Etiketaren artxiboa: sanz

Digitala

Nafarroan “a dedo” erabaki izan dira beti irrati- eta telebista-lizentziak, telebista lokalen emisio-eremuak eta hedabideei emaniko diru-laguntzak. Han eta beste toki  guztietan ere, esango du baten batek. Eta hala da. Baina, Nafarroan gainera, bertako agintariak ez dira asko nekatzen legalkerietan eta itxurak gorde beharretan (gogoan izan Euskal  Herria Irratia). Kia.

Tokiko telebisten mapa egin zutenean ageri-agerian zegoen  ez zutela inongo asmorik gertukoak izan zitezen. Kanal partehartzaileak, zerbitzu publikoan oinarrituak, euskararen biziraupenerako baliagarriak eta lekuan-lekuko ikus-entzunezko industria suspertzeko asmoak ameskeriak ziren.

Tokiko kanal digitalen lehiaketa egin eta geroko emaitzetan ikusi zen zenbateraino zen gaiztoa bertako gobernukoen jarrera.

Ahalegin itzelak egin zituzten Ttipi-Ttapa bezalakoek gauzak alda zitezen eta eremu euskaldunetan behintzat hizkuntza horretako kanalen bat egon zedin. Alperrik. Argudiorik gabe, erantzuna beti ezetza izan zen.
Ttipi-Ttapa ixtea ondorio  “jakina” zen eta askok pena sentitzen duten bezala, niri ezinegona eragiten dit.
Sanzek  eta berarena bezalako jarrera nepotikoek badakite digitalizazioaren aitzakian egin duten “garbiketa” zenbateraino zaigun mingarri.

Izan ere, ondo baino hobeto dakite, zalantza izpirik gabe, ze jende ona egon den (eta dagoen) hor lanean. Nik miresten ditut.

Abortion is killing

Opus Deiren kanpaina baten spota zela pentsatu nuen, lehen aldiz entzun nuenean.
“Live is life” gainera abortoaren kontrako eslogan egokia iruditu zitzaidan, non eta Nafarroan, noiz eta Osasunbidean “kontzientzia” eragozpena onartzen zaienean medikuei bezeroen eskubideak errespetatzen ez diren bitartan eta zeinek eta Sanzen gobernuak emakumeei EAEra ala Errioxara “enbarazuez” libratzeko “bidaia” ordaintzen dienean, inongo traba moralik gabe.

Benetan, jainkoa testigu, Opusen obra zela pentsatu nuela!

Baina ez, “Life is live” Gaztearen promozio kanpainaren barruko ekitaldia da. Azaroaren 17an, Bilboko  La Alhondigan grabatzekoak ei  diren promorako deia.

Eta Opus Deik ez duenez zerikusirik izan kantaren aukeraketan, nori otu zitzaion Opus musika talde plasta horren kanta topiko, metxeroa-piztu-eta-denok-batera-besoak-astindu eta  ñoñoa aukeratzea Gaztearen webguneari bultzada emateko?

La if is la if!