Telebistarik gabe…

“Erruduna sentiaraztea zenuen lege…” dio Ruper Ordorika ren kantu batek.

Ba, hori ere izango dugu telebistarik gabeko astea den honetan.

Apirilaren 25etik maiatzaren lehenera “Itzali telebista astea 2005” egingo da.

Programatzera dedikatzen direnek amesten dutena ez da hainbeste programa batek ala besteak audientzia handia edukitzea baizik eta geure bizi-ohituretan txertatzea, oharkabean.

Zihur naiz helburua ez dela ikus-entzuleak gaizki sentiaraztea baizik eta konziente izan gaitezen telebistari zelako lekua eskaintzen diogun. Zenbat ikusten dugun baino, zein erraz eta pentsatu barik jartzen garen telebista-hargailuaren aurrean.

Eta, zalantzarik ez dago: pentsatu barik egiten ditugun gauzen artean dago telebista ikustea.

Horregatik, hau bezalako ekitaldiek autonomia apur bat errekuperatzeko balio dezakete.

“Itzali telebista astea 2005″i buruz gehiago jakin gura izan ezgero ikus Berrian argitaratzen zituzten hainbat informazio-iturri:

Irrati-telebista lekutuz

Irratia eta telebista entzuteko/ikusteko erabiltzen ditugun lekuek definitzen dute, neurri handi batean, bi hedabide horien izaera.

Aspaldi irakurri nuen artikulu batean, telebistaren etorrerak (Estatu frantziarrean, 1949an, eta, espainiarrean, 1956an, RTF eta TVE sortu zirenean) egongeletako altzairuen antolaketan nolako eragina izan zuen aipatzen da. Baserrietako beheko suaren inguruan antolatzen ziren egonaldiak aspaldi.

Tankera berean, telebistak zentraltasuna eskuratu zuen. Sutondoaren kasuan, epeltasuna bilatzen zutenek begi-kontakturik ez zuten galtzen beraien artean.

Irratiaren etorrerak ez zituen gauzak gehiegi aldatu. Agian, aipatzekoa da irratigintzaren kalitate tekniko eskasak taldea distantzia motzera mantentzea behartzen zuela. Aldiz, telebistak dena aldatu zuen. Borobiletik perpendikularrean eserita egotera eraman zituen familikideak. Begirada guztiak toki bakarrera zuzenduta. Aurrez aurreko harreman pertsonaletatik, lepoa mugitu barik ikusten ez duzun jendez inguratuta egotera pasa ziren.

Martin Serranoren (*La influencia social de la televisiĆ³n*, REIS, 16, 1981) artikuluak telebista nola ikusten zen aztertzen zuen eta, orain, hori bezain interesgarria da non kontsumitzen den aipatzea.

Lehen, telebista nagusiki etxean ikusten zen, egongelan ala sukaldean (bi hauen luzapen naturala litzateke taberna, gure kulturan), eta orain logeletan ere kokatzearen ohitura zabaldu egin da.

Baina, gaur egun, horrezaz gain, ordenadore bat dagoen tokian telebista hargailu bat dagoela esan daiteke.

Publiko/Pribatu espazioen esangura-aldaketan, mugikortasunaren kulturak eragina izan du telebistagintzan ere.

Hainbat kotxe garestik, autobus eta denda, aireportu eta itxaron-gela telebista kontsumorako toki apropos bilakatu dira. Gainera, berehalaxe ohituko gara sakeleko telefonoaren bidez ere telebista ikustera.

Bide hau irratiak aspaldi zuen egina eta toki finko eta itxien mugak gaindituta zeuzkala, baina telebistak begi-kontaktua beharrezkoa du eta hargailuen tamaina ez da edonolakoa izan duela gutxi arte. Orain, telebistak mugikortasuna eta tamaina menperatu ditu.

Xabier Lasa

Berrian, astero, egiten duen irratigintzari buruzko zutabea ez dut galtzen. Medioa ezagutzen (gustatu eta gorrotatu, aldi berean) duela ikusten da.

Bere idazkera errazak irakurketa atsegina dakar.

Eta, gainera, asko gustatzen zait busti egiten delako eta bere ustez esan behar direnak esan egiten dituela, lasai, garbi.

Izenaren zama

Gaur egungo irrati-telebistagintzak ez du zerikusirik hasierakoarekin. Bi hedabide hauen mapa eta egiturari, eskaintzari eta kontsumoari begiratu bat eman eta zein aldatuta dauden ikus (/entzun) daiteke. Eta orain artekoa gutxi balitz, berriro ere, irrati eta telebista modura ezagutzen ditugun hedabideak metamorfosialdian sartuta daude.
Digitalizazioa, eskaintzaren biderketa eta kontsumo eta pertzepzio sozialean emaniko berrikuntzek aro berriaren atartean jarri gaituzte. Ez dakit izena aldatu beharko diegun baina, zalantza barik, izana eraldatua dute, zeharo.

Duela hamarkada pare bat, irratia eta telebista zer, non, nola eta zertarako ziren galderei edozeinek emaniko erantzunak eta gaur egungoen artean zerikusi gutxi dago. Lehen, paleotelebistagintza bataiatutakoaren elementu osagarrien artean zeuden:

  • estatuak kudeatua era monopolikoan,
  • zentralizatua, emisio-eremu zabalekoa,
  • teknologia analogikoduna,
  • populazio osoari zuzendua,
  • doanekoa,
  • orotariko programazioa.

Gaur egun, neotelebistagintzaren aroan, beste hauek ere aurkitu daitezke:

  • pribatua,
  • helburu komertzialekoa,
  • digitala,
  • emisio-eremu txikikoa,
  • ordainpekoa,
  • audientzia murritza bezain definitua,
  • edukietan oso espezialdua.

Eta muturretara jota aurki daitezkeen bi tipologi horiez gain, beste mila daude eta guztiek mantendu dute izen bera: telebista. Agian horrek egiten du erakargarri, zertaz ari ginen esan orduko aldatua dela. Bizirik dagoenaren seinale (dabilen harriari…).

ETBko programazioburu berria

2005eko Apirilak 15 eta 20

Pello Sarasola Antena 3ra pasatu da. Hainbat urtez ETBko programazioburua izan ondoren Estatu espainiarreko kate pribatura pasa da. Mikel Lejarza izan zen horrelako saltoa egin zuen lehena (hura Tele 5era) eta orain hernaniarra izan da danbatekoa eman duena.

Joselu Blanco izan da bere ordez izendatu dutena. ETBn lanean aspalditik dabilen bilbotarra fikziozko produktuen erosketaz arduratu izan da orain arte.

Momentu egokia izan daiteke ETB1erako eta ETB2rako zuzendaritza-talde propioak ezartzeko eta euskarazkoari gaur egun ez duen sendotasuna emateko.