Mi nombre es X

Tontoarena egitea taktika ona da boterearen aurrean. Soldaduskara joan aurretiko osasun azterketara deitu zuten Imanol eibartarra 1980ko hamarkadako egun batean. Beste milaka gaztek bezala, Burgosera joan behar izan zuen Imanolek. Eibartarrak plan bat zuen, ordea.

  • Nombre?, galdetu zion aztertzaile militarreko bat. Hiru zeuden epaimahaian, uniformea eta guzti. Ez dakit horietakoren bat sendagilea izango ote zen.

Imanol isilik egon zen hainbat segundo luzez. Azkenean hitz egin zien militarrei:

Astebete izan zuten Imanol erietxe batean, junkiez inguratuta. Gero etxera bidali zuten trenez, bi militarrek zainduta, “Inutil total” zioen agiri bat poltsikoan.

  • Mi nombre es X.
  • Aizak Imanol!, esaten zioten lagunek Eibarren, Mi nombre es X hori oso ona dok. Nondik atera dok hik halakorik?

Eta Imanolek honakoa erantzuten zuen:

  • Komik batean irakurri naban.

Veronese (goiko irudian bere autoerretratua) margolariak halako taktika erabili zuen 1573ko uztailaren 8an, Venezian, Inkisizioaren aurrean. Larriagoa zen veroneseren egoera, zalantzarik gabe. Deliturik larriena leporatu zion Inkisizioak: heresia. San Giovanni e Paolo komenturako Azken Afaria margoa zen arrazoia.

  • Egokia iruditzen al zaizu , galdetu zion inkisidoreak, Jesukristo gure jaunaren azken afarian bufoiak, mozkorrak, alemaniarrak, ipotxak eta halako tontakeriak margotzea?, galdetu zion inkisidore buruak.

XVI. mendean gaude. Alemaniarrak eta beste asko Erromaren aurka matxinatu eta protestante bihurtu ziren. Inkisizioak kontra-erreformako errepresioa abiatu zuen. Milaka herese eta “sorgin:http://euskalherria.indymedia.org/eu/2004/05/14741.shtml torturatu eta erre zituzten Europa osoan. Paolo Caliari (Veronese ezizenez) dardara batean dago inkisidoreen aurrean.

  • Nirea ez da pentsatzeko artea. Nire artea alaia da eta Jainkoa argi eta koloreen bidez goratzen du, erantzuten du margolariak.

Inkisidoreei esaten dienez, figurak apaingarri gisa margotu ditu, eta Maria Magdalenaren ordez zakur bat jarri du, hobeto geldituko zela pentsatu zuelako.

  • Ba al dakizu, esan zuen inkisidoreak, Alemanian eta heresiak kutsaturiko beste lekuetan ohitura dutela margoak halako astakeriekin betetzeko, Eliza Katoliko santuaz barre egiteko edo iraintzeko, jende ezjakin eta zoroari euren dotrina gaiztoak irakasteko?

Apal-apal dago margolaria, inkisidore beldurgarrien aurrean. Esaten duenez, irudia egiterakoan ez zuen pentsatu ere egin Elizako doktoreek horren argi azaldutako nabardura horietaz.

Inkisizioaren jauregitik ateratzen denean, lagunak ditu zain. Aske utzi dutela esaten die margolariak, sinestu ezinik. Zakurra ezabatzeko agindu diote inkisidoreek, eta haren ordez Maria Magdalena margotzeko. Horrez gain, soldadu alemaniarrak eta beste “zozokeriak” kendu beharko ditu. Hiru hilabeteko epea eman diote aldaketak egiteko.

Veronese ez zen txatxua, inondik ere. Ez zuen margoa ikutu ere egin. Horren ordez, izenburua aldatu zion. “Azken afaria” beharrean, “Jaia Leviren etxean” jarri zion. Testamentu Berriko pasarte horren arabera, bekatariekin jan zuen Jesu Kristok, eta Maria Magdalena ez zegoen gonbidatuen artean.

Tximinoaren inguruan galdetu ote zioten inkisidoreek Veroneseri? Kronikagileek ez dute gaia aipatzen. Litekeena da Eliza katolikoko epaileek simioa ikusi ere ez izana. Ez litzateke harritzekoa, kontuan hartuta gure lehiaketa estupidoan zenbat kostatu zaion jendeari tximua ikustea.

Eta tximinoa?

Izan ere, oso era berezian margotu zuen Veronesek simioa. Margoan eskortzoan agertzen den pertsonaia bakarra da. Ifrentzua ikusten dugu. Jesukristori begira dago, besoak irekita, gurutzean bezala.

Aurrerantzean dena hipotesiak dira. Tximinoa ezkutatu nahi izan zuen Veronesek? Margoa pertsonaia bitxiz bete zuen, anabasa izugarrian, Inkisizioa nahasteko?

Pause sakatuko dut, honek Da Vinci Coderen antza gehiago hartu baino lehen.

“Azken afaria tximinorekin”, halako izenburua beharko luke margoak. Udaberrian ekarri nuen blog honetara Marilyn Mansonek antzeko ideiarekin eginiko bideo-kliparen irudi hau.

Zerk salbatu zuen Veronese? Elizaren eta Veneziako hiriko Senatuaren arteko botere lehia izugarria zegoen garai hartan. Ahalmen mugatua zuen Inkisizioak hirian, eta ez zen ausartu Europako beste lekuetan bezain gogor jokatzen.

Horrek salbatu zuen Veronese. Horrek eta inozoaren hitz magikoek:

  • Mi nombre es X.

2 erantzun “Mi nombre es X” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude