen da, 2019. urteko datuak oinarri hartuta, egun Debagoienak duen errealitate energetikoa:

Energia kontsumoa Gwh-tan

Ikusi daitekeen moduan, 2.290 Gwh-koa izan zen Debagoienaren guztizko energia kontsumoa 2019. urtean, eta horretatik %30a izan zen elektrikoa. Sektoreka, horrela banatzen da energia kontsumoa:

Trantsizio energetikoaren bukaerako eszenatokia 2045. urtean kokatuko dut, eta berau irudikatzeko hipotesi batzuk egingo ditut kontsumo murrizketa eta kontsumoaren elektrifikazioari dagokionean. Lehenengoaren kasuan, hauek dira hipotesiak:

  • Ekonomia zirkularraren inplementazioari esker, eta oro har gizarte aurreratuetan eman behar den kontsumo materialaren jaitsieraren ondorioz, Debagoienako ehun industriala eraldatu egingo da, eta orain ekoizten duena baino gutxiago ekoitziko du. Guzti honen ondorioz, energia kontsumoa %30 murriztuko da.
  • Garraio publikoa eta mikro-mugikortasuna bultzatzearen ondorioz ibilgailuen parkea nabarmen murriztuko da, eta zirkulazioan dauden ibilgailuen gehiengoa elektrikoa izango da. Kontutan izanda motor elektrikoa konbustio motorra baino 3 aldiz eraginkorragoa dela, orotara garraioari loturiko energia kontsumoa %80 murriztuko da.
  • Eraikinen birgaitze energetikoari bultzada handi bat emango zaio, eta, ondorioz, eraikinei loturiko energia kontsumoa (etxebizitzak eta zerbitzuak) %50 murriztuko da.

Sektore ezberdinetan emango litzatekeen kontsumo murrizketa honen ondorioz guztizko energia kontsumoa erdira jaitsiko litzateke 2045. urterako.

Elektrifikazioari dagokionean, berriz, hauek dira hipotesiak:

  • Industrian elektrifikazio maila %46tik %60ra igaroko da, nagusiki, gas naturalaren zati bat argindarrarekin ordezkatuko delako.
  • Garraioan kontsumoaren %80a elektrikoa izango da, elektromugikortasunaren hedapenaren ondorioz.
  • Eraikinei (etxebizitzak eta zerbitzuak) lotutako kontsumoaren elektrifikazio maila %50raino igoko da, nagusiki, egun gas naturalarekin dabiltzan berokuntza sistemen zati bat bero bonbengatik ordezkatuko delako.

Hipotesi hauekin, 2045. urterako energia kontsumoaren %61a izango litzateke elektrikoa.

Guzti honekin, ondorengoa izango zen 2045. urteko energia kontsumoaren errealitatea:

Segidan, aztertu dezagun nondik atera ahal izango genukeen energia hori. Debagoienak dituen ezaugarri orografiko eta sozio-ekonomikoen ondorioz, oso zaila izango da behar duen energia guztia bertan ekoiztea. Demagun %70a bertan ekoitziko dela (803 Gwh) eta gainontzeko %30a (345 Gwh) kanpotik etorriko dela. Demagun, baita ere, kanpotik etorriko den hori gas naturala ordezkatuko duen gas berriztagarria izango dela (hidrogenoa adibidez), elektrifikatu ezin izan diren kontsumo industrialak estaltzeko. Gauzak horrela, bailaran 699 Gwh elektriko eta 103 Gwh ez elektriko ekoitzi beharko lirateke.

699 Gwh elektrikoak ekoitzi ahal izateko 2 dira, nagusiki, eskura ditugun teknologia berriztagarriak, fotovoltaikoa eta eolikoa. 2 teknologia hauek, gainera, osagarriak dira beraien artean, eguzkia ez dagoenean haizea egon ohi delako eta alderantziz. Demagun behar dugun energia elektrikoaren erdia fotovoltaikoarekin ekoitziko dugula eta beste erdia eolikoarekin. Zenbat potentzia instalatu beharko genukeen jakiteko, kontutan hartuko dugu gure ingurunean instalatutako Kw fotovoltaiko bakoitzak 1 Mwh ekoizten dituela, eta aerosorgailu modernoak haize leku egokietan jarriz gero, berriz, Kw bakoitzak 2,6 Mwh ekoitziko lituzkeela. Datu hauekin, 350 Mw fotovoltaiko eta 134 Mw eoliko instalatu beharko lirateke.

Tecnaliaren ikerketaren arabera, Debagoienako teilatuek 435 Mw fotovoltaiko instalatzeko potentziala daukate, beraz, teorikoki behintzat, energia fotovoltaikoaren behar guztiak teilatuak erabiliz estali ahal izango lirateke. Hori bai, horretarako teilatuen azalera guztia aprobetxatu beharra dago, eta gaur gaurkoz, egiten diren instalazio fotovoltaikoak eraikin horren beharrak asetzeko soilik dimentsionatzen dira, eta ez dute teilatuaren azalera erabilgarri guztia hartzen.

Eolikoaren kasuan, 5,7 Mw-ko potentzia izan dezaketen tamaina handiko aerosorgariluak jarriz gero, 25 aerosorgailu inguru beharko lirateke.

103 Gwh ez elektrikoen kasuan, berriz, nagusiki eraikinen bero beharrak asetzeko beharko lirateke, eta, horretarako, biomasa izan daiteke aukerarik bideragarriena. Tecnaliaren ikerketaren arabera, Debagoienako basoek urtero 138 Gwh-ko bero energia emateko potentziala daukate, beraz, teorikoki behintzat, kasu honetan ere beharrak estaltzeko emango luke.

Artikulu honetan egin dudan ariketa hau zorroztasun handiegierik gabeko hurbilpen bat besterik ez da, baina balio dezake trantsizio energetikoari dagokionean Debagoienak parez pare daukan erronkari neurria hartzeko. Mota honetako ariketa bat modu kolektibo eta partekatuan egiteak izango luke benetako balioa, helburuak zein hipotesiak eragile ezberdinen artean adostuz eta berauek betetzeko konpromisoak hartuz. Hori izango litzateke, nire iritzian, Debagoienak bere CO2 isurien eta energia kontsumoaren gaineko erantzukizuna hartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude