KIXMITRON

erremelluri

Margolariak bazekien bere azken uneak zirela tximino hura paradisuan margotu zuenean. Giltzurrunetako mina areagotzen ari zitzaion. Heriotzak baino, margo hura bukatu gabe uzteko aukerak eragiten zion beldurra.

Zazpi urte zeramatzan mahastien artean abandonaturiko baseliza hartan, bere azken irudiak margotzen. Inguruko ardogile aberats batek enkargatu zion santu sail baten erretratuak egitea, tartean San Bixenterena, mahastizainen zaindaria. Margolariak agnostikotzat zuen bere burua, baina onartu zuen enkargua. Azken finean, berak ere Vicente zuen izena.

Baldintza bat jarri zion artistak ardogileari: santuen aldean, paradisu
bat margotuko zuen. Aukera paregabea zen. Izan ere, paradisua margotzea
irudigile guztien betebehar sakratuena da. Edo?

erremelluriparadisu

Zaintzapeko paradisua

Plazer ororen lorategia margotzeari ekin zion. Larre berdetan ziren oreinak, jirafak, zezenak, lehoiak, zebrak eta adarbakoitz bat. Harmonia ederrean, Jehovaren Lekukoen aldizkarietako ilustrazioetan bezala. Ez horren kitsch, ordea. Jainkoaren begia dago ortzian segurtasun kamera bezala. Aingeruak patruilan dabiltza. Zaintzapeko paradisua da.

ameztoi 012

Tximinoa margotu zuen. Trajez jantzita dago, harri baten gainean. Lekuz
kanpo dago, eskuekin zer egin ez dakiela, aspertuta. Ez dago gurutzerik
paradisuan. Oraindik ez behintzat.

ameztoi 011

Izan ere, laster galduko da paradisua. Telebista pantaila erraldoia dago mendiaren horman. Adan eta Ebaren transgresioa ematen ari dira zuzenean. Azken segundua da.

kixmitron

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude