Lehengo astean, Goienkarian telebistari dedikaturiko zutabean, Leire Kortabarriak idatzi
zuen “Gabilondo news” artikuluaren aitzakian, albistegien kontura arituko naiz
ni ere. Izan ere, azpimarratu gurako nuke zein interesgarria izaten den notizia
bera albistegi desberdinetan nola
jorratzen duten ikustea. Kanalaren ideologia, beste saioetan baino garbiago
soma daiteke-eta albistegietan. Eta kanalen arteko konparaketa eginez, askoz
errazago. Beno, akaso “euskal arazoa” deitzen duten horren salbuespenarekin,
hor diktadupean aritzen direla dirudi. Gai horretan ez dute ikuspegi,
testuinguru eta bereizketarik egin gura izaten. Bestela, Arrasate Mondragón
bilakatu zen martxoko egun tristeak gogoratu besterik ez dago.
Oraingoan, ordea, ETBko
bi kanalen artean ematen den beste efektu desatsegin bat aipatuko dut: euskarazko
albistegia ikusi duenak, gauza bera irentsi behar izatea ETB2n. Eta, are eta
deigarriagoa egiten da eguerdiko bideo berberak gauera pasatzen dituztenean.
Hor, errepikatua eta moztu/itsatsi betelan hutsaren inpresioa biderkatu egiten
da.
(Probatan: artikulu honen bertsio irakurria)