Altximia

Fludd1

Zerikusirik al dute tximinoek alkimiarekin? Galdera hori egin nuen aurreneko mezuan, Jodorowskyren Mendi Sakratua filman agertzen den tximua gogoan. Robert Fludd pizkundeko alkimista aipatu nuen, adibide gisa, tximinoa eta alkimia sorreratik lotuta daudela baieztatzeko. Are gehiago, tximinoa dago zientzia guztien atzean.

Alkimia naturae simia zen Robert Fluddentzat, hau da, naturaren tximinoa edo imitatzailea. Fludd XVI eta XVII mendeen artean bizi izan zen eta sendagile, astrologo eta mistikoa zen, pizkundeko alkimisten adibidea. Alkimia ezagupen sistema osoa zen eta kimikaz gain, metalgintza, medikuntza, filosofia, semiotika, mistizismoa eta beste hainbat praktika biltzen zituen. Mesopotamian eta Egipton praktikatu zuten, baita antzinako Txinan ere (Taoistek hilezkortasuna lortu nahi zuten horren bidez). Europan modan jarri zen berriz, Pizkundean.

Jainkoaren Tximua / Naturaren Tximua

Pizkundeko pentsamolde aldaketa nabari da Jainkoaren tximino esamoldearen garapenean. Platonek artistak gaitzetsi zituen, gizakiak formekin engainatzen eta idealetik urruntzen dituztela argudiatuta. Eliza kristauaren sortzaileek haren ideia hartu zuten eta “egiazko” elizaren ondoan “gezurrezko simulakroak” asmatzen zituzten herexeak gaitzesteko erabiltzen zuten esamoldea, giza-harrokeriaren salaketa gisa. Jainkoaren tximino kategorian sartzen ziren artistak ere, batez ere, margolariak eta eskultoreak. Musikariak onargarriagoa ziren, berriz, musika abstraktuagoa delako. Erdi Aroan, Jainkoaren tximino esamoldea erabiltzen zen deabruaren sinonimo gisa.

Robert Fludd (1574-1637)


Pizkundean, ordea, aldatzen hasi zen ikusmoldea. Arteak eta zientziak deabruaren atzaparretatik askatu ziren eta bekatu zein harrokeria izateari uzti zioten. H. W. Janson artearen historialariaren arabera, Boccacciok sortu zuen ars simia naturaeartea naturaren tximino– kontzeptua, zentzu positiboan, ez artea(k) gaitzesteko, baizik eta goratzeko. Genealogia Deorum Gentilium liburuan Boccaciok iradokitzen duenez, natura imitatzen duenean, artista idealera hurbiltzen saiatzen ari da, kristauak, imitazionearen bidez, “Jesu kristoren tximinoak” izaten saiatzen diren bezala.

Hor ulertu behar dugu Fludd alkimistaren tximinoa. Alkimian eta okultismoan inon baino hobeto islatzen da ars simia naturae ideia. Utriusque Cosmi Historia lan entziklopedikoaren lehen bi liburukiak soilik argitaratu zituen Fluddek, horietako lehena 1617. urtean. Dena den, liburu horretan egitasmo osoaren planoa eman zuen alkimistak irudi honen bitartez:

Fludd-ezhandia


Integrae Naturae speculum Artisque imago
(Natura osoaren ispilua eta artearen irudia) grabatuan (Jansonen ustez, Matthaeus Merianek egina), Gizakiaren, Naturaren eta Zeruaren alorrak irudikatu zituen Fluddek, zirkuluen bidez. Lurraren gainean, tximino batek esfera bat neurtzen du konpas baten bidez. Kate batez dago lotuta, eta katearen beste aldean emakume bat dago, biluzik. Emakumea ere kateaturik dago, hodei batetik ateratzen den esku bati lotuta. Hodeian Yaveh dago idatzita.

Jansonen arabera, hodeia Jainkoa da, emakumea Natura eta tximinoa “artea”, hau da, gizakien ezagutza mota oro. Zirkulurik barnekoena alkimia da: Ars naturam corrigens in regno minerali (Arteak natura zuzentzen du mineralen alorrean) leloa du idatzita. Hurrengoa nekazaritza da (Arteak naturari laguntzen dio landareen alorrean) eta, hirugarrena, abeltzantza.

Gizakiaren eginkizuna natura “zuzentzea” da. Ideia erabat modernoa da hori. Egun ere, sekulako indarra du (ingeniaritza genetikoa, horretan argiena).

fludd-tximino

Ars simia naturae ideiak azaltzen al du erabat Fludden tximinoa?

Bada gehiago hor, nire ustez. Jansonek berak ohartarazten du: tximinoa kateaturik duen emakumea marrazteko orduan, Isis jainkosa hartu zuten eredu, hau da, Ilargi Jainkosa Nagusia, emetasunaren sinboloa (adi aluaren gainean duen ilargiari). Gizontasuna tximinoa da, beraz, eta katetik lotuta du jainkosak.

Egiptoko eragina ote dagoen hor galdetzen dio Jansonek bere buruari. Cynocephaloak -babuinoak- Egipton ilargiaren gurtzarekin zuen lotura aipatzen du. Egiptoko artelanetan eta Pizkundean haien ereduari jarraiki eginiko piezetan, askotan agertzen da babuinoa, otoitz egiten bezala eta, askotan, itifaliko (zakila tente duela). Fludden tximinoa ere tradizio horren bidez ulertu behar izatea litekeena dela dio historialariak.

babuino

Babuino itifalikoa, 1470. urteko Florentziako grabatu batetik

Harrigarria iruditzen zait Janson haratago ez joatea norabide horretan. Izan ere, tradizioaren arabera,Thot Egiptoko jainkoak sortu zuen alkimia (idazkera eta beste arterekin batera) eta, Thot, babuino itxurarekin irudikatzen zuten askotan. Hermes Trismegistos bihurtu zuten gero eta haren liburuek –Hermetica– eragin handia izan zuten Erdi Aroko eta Pizkundeko alkimian.

Fludden tximinoa gizaki modernoa da, beraz. Deabru harrosko izatetik, artista izatera pasatakoa, jainkoaren tximino izatetik, naturaren tximinoa izatera. Gure mantal zuriko zientzialaria ere tximu hura da. Mundua neurtzen, kalkulatzen, disekzionatzen, jarraitzen du; urtegiak eraikitzen, mendiak zulatzen eta berdintzen, “natura zuzentzeko”.

2 thoughts on “Altximia

  1. Erudizio handiko posta. Bapatekoan atzo Surrealisten erakusketa ikusi ondoren zera bururatzen zaidan, gaur egun surrealistak, existituko balira, Mekanika Kuantikoarekin ibiliko zirela . Bere garaian Dalik eta gainontzeko guztiek “optikarekin” jolastu zuten moduan. Arazoa beharbada, zihurgabetasunaren legeak jarraitzen duela eta hori ezin da saldu.Tximino kuantikoa izan daiteke etorkizuna.

  2. Eskerrik asko baina erudizioa ez da nirea, Jansonena baizik. Dena den, nire ekarpentxoa zirriborratu dut amaieran. Schrödingerren katuaren paradoxak mundu paraleloen ideia piztu zuen artean eta literaturan (Philip K. Dick idazlearengan, besteak beste). Mundu posible bakarraren tiraniaz (eta segurtasunaz) libratu gintuen. Heisenbergek eta fisika kuantikoaren Copenhagenko Interpretazioa delakoak ziurgabetasunaren printzipioa ekarri zuen: ez dago objetibotasunik (maila azpiatomikoan, behintzat), behaketak behaturikoa aldatzen duelako. Fisikarik aurreratuenak unibertsoa deskribatzen du eta deskripzio horretan agertzen den mundua eta antzinako alkimista eta magoen mundu-ikuskera izugarri antzekoak dira.

    Olio horretan frijitu zen posmodernotasuna: zihurgabetasuna, munduen aniztasuna… Zeinua da, azken finean, zalantzan dagoena, zeinuaren balio denotatiboa, Zygmunt Baumanek esango lukeen bezala:

    “Objektu edo gertaera bat kategoria batean baino gehiagotan sailkatu ahal izatea da anbibalentzia. Lengoiaren zehaztasunaren nahasmendua da, lengoaiak izan beharko lukeen funtzio denotatiboaren porrota. Sintoma nagusia?: sentitzen dugun ezinegon sakona egoera bat zuzen interpretatu ezin dugunean edo ekintzen artean zuzena aukeratu ezin dugunean”.

    Modernitatea eta anbibalentzia
    (1991)

    Modernitatearen asmo nagusia munduaren anbiguotasuna ezabatzea izan zen (besteak beste, nazio estatuen eskemetan sartzen ez ziren herriak eta hizkuntzak). Ez ziren konturatu zeinua berez dela anbiguoa. Anbibalentzia ez da lengoiaren edo diskurtsoaren akatsa. Haatik, lengoaiaren praktikan uneoro sortzen den gauza: “Anbibalentzia lengoaiaren alter-egoa da, haren betiko laguna, haren berezko egoera” (Bauman).

    Horregatik dut horren gustoko Thot Egiptoko jainkoa eta horregatik nahi nuke proposatu simiotika etorkizunerako zientzia gisa. Lengoaiaren (logos-aren) sortzailea, zeinuaren asmatzailea, zientzia guztien aita tximino bat izatea ironiaren gailurra iruditzen zait.

    3.000 bat urte kostatu zaigu konturatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude