Quantcast
Kategoriak
Sailkatu gabea

BI

Itotze arriskua! Jolasterakoan enbalatze materialean (adibidez plastikotan) kiribilduta geratu litezke haurrak edo beronekin burua estali eta ito. Mantendu enbalatze material hau haurrengandik urrun.

Lekuko batek, hiru erailketatan egon den lekuko bakarrak, zioen hiltzaileak mikrouhin labe baten kaxa zuria zeramala buruan jarrita, kiliki ilun eta makabroa bailitzan. Bere biktima soka batekin ito ostean, Arrasateko Lapurdi kaleko espaloi batean, bere albotik igaro omen zen kaxa buruan jarrita lekukoari arreta eskaini gabe. Ikusi ahal izateko bi zulo trakets txiki zituen begien parean, baina ziur da beldurrak jotako lekukoa bera ikusi zuela. Hala eta guztiz ere, ez zion ezer egin eta ez zuen ezer esan, presaka ari zela zirudien.

Paniko uholde batek ito zuen Arrasate lehen hilketatik bertatik. Gainera, bigarren lekukoaren esanak sare sozialetan filtratu eta gero, herritar patruilak antolatu eta Garbigune, merkatal zentro eta elektrogailu dendatara joan ziren indarrez azken mikrouhin labeen erosleak nortzuk ziren jakiteko. Udaltzaingorik ez balego atean eta ez balute turba buru autoproklamatutako gizona atxilotu, batek daki zer gertatuko litzatekeen. Meskita erasotu zuten ezezagunek eta margoketak egin psikiatrikoko horman, espetxe bihurtua denetik esames ugariren jopuntuan zenak. Udalak efikazia exigitu zion Ertzaintzari, beti hurbil diren hauteskundeetan serial killer baten jardunak eragin kaltegarria izan zezakeenaren beldur.

Dario komisarioa Gasteiztik ekarrarazi zuten agintariek Bergarako komisaldegira. Erretreta hartzetik gertu, horrenbeste estolderia ezagutzera iritsia zen nagusiei miresmena eta izua sorrarazten ziela. Dena den, bera ere jabe zen horretaz, horrelako marroi baten aurrean ezin zela Arkautetik atera berria den gazte bat inplikatu. Esperientziak soilik ematen baitu iluntasunari aurre egiteko behar den tenplea.

Arrasateko udaltzainburua deitu zuen lehen unean bertan. Erantzuna espero zuen arren, frustrazioa eragin zion herriko kamera publiko apurren egoerak: hondatuta, gaizki enfokatuta edota baliogabeak hiru krimenen zonaldeetan kalitatezko irudiak lortzeko. Pandemia egoerak eta derrigorrezko etxeratze aginduak, gezurra bazirudien ere, abagunea eskaintzen zion hiltzaileari kalean kaxa bat buruan izanik paseatzeko.

Bergarako komisaldegitik zuzendutako ikerketaren bigarren egunean dei garrantzitsua jaso zuen Dariok. Esplizituki esaten ez dena ulertu beharra du batek eta berak, zorionez, hitz gutxi behar izan zuen zer egin behar zuen jakiteko. Pagaburu bat aurkitu efikazia itxurari eusteko.

Horrenbestez, poliziek duten irudimen urritasuna tarteko, ebidentea zena egin zuen: mesedeak kobratu. Eta, Arrasaten, toki bakarra zuen mesede zaharrak kobratzeko, psikiatrikoa. Izan ere, duela hogeita bost urte, Debako diskoteka ezagun batean eginiko sarekada bat tarteko, pista jarraitu zien medizina errezeta faltsu batzuei mediku batenganaino. Doktorea bazen nor, horrek libratu zuen eskandalutik, baina une honetan abizenak ere ez zuen libratukokasuan lagundu beharra edukitzetik.

-Bezero bat soltatu behar duzue gaur gauean. Ahal dela, ahalik eta espediente biolentoena eduki hobe. Ihes egin duela esan eta atxilotu egingo dugu berehala. Egun batzutarako bazka emango die kazetariei.

Gesalibar eta Garagartza auzoen arteko barne errepidearen hasieran, Kobate harrobira nahiz Lezetxiki kobara joateko ere baliatzen den horretan, Atxabalpe futbol zelaiaren aparkalekuan zehazki, itxaron zioten poliziek iluntzeko zortzietan kotxe kamuflatu batean paketeari. Herriko ertzain batek esanda bazekiten nekez egiten dutela Aramaiorantz psikiatrikoko maizterrek, maldak eta farolek beherantza eroaten dituztela euren pausoak.

Argi luzeak jarrita zekartzan furgoneta batek itsutu zituen une batez poliziak. Aldatu zituen argiak eta ohartu ziren salerosketea multinazional ezagun baten logo irribarretsua zuela alboan. Gidariak, kaxaz goraino behar zuen ibilgailua, kopilotoaren alboan kaxak pilaturik zituelako bata bestearen gainean. Iruditu zitzaien poliziei buruan ere kaxa bat zuela, zuria, gidariak.

-Pasada bat da nola jardun behar duten banatzaileek, ordu honetan eta oraindik lanean.

Kategoriak
Sailkatu gabea

BAT

Ez erabili mikrouhin labe hau 2.000 metrotik gora.

Sherpa zaharra eta sherpa gaztea. Zertarako haien izenak ikasi. Ahoskaezinak dira. Eta, total, espero dut berriro ere ez ikustea. 7.000.000.000 pertsona ez baikaude alferrik munduan. Nire lantaldekoak dira gainera haiekin komunikatzen direnak ingeles trauskil batean, hiztun txarrak primeran komunikatzen direnaren froga da. Katmandun beste hegazkin txiki bat hartu behar izan dugu South Base Camp honetara iristeko, 5.634 metrotara dagoena. 28°0′26″N 86°51′34″E da kokapena. Tibeten ere bada beste kanpamendu base bat baina Txinako burokrazia jasanezina da. Internet konexioa behar dut Berriako blogean lehen testua idazteko. Ordu erdi barru Euskadi Irratiak konexioa egingo du zuzenean. Sutan dugu Instagram eta Tik-Tokeko kontua, aurretiaz programatutako mezuak argitaratu baitira gu abionetan egon garen bitartean. Animalia iletsu batzuen alboan daude sherpak. Yakak omen dira. Gustatu zaizkit, ea ez zaidan ahazten haien zaintzari buruz galdetzea, ez nuke nahi animaliarik sufritzerik gure espedizioan, batetik jasangaitza zaidalako eta betetik gure espedizioaren irudiari kaltea handia egingo liokeelako.

Rajivek zauria du hankan. Disimulatzen ahalegintzen den arren begiratzen duenarentzat bistan da herrena. Esan nion bota berriak lortzeko espedizio honetarako baina berak nahiago izan du emazteari ematea soldata aurrerapena. Zauriaren zaintzaz arduratu beharko da bederen, gauero gogoraraziko diot lotara joan aurretik. Heldutu beharko luke honezkero, baina ez nire espedizioan. Hemen egin dezala lana ganoraz eta gero izango du aukera inork gogorarazi behar izanik gabe jarduteko. Europarra begira izan dut instant batez, baina gero begiak pantailarentzat ditut soilik. Espero dut behintzat ez dezala mendian gora ari dela gauza bera egin, aurreko urtean hala jardun eta bukaeran orkatila bihurritu zuen emakume australiarrak bezala.

Hasi gara metroak igotzen. Eskerrak. Lurrikararen ondorenean lur jota dago dena, hori miseria. Haur batzuei argazkia atera nien kanpamenduan jolasean ari zirela. Like mordoa izan ditu. Paisaia ederra da, tontor elurtuak, bizkar harritsuak eta ibai builatsuak. Animalia gogorrak dira yakak, ederrak. Galdetu nuen ea asko sufrituko zuten gurekin batera etortzeagatik. Lasaitu ninduen jakiteak ohituak daudela lanerako, haientzat paseoa besterik ez dela. Eguzkia atera da eta aurpegia laztantzen dit.

Ganeshek esan didanez, lehen kanpamendutik gora igo nahi dute. Horrek esan nahi du elikagai eta lo egiteko dendak ez ezik daramaten filmaketa ekipoa ere eraman beharko dugula soinean biok. Baita zer den ez dakidan elektrogailu zuri karratua ere, kaxako argazkia bakarrik ikusi dut eta badirudi janariarentzat dela, eta okerrena dena, argindar sorgailu portatila eta erregaia. Bion artean berrogeita hamar edo hirurogei kilo izango dira altxa beharrekoak, 6.400 metrotatik gora.

Ezinbestekoa da kafe solidario honen iragarkia ondo ateratzea. Nahikoa zaila da bidezko merkataritzako kafea goxoa dela jendeari sinestaraztea, nahiz eta zinez izan ona. Makina bat urtez lasaitu ditugu jendearen patrikak zernahi erosaraziz eta kostatzen da pentsaera aldatzea. Gainera, euskaldun fededun ordezkatu duen euskaldun forrodun horrek erostea da koska. Ez zituzten alferrik ardiz bete euren kotxe kapotak. Giza kateak? Giza kateak. Liburuak erosi kultura salbatzeko? Liburuak erosi kultura salbatzeko. Gajoak. Euren furgoneta ziztrindunak. Londonen ezagutu nuena inoiz ezagutuko ez duen baserritarrak. Mundu osoko jaki, jende eta doinuak. Benetako kulturartekotasuna, unibertsala den hiria. Eskerrak herritik atera nintzen eta ez nuen lantegian amaitu nire lagunek bezala.

Rajiven herrenak okerrera egin du. Min keinua egiten du pausu bakoitzeko. Europarren burua dirudienak yakengatik galdetu dit. Hori izan da nirekin hitz egin duen aldi bakarra. Rajivi, berriz, errieta egin beharko diot hau dena amaitzean.

Espedizio txikia gara. Soinu teknikaria, argi teknikaria, kamera, aktorea eta ni. Inoiz egin ez dudan erronka da hau sortzaile gisa. Denak perfektu behar du.

Badirudi aurkitu dugula lehen kanpamendutik gertu lautada aproposa. Bertan utzi ditugu dendak eta soilik grabatzeko behar dena soineratu dugu. Eskertu dute gure bizkarrek. Ganeshek zorrotz begiratzen nau atzotik. Europarretako batek, gu bezalako langile izan behar duen batek, argindar sorgailua muntatu du. Atera dute kaxatik elektrogailu zuria eta entxufatu. Nire jakin mina sumatu du eta irribarre egin dit. Beste zuri batek atera du paperez batua dagoen katilu bat motxilatik eta ura nahastu kafe hautsekin. Elektrogailu barnean sartu du katilua eta argia piztu da. Zarata egiten du biraka ari dela. Amaitu dutenean labea arakatu dut arreta guztiek beste nonbait dutela probestuta. Plater gardena eskuetan hartu eta arretaz aztertu dut.

Ezinbestekoa da, aktoreak kafe katilua eskuetan duela, lurruna ateratzea. Horrelako xehetasunez arduratzeagatik egiten dut horrenbeste lan.

Rajiv langile ona da, ez nuke galdu nahi. Baina, ez badu ikasten zirkuan lan egiteak ez gaituela pailazo egiten, beste norbaiti deitu beharko diot hurrengoan.

Kategoriak
Sailkatu gabea

Kontuz mikrouhin labeekin

Mikrouhin labe batek bi sikario kontrata ditzake Negurin zuri bizia kentzeko.

Mikrouhin labeen artean klase borroka dago, baina tabernetako mikrouhin labeei ez diete sindikatzeko eskubidea aitortu nahi.

Mikrouhin labe batek begietara begiratzen badizu atzeraka oinez atera behar zara sukaldetik inoiz bizkarrik eman gabe.

Mikrouhin labe guztiek eliza usaina hartzen diete Jose Mari Pastorren larunbatetako entziklikei.

Mikrouhin labe bati hitz egiten dio Josu Erkorekak goizeko hiruretan esnea berotzen duenean, Alberto Beltrán ametsetan agertzen zaiolako.

Mikrouhin labeak maitemintzen dira indukzio plakez.

Mikrouhin labeek Nietzsche irakurtzen dute eta etengabeko itzuleraren jarraitzaile sutsuak dira.

Mikrouhin labe baten kristalezko diskoa jaurtiko balu Gisela Mauermaierrek aise gaindituko lituzke 48 metro eta 31 zentimetroak Berlinen 1936ko uztailaren 11n.

Berdin die mikrouhin labeei euskara batu eta euskalkien arteko eztabaidak.

Buruan zilar papera jartzen baduzu mikrouhin labe baten alboan egonagatik zure seme-alabak lotsaturik joango dira ikastolara.

Mikrouhin labeetan denboraren hondar aleak lurrera irristatzen dira.

Mikrouhin labeetan berotutako jakiei esker badakigu zer den azala bero eta bihotza izoztuta edukitzea.

Blog honetan datozen asteetan mikrouhin labeen arriskuei buruz jardungo dugu. Bizitzan, behin bada ere, denok egin dezakegulako topo mikrouhin labe batekin.