Etiketaren artxiboa: iragarkiak

Gaztefilia

Gaztetasuna idolatratua dago gure artean. Eta gainera, edertasun eredu oso estuaren menpekoak gara. Gizon-emakumeen
paperak oso markatuak dira, eremu publikoan eta pribatuan ere. Kontsumitzeko
gai izatea eta askatasuna parekatu egin dira aspaldi honetan. Eta halako
batean, iragarkian bezala, adineko gizon (emakume) horiek agertzen zaizkigu. Erakutsiz
gustura daudela. Beraien gorputzaren jabe. Eroso sentituz. Errebindikatuz
beraien joko-eremua. Etxekoa eta kalekoa. Eta esaten digute zimurren gainetik
pertsona aktiboak eta positiboak direla. Eta, beraienak bezala, aldarrikatzen
dituztela denontzako eskubide berberak.

Iraultzaile beterano horiek borrokan
ari dira zahartzaroari beldurra eta sekula sekulorumerako gaztetasunaz
obsesionatuta daudenen hobe beharrez. Adineko aktibistak dira desberdintasuna
eta gure buruaz gustura egotearen poza errebindikatuz.

Gauzak dexente aldatu beharra
dago oraindik ere adinekoak galtzontzilotan eta kulerotan normaltasunez agertu
arte. Norberaren gorputzetik hasitako askatasuna lortu arte. Horra helduta, ez
da behar izango elektratresna berririk “aire egokitu” ezin hobea disfruta
dezagun guztiok.

 

(Gerontofobia izenpean, Argiarako idatzi nuen artikuluaren azken zatia)

Gerontofobia

Donostiatik Bilborako bidea egin duen El Sol publizitate iberoamerikarraren jaialdi ospetsuan, aurten eman diren sari nagusien artean, Padres en slip dago. Ikusi ez duenak zertaz ari garen jakin dezan:
Saatchy & Saatchy publizitate agentziak eginiko spotean, beroa dela-eta,
etxetik galtzontzilo hutsean ari diren gizonezkoez trufatzen dira. Burua soil
eta tripa dauzkaten gizaki adineko horien gustu falta salatu, eta
familiakoengan eta etxera datozenengan auzo-lotsa eta nolabaiteko nazka
sorrarazten dutela agerian utziz. Zuri-beltzezkoa eta musika klasiko
dramatikoaz apaindutako iragarkian, egoera umiliagarri horretatik libratzeko,
proposatzen zaigu erostea airea egokitzeko elektragailu bat.

Horraino, iragarkiaren deskribapena. Eta, hemendik aurrera, publikoki
onargarriak ala arbuiagarriak diren rolen trataerari buruzko iruzkinak. Eta
nola hedabideetan, generoa, klasea, adina, arraza edota sexua estereotipatzen
diren, eredu itxi eta baztertzaileak erabiliz. Aipagai dugun publizitate pieza
horretan, adina ageri da inposaketarako molde gisa.

Gauzak dexente aldatu beharra dago oraindik
ere adinekoak galtzontzilotan eta kulerotan normaltasunez agertu arte

Heldutasun falta ikaragarria
erakusten duen gizartean, gutxituta dago adineko gizon emakumeen presentzia
publikoa. Ez dira agertzen irizpidedun subjektu aktibo gisa eta are gutxiago
fisikoki erakargarri ala desiratu modura.

 

(Gerontofobia izenpean, Argiarako idatzi nuen artikuluaren lehen zatia)

Sacatan sacatum


Lehenago ere irratian entzun izan dudan
Asier Arrieta ikusten dut orain
Ordu Txikitan saioak publizitateari
eskaintzen dion tartean.
Aberasgarria da iragarkien atze aldean begiratu ahal
izateko klabe
batzuk edukitzea. Eta harritzekoa da, baita ere, telebistako
spotei
umeek noraino erreparatzen dioten ikustea.
Hegaluze marka
batek famatu egin duen singlearen letra ulertezina
behintzat ikasia
dute programa horretan ageri diren ume guztiek. Niri
baino gehiago gustatuko
ei zaie iragarki horretan ageri direnen aurpegi
serioak, ingurune gris eta
inpertsonala eta produktuarekin inongo
loturarik ez duen estetika.

Melodia gainetik kendu ezinean nabilela, beste zerbait etorri
zait
burura. Carod-Rovira Jose Luis deitu zuten haien tankerakoek
ikasia
izango ote dute “sacatan sacatum tan tan que sumunbe que sumunbe
.”
estribilloa? Ala, askotan euskararekin gertatzen den bezala,
nerbioak
galdu eta “en español, en español”, mentalki bada ere, ohiukatzen
hasita
egongo dira honez gero.