“Gatazka”-ri buruzko saioa izan zuten atzo La Sextako Salvados programan. Bertan, besteak beste, Egiguren (PSE), Otamendi (Berria), Landaburu (Aldaketa 16), Basagoiti (PP) eta Murua (Loiolako hegiak liburuaren egilea) entzun genituen.
Programa interesgarria izan zen.
Osatu bakoa baina!
El Terrat-ek ekoitzi eta Jordi Évolek aurkezten duen programak, atzoko edizioan (2010/XI/7) ETA eta gobernuaren arteko negoziazioaz, borroka armatuaz eta elkarbizitzaz aritu zen.
Sustatun irakurri nuenez gaia hori izango zela, domeka gaua izanik ere, telebistaren aurrean jarri eta bertan mantendu nintzen programa amaitu zen arte.
Gustatu zitzaizkidan gauzak:
– aurkezpen gisa Jordik berak egiten dituen sarrerak, ahots faltsotua eta guzti. Gain-antzeztutako ahotsa oso espektakulu mundukoa iruditzen zait. Xalaua.
– Martxelo Otamendi eta Gorka Landaburu mahai baten bueltan, ardautxo bat edaten ari ziren bitartean.
– Antonio Basagoitiren patxada. Gizon honek titularrak bilatzen ez dituenean entzuteko modukoa dirudi. Hori bai, “okurrente” jartzen denean, faltoia, bargasta eta gezurti ez esatearren…kontrolatuko duenik ba al dago.
– Egigurenek harritu egin ninduen, onartu beharra daukat. Garbi berba egiten du. Badirudi alde guztietatik egurra jaso eta orain gauzak ikusten dituen bezala esaten dituela. Lagunak egin gurarik ez duena, bereari eusten diona. Sinistu nuen esan zituenak egia zirela. Egongo ziren, hala ere, esan barik utzi zituen kontu asko. Arerio eta etsaia bereizteari buruz asko daki PSEko agintariak.
Fisikoki baina arraro ikusi nuen, egokera, begirakuna, ixiluneak, jazkera…kosta egiten zait hitz bat aurkitzea, baina iruditu zitzaidan “outsider” bat.
– Arakaldoko (non demontres dago herri hori?) Herriko Tabernan eginiko talde-elkarrizketa ere arraro xamarra izan zen. Pertsonajeak, galderak, tonua…
Faltan bota nituenak:
– PNVko eta Ezker Abertzaleko ordezkariak ez agertzea programan. Zergatiak ez dakizkit. Agian “Autodenominado”-k (a.k.a. Iñiko Urkullu) ez zuen umorerik edukiko horrelako programa batean parte hartzeko. Badirudi bera testuinguru “serioagoetan” sentitzen dela erosoago.
Eta JJ Imaz dagoeneko ez dago eszenario politikoan.
Ezker Abertzalekoen falta nabaria zen (ez zituen txikiteoan eta etenik gabe erretzen ari ziren Arakaldoko haiek funtzio horretan jarriko, ezta?). Eta zalantza barik, Otegi zen Salvadoserako aproposena (hitz joku polita bere askatasuna eskatuz martxan dagoen kanpainararen giroan!). Okurrentzia, freskotasuna eta telegenia handia du Elgoibarrekoak.
Haren faltan, nor eraman Rufi ala Dañobeitia? Azkena ez dut ezagutzen, baina Rufi ez dut ikusten jiji-jaja eta azalekerietan eta bapatekotasunean oinarritutako programa batean.
Hori bai, ondorioa ezinda izan inor ez eramatea. Hor kale handia egin zuen programak
– Amaiera borobildu gabea ikusi nuen. Halako batean amaitu egin zen eta listo…
Esandakoa, gustura ikusi nuen. Umoreak gauzak errazten ditu, bideak goxotu.