San Buda eguna da gaur

XI. mendetik bolo-bolo ibili da Europa osoan Josafat izeneko pertsonaia baten historia. Errege baten semea zen Josafat. Pribilegio guztiak izan zituen txikitatik baina botere eta aberastasun orori uko egin zien, itsu batekin, legenarrak jotako gizon batekin, agure batekin eta asketa batekin topo egin ondoren.

Bitxia ematen badu ere, Eliza Katolikoak mendeak eta mendeak daramatza Budari eskainiriko eguna ospatzen. Gaur da egun hori, azaroaren 27a, San Josafat .

Bistan denez, historiak sekulako antza du Budaren gaztaroaren bizitzaren inguruko kondairarekin. Kristau txobinistek argudiatzen dutenez, Asiako herriek Mendebaldeko Josafaten historian oinarritu ziren, “Buda asmatzeko”. XIX. Eta XX. Mendean Europako unibertsitateetan ekialdeko hizkuntzen ezagutza zabaldu zenean, kondairarekin gertaturikoa argitu zuten filologoek.

Bodhisattvaren (Buda) bizitzaren sanskritoz idatzitako bertsio bat itzuli zuten manikeoek Pertsiako hizkuntzara, Kristoren aroaren hasieran. Bodhisattva (iratzarri dena, sanskritoz) Bodisav bihurtu zen. Gero arabierara itzuli zuten farsierazko bertsio hori, VIII. mendea aldera, eta Bodisav hori Budasav edo Judasav bilakatu zen. Georgierara itzuli zuten IX. mendean, eta printzeak Iodasaph izena hartu zuen. Orduan sartu zizkioten kondairari elementu kristauak: Indiako printzeak kristautasuna hartu zuen erlijiotzat Barlaam ermitauak konbentzituta. Bertsio hau grezierara itzuli zuen Eutimio Hagioritak X. mendean eta Joasap izena eman zion pertsonaia nagusiari. Latinera itzuli zutenean, hurrengo mendean, Josafat izena hartu zuen Indiako printzeak.

Jakobo Voraginekoak Urrezko Legenda liburuan jaso zuen kondaira, eta sekulako ospea hartu zuen Barlaam eta Josafaten erromantzeak Erdi Aroan. Arrakasta ikusita, santuen lehen zerrenda ofizialean sartu zuen Eliza katolikoak Josafat 1583. urtean. Harez geroztik, azaroak 27 dituenean, San Buda ospatzen dute kristauek urtero.

Eta zergatik kontatzen dut bitxikeria hau blog honetan?

Antzinako garaietan ideiak nola zirkulatzen zuten argi erakusten duelako adibideak.

Autopista beretik heldu ote zen Hanuman, Indiako tximu-jainkoa, Jesu Kristo izatera? Horregatik esaten zioten euskal paganoek Kixmi Jesu Kristori?

Galderak, galderak!

Kandelak piztu dizkiot Budari, bide honetan argi nazala.

Bide batez, zorionak Buda edo Josafat izena duzuen guztioi.

Erantzun bat “San Buda eguna da gaur” bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude