Paraiso margoa 2000. urtean ikusi nuen, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak Vicente Ameztoiri eskainiriko erakusketan. Ameztoiren tximinoak begiratu egin zidan, zer egiten dut nik hemen? esaten bezala. Emazteak iradoki zidanez, tximuak berak ere ez zuen sinesten paradisu hartan.
Adan eta Ebaren azken jokaldia telebistan. Pantailan, azken segundua dela adierazten zuen erloju batek: 06:59. Izan ere, Danteren arabera, Adan eta Eba soilik zazpi minutuz bizi izan ziren paradisuan.
Telebista pantaila erraldoiak marka zuen: KIXMITRON.
Hala gogoratzen dut nik margoa, baina, beharbada, haluzinazio bat izan zen. Irudia blog honetara ekartzeko, Eliztarrak-Mundutarrak. Erremelluriko sainduak, paradisua eta beste lan batzuk liburua bilatu nuen, Artelekuk, KMk eta Gizpuzkoako Foru Aldundiak 2000. urtean argitaraturikoa.
Han zen Paraiso margoa, bildumaren bitxia gisa, bildu eta zabaltzen den orri bikoitz batean.
Harriturik ikusi nuen paradisuko telebista pantailan Adan eta Ebaren irudia agertzen dela, baina ez, ordea, KIXMITRON hitza.
Ustekabea
Zer gertatu da?
Beste gauza bat ere falta da irudian: 06:59 ordua markatzen duen erlojua, azken segundoan gaudela adierazten duten zenbakiak.
*Oso koadro handia da, ñabarduraz, matiz txikiz betea. Nahiago nuke osatzen lanean jarraitzea. Ez dut amaitutzat ematen*, esan zuen Ameztoik hil aurretik telebistan eginiko elkarrizketa batean. Litekeena da, beraz, liburuko argazkia margoa bukatu aurretik egin izana, Ameztoik bere lanari azken ukitua eman aurretik.
Azken ukitua, azken keinua.
Gorbataz jantzitako Kixmi —kristo-tximinoak— paganismoaren ustezko paradisuaren akabera ekarri zuela esan nahi izan zuen Ameztoik? Margolariaren hil aurretiko azken zertzelada izan zen. Bere azken segundoa.
2001eko azaroaren 4an hil zen Vicente Ameztoi, 55 urte zituela. Hura ondo ezagutu zuen pertsona batengana jo dut, zintzilik geldituriko galderak argitze aldera. Izan ere, Paraiso margoak zazpi urtean izan zuen bilakaera gertutik jarraitu zuen Santi Eraso Arteleku arte garaikiderako zentroko zuzendariak. Erantzuna jasotzeko irrikitan nago.
Great Blog. Thank you… seo company