Etiketaren artxiboa: prentsa-arrosa

Prentsa-arrosaren ajeak

Telebista kanaletan horrenbeste ugaritu diren txutxumutxuei, “famatuen”
gorabeherei, “bihotzeko” kontuei eta kalenturei edota espektakuloei buruzko
programak oso interesgarriak suertatzen dira gure artean hedabideen eta
boterearen arteko harremanak nolakoak 
diren erakusteko.

Bi horiek, boterea, letra larriz, eta 
botere mediatikoa gauza bera direla uste dutenak ere ez dira gutxi.

Bakarra ala bata bestearen adar bat izanik, prentsa-arrosa generoko
programek boterea eta gizabanakoaren arteko erlazioa nolakoa “behar duen izan” markatzen
dute, argiro. Esaterako, eta beste askoren artean, intimitatea eta norberaren
irudiaren eskubidea nola jorratzen dira oso gai mamitsuak iruditzen zaizkit.

Botere politikoak mugatua du gizabanakoen “etxe barruko” eremuan sartzea,
esparru hori arautzeko tradizioa dago eta, orokorrean, jendeak ez  du eragin nahi zaion kontrol mota hori erraz
onartu gura izaten. Beraz, zuzenean egin ezin dena, zeharka egiteari ekin beharko.
Helburu horrekin, medioek famatuak (aldez aurretik hedabideetan agertzeko
adinako ospea eskuratua zutenak ala aldizkari eta pantailetan ikusi ditugulako ezagunak
zaizkigunak) erabiltzen dituzte kontrol sozial hori legitimatzeko. Intimitatearen
kolonizazio lanean, prentsa-arrosa programetan agertzen diren famatu horiek
zikiratu egiten dituzte. Lehenengo, haiei egindakoak, telebista-audientzia
ikaragarriena lekukotza eta 
onarpenarekin, gainontzekoei aplikatzeko bidea erraztu egiten da. Emaitzak
dagoeneko guztiongan ikus daitezke: norberaren irudiari legez gorde behar zaion
errespetua erabat bortxatua dago, eremu pribatua inbaditua izan da (irudiak eta
elkarrizketak grabatuz), frogarik gabeko salaketak irrati-telebistaz aireratua
izaten dira eta “alarma soziala” etiketapean edozein  motatako errepresiboa zabaldu egin da.

Zenbat kontu-korronte, mediku-txosten edota idatzi pribatu ikusi ditugu
horretarako baimenik ez duten telebista kanaletan eta argitalpenetan?. Eta, esan
bezala, “famatuak” diren horien eskubideak urratzen diren neurri berean, gureak
pikutara doaz, poliki-poliki.

Hedabideek, eta bereziki telebistek, “onargarria” denaren eta ez denaren arteko
aldea zein den esaten laguntzen dute. Eta, honez gero, mila aldiz ikusi
ditugunean “famatu naskante” modura sailkatzen ditugun horien inguruan egiten diren
epaiketa mediatikoak nola bada saiatu zuri ala niri buruzko aipamenetan polizien
eta jujeen informazio itukinei, frogarik gabeko salaketei eta irainei eta
makro-talde mediatikoen jazarpenei mugak jartzen.