Beste behin ere, nik idatzitako artikulu baten inguruko hainbat aipamen egiten ditu Patxik bere blogean argitaratutako artikulu honetan. Bertan aipatzen dituen gaiak lantzen hasi aurretik, artikulu osoan zehar eta baita aurrekoetan ere nabaritzen diodan tonuaren eta egiten dituen akusazio belatuen inguruan argi, zuzen eta irmo hitz egin nahiko nioke.
Ni ez naiz inongo “poligono eolikoko ordezkaria”, are gutxiago “Aramaioko parke eolikoaren egarri den artikulugilea”, eta ez daukat ezer “salbatzeko” beharrik. Pertsona librea naiz, eta nire kontzientzia eta konpromezu politikoari (hizki larriz idatzia) jarraituz idazten dut, interes orokorrarentzat onena dela uste dudana defendituz, nire bizitza osoan zehar egin izan dudan bezala. Blog hau sortu nuenean adierazi nuen moduan, mundura ez naiz etorri jendeak entzun nahi duen hori esatera, zuzena iruditzen zaidana defenditu eta egitera baizik, jakitun izanda inor ez dela egia osoaren jabe. Eta Orixoleko haitz tontorretik idazten dut, bai, eta ez “Statkraft-KREANen erraietatik”, Patxik dioen bezala. Blog honekin nire asmoa ez da proiektu jakin bat defenditzea. Lehenago ere esan izan dudan bezala, ez daukat beharrezkoa den ezagutzarik eta ez naiz nor aramaiokoa parke eoliko bat eraikitzeko toki egokia den edo ez baloratzeko.
Berriztagarrien inguruko eztabaidan, energiaren arloan daukadan ezagutzan oinarrituta eta datuak eskuetan, 2 ideia nagusi defenditzen ditut. Lehena, erregai fosilak ordezkatu nahi baditugu, kontsumo murrizketarekin eta teknologia fotovoltaikoarekin batera, energia eolikoa ere ezinbestekoa zaigula. Eta, zoritxarrez, eolikoak ezin daitezkeela jarri haizerik ez dagoen gune antropizatuetan. Bigarrena, trantsizio energetikoa baliatu beharko genukeela ongizaterako hain garrantzitsua den sektore hau demokratizatzeko, eta, horretarako, azpiegitura hauen jabetza ereduan dagoela gakoa. Hortik aurrera, lurraldea antolatu eta planifikatzeko ardura duen administrazio publikoak zehaztu beharko du, kontutan hartu beharreko aspektu guztiak kontutan hartuta, zeintzuk diren parke horiek eraikitzeko tokirik egokienak.
Eztabaida publiko eraikitzaile eta aberasgarri baten mesedetan, hobe genuke bestearen posizioaren zilegitasuna aitortuko bagenio elkarri, eta bakoitzak azaltzen dituen datu eta argudioak baloratu eta eztabaidatuko bagenitu, aurriritzi, uste eta teoria konspiranoikoetan erori gabe.
Hau argituta, pasa gaitezen bere artikuluan Patxik plazaratzen dituen argudioen azterketara. Horien artean aipatzen du hedatzen ari diren praktika diskurtsiboetan oso adierazgarria dela “lauso” gisa kalifikatzen duen “lurraldea” kontzeptuaren “intromisioa”, aditzera emanez Aramaio Debagoiena barruan kokatzea Itsaraz-eko parke eolikoa justifikatzeko beste trikimailu bat gehiago dela. Jakin beza Patxik administratiboki Aramaio Debagoienaren parte ez den arren, lurralde antolaketaren ikuspegitik, Debagoienako eremu funtzionalaren barruan dagoela gutxienez 2005. urtetik aurrera, hemen ikusi daitekeen moduan. Lurraldea ez da kontzeptu “lauso” bat, oso ondo ezaugarrituta dago, lurralde antolaketan oinarrizkoak diren 4 tresna hauen bitartez: Lurralde antolamendurako gidalerroak, lurralde plan partzialak, lurralde plan sektorialak eta hiri antolamendurako plan orokorrak. Lurralde plan partzialetan zehaztutako eremu funtzionalak eskala garrantzitsua dira lurralde antolaketaren ikuspegitik, eta beraien artean harreman sozio-ekonomiko estuak dituzten udalerriek osatzen dituzte. Hau horrela izanik, guztiz logikoa da Aramaio Debagoienako lurralde plan partzialaren barruan egotea. Ildo beretik, Patxik dio ez dagoela zalantzarik “Debagoiena formalaz aritu dela Tecnalia enpresa bere ikerlanean partaide ofizial diren zortzi udalerrien premiez eta erantzukizunez jardutean” . Beste behin ere, usteak erdiak ustel. Tecnaliaren ikerketaren perimetroak Debagoienako eremu funtzionala osatzen duten udalerri guztiak hartzen ditu, Aramaio barne.
Ez naiz nekatuko behin eta berriro esateaz aldaketa klimatikoak ez daukala soluziorik lurralde eskala ezberdinek beraien energia kontsumoaren eta CO2 isurien ardura hartzen ez badute. Eta lurraren beroketa 1,5 oC-en oso goitik badoa, etorkizuneko belaunaldien ongizatea (edo biziraupena) baldintzatzen ariko gara, baita gainontzeko izaki bizidunena ere. Eta hau ez da parke eoliko bat justifikatzeko trikimailu bat gehiago, zientziak dioskuna da, eta hobe genuke kaso egingo bagenio. Hemen kontsulta daiteke IPCC-ek egindako azken txostenaren inguruan Greenpeace-ek egiten duen balorazioa.
Beti pentsatu izan dut lurralde plan partzialetan zehaztutako eremu funtzionalak eskala egokia direla energia trantsizioaren eztabaida lurralderatzeko, besteak beste, udalerria eskala txikiegia dela iruditzen zaidalako energia kontsumoaren dimentsio osoa egoki baloratzeko, eta ez dituelako aintzat hartzen lurralde jakin batean ematen diren hartu-eman sozio-ekonomikoei lotutako energia kontsumoak. Eta honekin, Patxik darabilen bigarren argudio nagusiari helduko diot. Patxik dio aramaioarrei ezin zaiela Debagoienako gainerako herritarren isuri eta energia kontsumo bera egotzi, batez ere, Aramaion ez dagoelako industriarik, eta sektore hau delako, garraioarekin batera, CO2 isurien eta energia kontsumoaren erantzule nagusia. Aramaion industriarik ez egoteak, ordea, ez du esan nahi aramaioarrak ez direnik industriatik bizi, eta, ondorioz, industria horrek sortzen dituen isurien inguruko ardurarik ez dagokienik. Ikusi dezagun zein sektoretan egiten duten lan aramaioarrek, eta konpara dezagun, adibidez, arrasatearrekin:
Bistan denez, ez dago alde handirik industrian lan egiten duten herritarren ehunekoan, %29,33 aramaioarren kasuan, eta %32,21 arrasatearren kasuan. Kontutan izanda zerbitzuei dagokien ehunekoaren zati esanguratsu bat industriari ematen zaizkion zerbitzuek osatzen dutela, ez dago zalantzarako tarterik: aramaioarren gehiengoa, zuzenean edo zeharka, industriatik bizi da, arrasatearrak bezalatsu. Eta beraz, badute industria horrek sortzen dituen CO2 isuriekiko ardurarik.
Debagoienaren trantsizio energetikoaren inguruko deliberazio prozesuan Aramaiok parte hartuko duen edo ez aramaioarrek erabakiko dute, noski, baina ez dezagun landa guneen inguruko irudi idealizatu eta desitxuratu bat eraiki. Aramaioarrak, Leintz Gatzagako edo Otxandioko herritarrok bezala, ez dira lehenengo sektoretik bizi, gainontzekoen bizitza estilo bertsua dute, eta beraien CO2 isuriak ondoko hiriguneetan bizi diren herritarren parekoak dira, inolako zalantzarik gabe. Eta Patxik aipatzen duen egurraz gain, petroliotik datorren propano gasa ere erabiltzen dute beraien etxeak berotzeko, eta gasolina eta gasolioa auto eta abarrekin batetik bestera mugitzeko, gainontzekook bezala.