Etiketaren artxiboa: etb

Busti

Irakasle bati entzun nion behin, inplikazio maila desberdinak daudela. Adibide harrigarri bat erabili zuen esan nahi zuena adierazteko: plater konbinatuetan, ez da gauza bera zenbateraino “bustitzen” den oiloa (arraultza egitea bere kontua izanik) edota txerria (txorixuarena bere  haragia baita ).

Goikoa etorri zait burura, lagun batek, Arnaldo Otegiren kartzelaratzea  eta duela  hilabete batzuk, Galdezka saioan eman zuen erantzuna gogorarazi didanean.

Jakingo duzu nola  ETB-1eko saio horretan, Mikel Reparazek, Jaime Otamendik eta  Maitel Artolak, hilean behin, hemengo pertsonaje garrantzitsu bat elkarrizketatzen duten. Hiru  kazetari horien  itaunketa eta gaia bera punta-puntakoak izaten dira. Joko zorrotza.
Nik akorduan ditut  aipatutako Otegirena eta baita Joseba Egibarrena ere. Biak ala  biak, komunikatzeko trebezia itzela dutela erakutsi zuten. Eta hori, “ahalmen handiko” galdetzaileak aurrez aurre edukita ere.

Harira noa.
Arnaldo  Otegiri eginiko  elkarrizketaldian, Maite Artolak galdetu zion Batasuneko buruzagiari, interes handiz  eta itauntzen zuen horretan berebiziko interesa  zuela iradokiz,  bake-prozesu honek/harek kale eginez gero ZER…eta,  Batasuneko buruzagiak, “ez motz eta ez lots” kartzelan amaituko zuela erantzun zuen.

Ez naiz gai “prozesua” hilik dagoen ala ez  erabakitzeko baina, ikusten denez ez dago momenturik osasuntsuenean, gainera,  Otegiren esaldi premonitorioaren arabera hala behar du izan…finikitatua…ondorioen arabera bai behintzat.