Berriki X sare sozialean ELAko kide diren Pello Igeregi eta Unai Oñederrarekin trantsizio ekosozialaren inguruan sindikatu honek duen posizioaren inguruko eztabaida bat izan dut, eta bertan esaten nien amildegi bat ikusten dudala ELA-k trantsizio ekosozialaren aferan duen posizio politikoaren eta bere praxi sindikalaren artean. Unai Oñederrari ez zaio baieztapen hau justua iruditu eta bere blogean egindako sarrera batean ELAk eremu honetan egin duena eta egiten ari dena azaldu du. Azalpen guzti horietan, baina, ezer gutxi esaten da industria sektorean nagusi den sindikatuak ordezkaritza duen enpresetan mantendu izan duen posizio sindikalaren inguruan. Eta hori da, nire iritzian, benetan inporta duena. Bereziki iruditzen zait garrantzitsua industrian ELAk duen posizioa, energia eta materialen kontsumoan oso intentsiboa izanda, handia delako sektore honek ingurugiroan duen inpaktua. Aldi berean, Industria gure ekonomiaren motorra da, eta, ondorioz, gure gizartean ditugun lan eta bizi baldintzen oinarrian dago. Zentzu horretan, herri bezala erantzun beharreko galdera potolo bat daukagu mahaiaren gainean: Nola uztartuko dugu trantsizio ekosoziala gure izaera industrialarekin?
Ekonomia sozial eraldatzailearekin lankidetzan aritzea edo ikerketa lan teorikoak argitaratzea ondo dago, baina sindikatu batek trantsizio ekosozialari egiten dion ekarpena bere praxi sindikalean egiten duenagatik baloratzen dut nik. Aztertu dezagun, beraz, zein izan den ELAren posizio politikoa afera honen inguruan, eta bere praxi sindikala zenbateraino izan den koherentea posizio horrekin.
ELAk liburuxka bat argitaratu zuen 2023. urtean Hego Euskal Herriko ekonomiaren trantsizio ekosozialerako proposamen bat jasoz. Liburuxka horretan jasotzen diren edukien garapena ekologistak martxan-eko kide diren Luis Gonzalez Reyes eta Adrian Almazanen esku utzi zuen, eta bi ekintzaile ekologista hauek urte berean argitaratutako “Decrecimiento: del qué al cómo” liburuan jasotzen diren tesietan oinarrituta dago.
Dokumentu horretan, ekologismoaren barruan dagoen korronte erradikalenaren tesiak besarkatzen dira, eta desindustrializazio prozesu bat abordatzera behartuko gintuen desazkunde prozesu baten beharra defenditzen da. Gainera, oso kritikoa da energia berriztagarri hiperteknologiko gisa izendatzen dituenekin -eolikoa eta fotovoltaikoa-, eta baita ere ekonomiaren elektrifikazioarekin. Ekologismoaren korronte horrek uste du energia berriztagarriekin ezinezkoa dela gurea bezalako industria-gizarte konplexuak mantentzea, eta, ondorioz, egitura politiko eta sozialak sinplifikatu eta ekonomia ruralizatuago baterantz joatea beste erremediorik ez daukagula defendatzen du. Laburbilduz, industria gutxiago eta nekazaritza gehiago.
Dokumentu horrek ELAren zigilua darama, eta, beraz, logikoa da pentsatzea ELAk marko ideologiko hori ontzat ematen duela. Ondoren publikatu ditu beste dokumentu batzuk ere, askoz zehatz eta laburragoak, eta kontrakorik esan ez duenez, ulertzen dut proposamen horiek dokumentu honetan finkatzen den marko ideologikoa dutela oinarrian. Azter dezagun orain metalaren lehen sindikatuaren praxia zein neurritan den koherentea tesi horrekin, eta, horretarako, ELAk gure herrialdeko lau enpresa enblematikoetan (Mercedes Gasteiz eta VW Nafarroa, Siemens-Gamesa eta Petronor) duen posizio sindikala aztertuko dut.
Has gaitezen automozioaren sektoreko enpresekin, Mercedes Gasteiz eta VW Nafarroarekin. ELAk ordezkaritza du bi multinazionalek gure herrialdean dituzten lantegietako enpresa batzordeetan. Kotxe elektrikorako trantsizioaren testuinguruan, enpresa batzorde horiek gaur egun dauden lanpostu guztiak mantendu behar direla defendatzen dute, eta, horretarako, modelo elektriko berriak esleitzea eta egungo ekoizpen-mailei eustea aldarrikatzen dute. ELAk ez du inoiz hau ez den beste jarrerarik adierazi. Trantsizio ekosozialaren testuinguruan sektore batek behera egin beharko balu, hori, zalantzarik gabe, automobilgintza sektorea da. Nire iritzian, Liburuxka horretan proposatzen den tesiarekin koherentea izango litzatekeen posizioa birmoldaketa plan bat eskatzea da, enplegua automozio sektoretik (eta industriatik) beste sektore batzuetara transferitzeko, nagusiki, lehen sektorera. Baina ez da hori ELAk defenditu duen posizioa. Aitzitik, Mercedes Gasteizen furgoneta elektrikoak ekoizteko egingo den 1.000 M€tik gorako inbertsioa txalotu du, eta, gainera, horrenbeste kritikatzen dituen Europako funtsekin finantzatuko den inbertsio hori borroka sindikalaren fruitua dela aldarrikatu du.
Goazen orain Siemens-Gamesara. Enpresa hau jasaten ari den krisiaren testuinguruan, ELAk honako hau adierazi zuen bere webgunean: “produktu errentagarria, beharrezkoa eta, aldi berean, estrategikoa izanik, arriskuan dago haize-sorgailuen fabrikatzaile europarrak desagertzea, tokiko hornidura-kate osoa arrastratuz, eta, beraz, milaka lanpostu suntsituz. Enplegua galtzeari dagokionez hondamendia izateaz gain, ateak irekiko lirateke sektore eolikoa Asiako enpresa erraldoien esku uzteko”. Era berean, adierazi zuen sektore hori estrategikoa zela gure herriarentzat, eta, beraz, erakunde publikoek horren aldeko apustu irmoa egin beharko luketela. Paradoxikoa da, sektore eolikoa estrategikoa dela eta Siemens-Gamesaren haize-sorgailuak beharrezkoak direla defendatzen duen bitartean, trantsizio energetikorako bere proposamenean Euskal Herriaren energia eredua azpiegitura handietatik urrundu eta deszentralizatua izan behar dela esatea. Suposatzen dut gure herriarentzat nahi ez duena beste lurralde edo herrialde batzuentzat ere ez duela nahiko, eta, kasu horretan, ez dakit norentzat ekoitzi beharko liratekeen haize-sorgailu horiek. Are gehiago, dokumentu honetan dioen bezala, benetan berriztagarriak diren energien aldeko apustua egin behar bada. Unairi galdetu nion ea benetan berriztagarriak diren energiez ari direnean zertaz ari diren, baina ez dut erantzunik jaso. ELAk argitaratu zuen liburuxkan erabiltzen den terminologiaren arabera benetan berriztagarriak diren energiak argindarra sortzen ez duten berriztagarriak dira -biomasa, eguzki energia termikoa, haizea eta ura baina energia mekaniko eran, …-, eta argindarra sortzera bideratutako berriztagarriei berriz -eolikoa eta fotovoltaikoa- berriztagarri hiperteknologiko deitzen zaie. Ez dakit ELA honetaz ari den, baina, hala balitz, azaldu beharko luke trantsizio ekosozialaren inguruan duen posiziotik nola justifikatzen duen Siemens-Gamesaren estrategikotasuna.
Eta, azkenik, azter dezagun Petronorren kasua, fosilen sektoreko euskal enpresa ikonikoa. ELAk Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legeari buruz egin zuen balorazioan irakurri daitekeenez, legea ez da asmo handikoa isuriak murrizteko helburuei dagokienez, eta irtenbide faltsuak babesten ditu, hala nola “energia-bektore berriak”, hidrogenoa adibidez. Kontuan hartuta Petronorrek lehen bai lehen albo batera utzi behar diren erregai fosilak ekoizten dituela eta enpresa honen etorkizuna “bektore energetiko” ezberdinen ekoizle gisa kokatzea dela -hala nola hidrogenoa eta erregai sintetikoak-, ELAren jarrera politikoarekin koherentea den alternatiba, berriro ere, enplegu hori beste sektore batzuetara transferituko duen birmoldaketa plan bat eskatzea da. Aitzitik, egungo enplegua mantentzea lehenetsiz hidrogenoa eta erregai sintetikoak ekoiztea ontzat emango balu, azaldu beharko luke bektore energetiko horiek ekoizteko beharrezkoa den energia berriztagarri guztia nola ekoitzi daitekeen sorkuntza azpiegitura handirik gabe.
3 adibide hauek agerian uzten dute bere erretorika politikoaren gainetik eta beste batzuengan kritikatzen duen pragmatismoa bere eginez, praxi sindikalean ELAk bere interes korporatiboak eta bere afiliatuen epe laburreko interes partikularrek baldintzatuta jarduten duela. Eta normala da, hori erakunde guztiei gertatzen zaie, are gehiago trantsizio ekosozialarena bezalako erronka konplexu eta zailean.
Bukatzeko, aitortuko dut artikulu hau partziala dela ELAk trantsizio ekosozialari egiten dion ekarpena baloratzerako orduan, azpimarra kontraesanetan jarri dudalako, egin dituen ekarpenak balioan jarri beharrean. Nahita egin dut horrela, beste batzuk epaitzen dituenean ELAk ez duelako izaten inolako erreparorik horiek egindako ekarpenak gutxietsi eta ekopostureo gisa izendatzeko. Eta jabetu beharko luke bere jarduna ebaluatzerako orduan besteekin erabiltzen duen partzialtasun berdina aplikatuz gero, egon daitezkeela arrazoiak ELA ere ekopostureoan erortzen dela esateko, nahiz eta ez den hori nik benetan pentsatzen dudana.