Etiketaren artxiboa: esanbakoak

Pedofobia

Uda parteko gauetan, telebista-eskaintzak formatu handiko programetara jotzeko ohitura izaten du. Lehiaketak (El Gran Prix lakoxeak), komediak eta musika- (gehienetan play backean, dena esateko) eta dantza-saioak izaten dira nagusi.

Horietariko bat da, niretzako erabat berria zen Mira quien baila izena daramana.

Astelehenetan, CSI ikusteko gustua izaten dudanez, Las Vegasen kokatutakoa iragarkietara joaten zenean, begiratzen nuen beste kateetan ea zer ote zegoen.

Umeak antzezle, dantzari eta kantari lanetan jartzen dituztenak egiten zaizkit programa bereziki arbuiagarri.

Orduan egin nuen topo gehien gorrotatzen dudan tele-show moetarekin.

Atzokoan ere, han ziren 8-14 urte bitarteko neska-mutikoak nagusi erropez jantzita dantza mota desberdinak taularatzen.

Haien makilaiak, orrazkerak, pedreriazko arropa satinatuak eta keinukera seduktorea izan nahi zutenaz konbinatuak, benetan jasan ezinak egiten zitzaizkidan.

Nazka eta pena ematen didate, aldiberean.

Gazteen erabilera komertzialetik oso hurbil dagoela iruditzen zait.

Fisikoki (gorputz txikiak, eskote hutsak, espresibitate eskaseko begirakunak…) eta mentalki pertsona horiek oso hauskorrak direla inpresioa daukat. Arrakasta eta porrota eramateko zailak direla eta krudela dela gaztetxo horiek halako tentsio egoeretan jartzea sinistuta nago.

Hala uste dut nik.

Gainera, betikoa, nork proiektatzen du gehiago bere ospe gosea halako umeen parte hartzearekin, gaztetxoek ala beraien gurasoek?

Zirkoan animaliak erabiltzea bezain obszenoa egiten zaizkit halako showak.

Baina, dirudienez ez gara nagusi halako programak aukeratzen ez ditugunak. Atzo gaueko audientzia datuak begiratu eta ikusienen zerrendan Mira quien baila delakoa agertzen da (kuotaren %28,2) irabazle. Nire CSIren aurretik ere (%26,2). Harrigarria, ala?.

Lerro hauei titulua ematen dion pedofobia horrek umeei beldurra edukitzea esan gura ehi du. Ni beraien gurasoek ikaratzen naute gehiago.

-P.S. Anne Igartiburu zebilen atzoko programaren aurkezle-domadore lanetan.

Lehertu da

Xabier Lapitzek Radio Euskadin gidatzen duen El Altavoz delako irratsaioan, goizeko 9etako albistegiaren aurretik eta ostean, tertulia izaten da.

Hiruzpalau pertsona ezagun eta jantziak lanegunero aritzen dira berriketan, titularretara heldu diren albisteen aitzakian.

Hizketarien arteko tentsio gorenera iritsi da gaur, nagusiki, nortasun kontuak medio.

Jarrera politiko eta sentsibilitate sozial desberdineko tertuliakideak pasatzen dira bertatik. Eta horrek, saioari nolabaiteko bizitasuna eta aniztasuna ematen diola uste dut nik.

Gaurko egunean, ostiraletan beraz, Rikardo Gatzagaetxeberria, Xose Manuel Barreiro, Carlos Coello eta Nekane Jurado aritzen dira tertulian.

Azken biak soka berekoak ez direla agerian gelditzen da ahoa zabaltzen hasten direnerako. Baina, gaurkoan bien arteko kimika falta agerian gelditu da.

Carlos Coello oso jantzia da hitzegiten, ahotsez eta argudioz. Autore eta pertsonaia ospetsuen aipu pila erabiltzen du bere alokuzioetan. Zorrotza. Gustatzen ez zaiona agerian uzten duen horietarikoa. Arroa sarritan.

Baina, esaldi berean bi filosofo, esaera zahar bat eta gertakizun bat sartzen badu ere, esaldia ondo borobiltzen du, ez da argudioaren adarretan zintzilikatuta geratzen. Esan nahi dituenak amaierara eramaten ditu.

Nekane Jurado hizkera errazeko pertsona da. Ahots fina eta arnasa hartzerakoan zarata egiten du. Politikagintzaren ikuspegi humanoa erakusten daki eta bere esperientzia eta ingurukoena erabiltzen du argudio eta lema gisa.

Entzuten daki.

Luzatu egiten da esaldiekin, baina apal-apal eta, sarritan, etxetik kanpo jokatzen duela jakin arren, esan behar dituenak esaten duenetarikoa da.

Gaur, bi estilo, bi jarduteko modu eta bien sentsibilitate kontrajarri horiek talka egin dute eta bataren zirikatze doktoa bestearen jardun lasaia etsai bilakatu dira.

Coellok beti goitik behera aritzen denez, bigarrena sutu du. Juradoren iritziak temati azaldu nahia lehena asaldatu du.

Azkenean, Nekane Juradok, eztabaiden atzetik egon izan den kimika eta nortasun kontrajarrien gaia atera du, ausart. Coellori zer gertatzen ote zaion galdetu dio, ia zergatik ez dion berba egiten uzten…

Tentsio handia izan da.

Argudioen kontrajarriak baino tertuliakideen nortasunak eraman ditu biak muturretara. Goizeko bederatziak jo dute eta bost bat minutuz gauzak hozteko aukera izan da.

Albistegitik itzuleran, bestelakoetan hain segurua izaten den Xabier Lapitz inguruak baretu nahian ibili da, trakets.