Etiketaren artxiboa: izen propioak

Julio Ibarra utzi du ETB

img_nov_17_2005_17_50

Beti esaten diet nire bi ilobei, Paulari eta Migeli, euskaraz, (ergatiboaren) K garrantzi handiko hizkia dela. Bestela, lerro hauen izenburua bezalakoetan, zaila egiten dela jakiten nork utzi duen nor. Julio Ibarra da, zalantza barik, ETBko aurkezlerik ezagunena. Hamar bat urte emanak ditu dagoeneko gaztelerazko kanalaren iluntzeko albistegia aurkezten.

Audientzia datu gogoangarrienak informazio-saio horretan pilatu izan dira. Gainera, nolabaiteko erreferentzia sozial bilakatu da urteen puruz. Bere lanagatik sariak jaso ditu, ekitaldi sozial eta kulturaletan agertu izan da (Bilboko jaiak, Ibilaldia.), goraipamenak eta gutxiespenak jaso izan ditu eta, orokorrean, geure iruditeria kolektiboan lekua irabazia du.

Esandakoak bere egoan nolako eragina izan duen jakiterik ez dut, baina itsua beharko nuke izan famatua dela ez aitortzeko eta gure eremu mediatikoan ikono bat bilakatu dela ahazteko. Aintzinako Vaya semanitakoek ederki imitatzen zuten, hain zuzen ere aurkezpenak, hizkera, jarrera seduktorea, keinukera definituak dituelako, oso. Imitatua denak originaltasuna du jatorrian.

Kopiatuak, eta parodiatuak, diren pertsonaien zerrenda on bat edukitzea audientzia-neurketen emaitza puztuak bezain garrantzitsua dela esatera ausartzen naiz. ETBn ez ditugu hainbeste pertsona pertsonaia mediatikoa izatera saltoa egin dutenak. Julio Ibarra gutxi horietariko bat da.

Hamarkadak

Politikoek, ekonomilariek eta marketinean aritzen direnek erabiltzen duten hizkeran, Julio Ibarra kanalaren aktibo bat da. Handiena akaso.

Bere momentuan, J.M. Calleja Ajuria Eneko giro politiko astun eta itxiararen telebidezko aurpegia izan zen bezala, Ibarrari beste garai bateko aurkezpen-txartela izatea suertatu zaio.

Inor jainkotu gura barik, baina azken urteotako ETBko argazki-bilduman bera agertzen da nagusi. Aurkezle/editore lanetan betetzear dagoen hamarkada honetan eta PPren agintaldiko zurrunbilo politiko zentripetoan, ETBk jokatu izan duen nolabaiteko bertsio desberdinaren eta irekiagoaren papera berak gorpuztu du, gaueroko hitzorduarekin.

Notizien sarrerak pertsonalizatu egiten ditu, askotan forceps batez bezala parafrasiak eginez eta loturarik ez duten gauzak bata bestearen ondoan jarriz. Baina, atsegina egiten da. Egiten duen lana gustukoa duela adierazten duten horietarikoa da. Elkarrizketetan gainera, nolabaiteko jarrera distantea mantentzen du. Ez da alfonbra-galdera egiten duenetarikoa: erantzuleak esan nahi dituenak esateko bidea errazten duenetarikoa. Nahiko gorde izan du kazetariak eduki beharreko ikuspegi kritiko minimo hori.

Horrek ekarri du, PP eta PSOE eragile bateratu eta iritzi bakarrekoak (eta bakarrarazleak) ziren sasoian, Julio Ibarra eta deabrua kuadrila bereko kide gisa agertu izana hainbat egunkari, irrati tertulia eta webguneetan (ikus betela Telebatzoki bezalakoak).

Geltokia

Orain, notizia labur batek zehaztasunerako ematen duen tarte estuaz baliatuz, Julio Ibarra Metrora doala plazaratu da. Eta noski, lerro artean hasi dira zurrumurruak eta esamesak. Batzuk diote alde egiten utzi dutela. Besteek Madrilen burua duten alderdien presioaz nekatuta, ETBK arduradunek aitzakia bat aprobetxatu dutela gainetik kentzeko. Entzuna dut, baita ere, diruz tentagarria baina profesionalki mugatuagoa den lan-eskaintza baten aurrean ez duela ETBren agintariengandik beharrezkoa sentitzen zuen babesa sentitu. Eta, beste askok, horietatik eta beste hainbatetatik zerbait egon daitekeela sinistuta daude.

Nik faltan botako dut. Ados egon ala ez bereekin, erizpide garbiak erakutsi dituelako. Eta, ka, telebistagintza publikoan, gauzak hobetzen joateko etengabeko bidean abiapuntu polita eskaini duelako.

Autoinkulpatu

Askotan entzun/irakurri izan dut Martin Barriuso drogen legalizazioaren alde. Diskurtso hipokresia bakoa, borobila eta aurrerakoia duela uste dut.

Aspaldi honetan, gainera, irrati-telebistako hizketa-mahaietako ohikoa bilakatu da. Ezaguna egin da. Beirarekin gertatzen den bezala ordea, gogorra eta hauskorra, aldi berean.

Lehengo egunean atxilotu egin zuten, informabideek diotenez, berak eta beste batzuk zeukaten marihuana plantazioan bertan.
Sinistuta nago gogoa ziotela (gaztelerakada hutsa izango da, baina, badakizu zertaz ari naizen: “harrapatuko haut” mehatxatzen dutenen estiloa). Argiegia zelako. Izkutukeritan ibiltzen ez direnetakoa delako.

Orain, bera bilakatu da drogen inguruko hipokresia kolektiboaren aitzakia eta hizketagaia. Hori bai, berri-agentziek eta hedabide handiek susmoz, estilo liburu ez-idatzietan ageri diren konnotazio txarrez eta gaitzezpen sozialez beterikoak jaurtiz.

Aipatu dituzte gramoak (kiloak kasu honetan), plantazioa, aspaldi segika zituela polizia-ikertzaileak, trafikatzaile hitza, drogak, harrapatu omen diotenaren merkatu-balioa (pesetetan beti du zero gehiago!!). Zikiratu dute.

Ez dakit noiz itzuliko den mahai katodikoetara eta hertzianoetara (parkatu, telebistara eta irratira) baina faltan botako dut. Beti berarekin ados egon beharra eskatzen ez dutenetakoa dirudi Martin.

Orain, edozertaz hitzegiteko eta bere iritzia modu freskoan eta naturalean ematetik bere kasuaz soilik (“badakizu droga asuntoetan sartuta dago” hitzmakulura kateatua) berba egitera kondenatuko ote dute. Ezetz espero dut. Akaso, hori litzateke atxilotu dutenak gura izango dutena. Inplikatua izatetik isiltasunera zigortzea nahi izango ote dute.

Ardo uzta amaituta dagoen honetan, nola ukatuko diogu inori erre nahi duena landatzeko eskubidea.

Zerbaiterako balio badu, drogen legalizazioaren alde berarekin ados nagoela esan nahi dut. Autoinkulpatzen naiz jendarte hobeago bat merezi dugula amesten dudala esanez.

Maite Artola

Gaur egungo irratigintzan gehien gustatzen zaidan profesionala da.

Esatari ona, kazetari zorrotza eta aurkezle atsegina.

Informazioan zentraturiko magazina da berea. Interesgarria, oso. Gaurkotasunaren zergatietan ibiltzen dena.

Tertuliaren tartea ere gustora entzuten da. Zertaz ari diren dakitenen arteko elkarrizketa moderatzen du Maitek. Horrek ez du kentzen berak zuzentzen duen irrastsaioan (“Mezularia”, Euskadi Irratia, lanegunero, 18:00-20:30) gauzak moztu behar direnean dzast egiten ez duenik. Ezta ere, naturaltasun osoz parre egitea egoerak hartara eramaten duenean. Parre freskoa eta kontagiosoa.

Xabier Lasa

Berrian, astero, egiten duen irratigintzari buruzko zutabea ez dut galtzen. Medioa ezagutzen (gustatu eta gorrotatu, aldi berean) duela ikusten da.

Bere idazkera errazak irakurketa atsegina dakar.

Eta, gainera, asko gustatzen zait busti egiten delako eta bere ustez esan behar direnak esan egiten dituela, lasai, garbi.