Etiketaren artxiboa: burura etorri

Non zinen?

Hemendik hogei urtera etorriko dira hedabideetakoak su-etena
iragarritakoan non eta zertan ginen, zelan enteratu eta zer pentsatu genuen
galdezka.

Buruko disko gogorrean gordea izango dut bazkalorduan jaso nuela berria. Gero, kotxean, Euskadi Irratian entzun nituela zehaztasun guztiak. Harritu ninduela, Aznarrek esango lukeen bezala, “nazio askapenerako
mugimenduaren” bozeramalea emakumezkoa izatea. Baina, bereziki, gogoan izango ditut irudiak, ETB1en eskutik ikusitakoak. Mahaia, hiru ikurrinak, harmarria, hiru kaputxa zuridunak eta irratiz entzun nuen ahots berberak “iraunkorra” zelan esaten zuen. Akorduan edukiko dut ere
GoiTBk programazio arrunta lehertarazi eta beste askok baino malgutasun handiagoz programa berezia aireratu zuela.
Akaso, bestalde, hemendik hogei urtera, ahaztuta edukiko dut zein eskas kudeatu zuen ETBk halako primizia, nola ibili ziren A3 eta Tele 5 Ibarretxeren prentsaurrekoaren gaztelerazko bertsioaren zain, betelanean, kazetari euskaldunik ez zutelako. Gaurkoak urruti ikusiko
ditugu orduan.

ETA

Ingelerazko hiztegian begiratu eta hala dio: “Estimated Time of Arrival. Also known as ETA”.

Hain erabilia den akronimoaren beste alderdia erakusten digu. Eta, egungo egoera ondo deskribatzen du, gainera.

Egia da. Oso zabalduta dago gure artean “noizko, noizko?” galdera errepikakorra.
Irrati-tertulietan ere gai honetatik irtetzea kosta egiten zaie. Gainera, zerbaiten jakitun dela erakutsi nahi duen hizketakideak beti dio lehengo asteburuan asko zabaldu zela su-etenaren zurrumurrua, ez dakit zein egunkariko moldiztegiak azken minutura arte geldituta egon zirela eta ez dakit norako bidaia ofiziala bertan behera uzteko zorian izan zela aldarrikapen ofiziala orduantxe bertan egingo zela pentsatuz.

Ni ere Time of Arrival horren esperoan nago, eta ez Estimated, benetakoa baizik. Iruditzen zait gainera geldi ezina den uholdea etorriko dela haren ostean, ez dut esango berehalakoa, baina bai aldaketak ekarriko dituena, epe luzekoak.

Hori diot hala pentsatzen dudalako eta neurri berean behar dudalako. Bestela jasan ezina litzateke gaur egun erakunde, alderdi eta agintari batzuek erakusten duten harrokeria eta nagusikeria. Baita, osasunerako kaltegarriak suertatzen zaizkidalako hedabide batzuetako edukiak (entzuten al dituzue RNEko ala COPEko tertuliakide batzuen hizjario pozoingarriak eta egunkari batzuetako editorialak eta izenburuak egiteko manerak) eta gaibakarrerako dagoen joera.

Sinistuta nago horiei ez zaiela su-etenarena interesatzen. Pagotxa ederra beraiena.

ETAren aitzakia amaitzen zaienean zeri helduko diote txantxullo, “gureartekeria” eta monopolioan aritzeko hamarkadetako joera mantentzeko?

Imagina ezinak zaizkit bestelako testuinguru batean hemen ohikoak suertatzen zaizkigun hainbat egoera. Eta hau idazten dudanean gogoan ditut hamazortzi/laurogeita hamazortzi delako epaiketa tragikomikoa mantentzen duen egitura judiziala, AHT egitasmo faraonikoa eta lurraren inguruko espekulazioa, zerbitzu publikoen kudeaketa patrimonialista (irrati-telebista, hezkuntza, garraioa eta osasuna, esaterako), kontrol publikorik gabeko erakundeen jarduna, aginte-makila nor duen erakusteko poliziaren erabilera eta hedabideen botere faktikotasuna, beste askoren artean.

Heldu da egoera honi astindu bat emateko ordua (time is over).

O.T.

Kale in China desagertu eta gero, zertan arituko dira Oscar Terol eta berarekin TVEra joan zirenak. Buru makur, apostuan galdu dutenaren gorputzaz ala inoiz baino ikus-entzule gehiago pilatu izanaren pozaz.
Vaya semanitakoek desertatu zutenei jaurti zizkieten torpedoak gehiegi eta neurriz kanpokoak iruditu zitzaizkidan. Behin, zerbait esatea tira, baina programa osoan zehar eurozale, txaketero eta halakoak errepikatzen ibiltzea gehigizkoa iruditu zitzaidan.

Badakit, badakit, aspaldiko kontuak dira. Baina, aizu, blogean azarotik idatzi ez duenak zerbaitekin linkatu behar du hemen nago esateko eta urteberrionaz, Cuatroren hasieraz, telebista lokalen dekretu-proiektuaz ezer esan ez duenean, nonbaitetik heldu beharko dio denboraldi berriari!

Total: aspaldi beste saltsa batzuetan ibili naiz eta gauza gehiegi pilatu zaizkit “esanbeharrekoen” poltsan. Horietariko bat Made in China eta Vaya Semanita delakoei buruzkoak.

Gauza pare bat besterik ez dut esango:

  • ez dut Made in China faltan botatzen. Lehen egunean Boriz Izagirreri eginiko elkarrizketak eta bereziki Elizegik egin zituen komentario lekuzkanpokoek, gustotxarrekoek eta topikozjosiek oso aho zapore txarra utzi zidaten.
  • Bazirudien Oscar Terol zela programarekin ondoen pasatzen zuena, haren barreak entzunda.
  • Produkzio lan handia egin zuten elkarrizketatuak ekartzen eta skectchak prestatzen baina…McLuhanek esan omen zuen “medioa mezua da”, eta TVEk emititu izana dena markatzen du txistea, testuingurua eta dena.
  • Ez naiz pozten hemengo profesional batzuk porrota ezagutu badute Estatu espainiar osora begira eginiko programa batekin. Erraza da kale egin eta gero zergatiak zerrendatzen hastea. Baina kontrakoan jarrita ere, arrakastatsua suertatu izan balitz hartarako motiboak ere bazituen programak. Ez naiz hildakoari aurpegira txistu egin zale.

Total, hemen dugu Vaya Semanita eta egia esaten badizuet:

  • gustora ikusten dut baina ez du ni ikusle gisa fideltzea
  • tarte politak ditu, beste batzuetan nerabeen arteko umorera jotzen duen arren
  • aurkezlea gustatzen zait eta patxadan eta egokeran asentatzen den neurrian bide luzekoa izango telebistan
  • erritmoa du

    Total, lehengora itzulita, Donostiako Tabakaleran ekoizten zituzten Madeinak desagertu direnean zertan arituko dira Terol eta besteak?

El almendro

Nik pozik hartuko nituzte berriro ere Vaya semanitan.