Lanegunero, hala suertatzen bada, “OT: El Casting” (Tele 5; 21:20-22:00) ikusten dut, hor, afalorduan nonbait. Eta aitortu beharra daukat musika-saio duen partetik baino jendearen izakerak eta erreakzioak erakusteko balio duen neurrian gustatzen zaidala.
Poza eta tristura, maila berean, azalekoenean, nola ageri diren erakusten du saioak.
Kameraren aurrean (guk parez pare edukitzeko moduan eta gu epaimahiaren puntuan/lerroan jarriz) ageri dira OT Akademian sartu nahi dutenak eta kantuan jartzen dira. Horraino normal, ondoen egiten duenak aurrera egiten du sailkapenean. Besteak, gehienak, atzean gelditzen dira, paparrean irabaziaren gometsa zenbakitua jaso barik.
Baina, epaia entzun eta irabazle ala galtzaile ageri direnean (parrezka ala negarretan), beraien bizitzako ametsa zela eta hori zutela helburu bakar modura adierazten dute, denek ezpada bai askok.
Eta hori da oso deigarria egiten zaidana: epe laburreko arrakastaren filosofia nola zabaldu den. Agian gaztetasunaren ordaina da, momentuaren diktadura, baina OT lehiaketan partehartzaile gisa ageri direnek ez dute pentsatzen programa horretaz gain beste ezer dagoenik, bizitzak buelta asko ematen dituela eta kapitulu askoko katea. Momentuan momentukoa, irabazi ala galdu, hala bizi dute.
Orainaren menpe.