Etiketaren artxiboa: pirritx

9-10

Bederatzi urteko (laister, 56 egun barru, hamar, berak zehaztuko lukeen modura, urtebetetzearen desioz) seme bat edukiko ez banu, zapatu gauero ez nukeen Ordu Txikitan ikusiko.
Baina, hala balitz, akaso galdu egingo nituzkeen azken bi saioak.

Aipatuko ditudanetatik lehenean, Pirritx eta Porrotx egon ziren. Beno, zintzo jokatuta, hasieran pailazo lanetan aritzen diren bi pertsonak agertu ziren, baina nik ez dut ez zertaz aritu ziren ezta beraien izenak gogoratzen ere. Izan ere, programa berez,  Pirritx eta Porrotx bilakatu  zirenean hasi  zen.

Eta ze ondo egon  ziren biak. Zein gertukoak diren.

Ikustekoak ziren, baita ere, askotan tolosarrak (todo-lo-saben) diruditen gradatako 6-7 umeen aurpegiak, eta galderak egiteko moduak, eta nola miresten zituzten eta nola sartzen ziren beraien hitz joko eta keinukera mezuetan.

Oso programa atsegina izan zen.

Gainera, harrigarria zen konprobatzea zenbateraino ziren ezagunak bideoetan agertzen diren ume  zein heldu inkestatuen artean ere.

Pirritx eta Porrotx onak dira, demontres.

Baina, ni ukitu eta malkoen ertzera eraman ninduen pasartea, minbizia duten umeak bisitatzera joaten direneko kontakizuna izan zen.

Ospitalera poza eman nahian joaten direla kontatu zuen Pirritxek eta hara eramandakoa baino gehiago ekartzen dutela bueltan azpimarratu zuen. Behin, hala segitu zuen Porrotxek, ilun puntuan zegoen ospitaleko gela batera sartu ziren eta han, erdi-erdian, bi izar handi eta ilargi betea aurkitu zituzten. Begiak disdiratsu, zabal-zabalak zeuzkan neska bat ezagutu zuten, aurpegia zurbil, ilerik ez buruan eta bere hutsunean gela betetzen zuena. Pailazo bikoteak bizipoza  eta maitasunez beteriko ume bat aurkitu zuten,  hartzeko beste emateko zeukana.

Halako batean, kontakizuna amaituta zegoelakoan, Mikel Elizegi aurkezleak, gonbidatu bat zeukatela iragarri zuen. Albo batetik, orduko umea neska bihurtuta  agertu zen.

Elkarri eman zioten besarkadak ez zuen preziorik izan.

Pantailaren bestaldean geundenok, momentu batez arnasaren beharrik ez  genuen sentitu. Hunkigarria.

Goaz esan ditudan bi saioetatik bigarrena aipatzera.

Hurrengo astean, nire sorpresarako, eta inoiz Crudela Devil gisa plantatzen den Idoia Zenarruzabeitia,  halako giroan zein ondo moldatu zen ikusteko aukera izan genuen.

#

Urduri zegoela zioen, eta irribarreak hala adierazten zuen. Baina gero, programak aurrera egiten zuen  neurrian, lasaitasunak barruko irribarrea ateratzera  lagundu zion eta han ibili zen lehendakari-ordea inoiz ikusi ez diodan gertutasuna agerian  utziz. Irudi kanpaina askok baino gehiagorako balio izan zioen Ordu Txikitaneko agerraldiak.