Ambush television

Sukaldea eta egongela izan ohi dira telebista ikusteko tokirik arruntenak.

Hori bai, etxe bakoitzean dagoen hargailu kopuruak gora egin duen neurrian (batetik gora Hego Euskal Herriko %64,1ean) logela (k), komuna eta beste gela batzuk hartu izan ditu bere menpe.

Gainera, merkatuak eskaintzen ditu beste hainbat tramankulu gura dugunean telebista ikusi ahal izateko: sakeleko telefonoa eta ordenagailua erabiliz, besteak beste.

Halako guztietan zuk aukeratzen duzu zer, noiz eta zenbat denboraz ikusiko duzun.

Badira beste egoera batzuk, eremu publikoan gehienak, abiapuntu modura piztutako telebista dakartenak. Gurean, nagusiki, tabernak.

Ados: inguruan dituzun guraso, seme-alaba, lagun edo dena delakoekin negoziatu beharko duzu telebista piztuz gero zein programa hautatzen duzun eta aldaketaren bat egingo duzun ala ez.

Horietan ere, hargailu bakarretik ugarietara saltoa egina da aspaldi. Tabernaren sarreraren gainekaldean bat, erdian beste bat eta komunerako bidean hirugarrena paratu dutenak asko dira.

Tabernetako hauetan, zuk ez duzu aukeratzen telebista ixotzea ala ez, bolumena norainokoa izango den eta ezta ikusiko den kanala ere.

Halakoetan haserretzen naiz ni. Besterik ezinean.

Akaso arazoa nirea besterik ez da.

Kontrol eza.

Izan ere, telebista piztuta dagoen gela batera sartzen banaiz, ia automatikoki, hargailua izango da niretzako arreta puntu nagusiena.

Ahaleginak egiten ditut aurrean dudanaren elkarrizketa jarraitzen eta hari begira egoten.

Baina, kia, gehienetan begiz jotzen dut laburki, baina gero eta sarriago telebista eta, azkenerako, minutu pare bateko kontua izaten da, pantailari besterik ez diot kasurik egiten.

Aspaldikoa dut kontrol falta hori eta garatua ditut nolabaiteko errekurtso xumeak: tabernetan telebistari bizkarra emanez kokatzea, lurrera begiratzea elkarrizketa jarraitzeko entzumena zorrozten dudan ahaleginean, ukondo biak barran iltzatzea eta botilez beteriko baldei begira tinko eustea noizean behin arin-arin elkarrizketakideari “hemen nago, hemen nago” dioten begirakunak botatzen dizkiodan bitartean.

Gehienetan, minutu gutxi batzuen buruan, telebistak harrapatzen nau eta nolabaiteko hipnosian murgiltzen nau. Hortik aurrera, “ze, joango gare beste batera?” dioten hitz magikoek besterik ez naute salbatzen.

Neure burua ezagututa, larriagoak zaizkit mahai baten inguruan jateko ezartzen gareneko egoerak.

Jatetxeak

Halakoetan, telebista egotea eta, gainera, bolumena altu xamar edukitzeak gaindi ezineko oztopoak bilakatzen zaizkit.

Esandakoa, akaso ni naiz arazoa baina, halakoetan, jatetxearen tamainak, mahaien kokapenak edota tokatuko zaidan aulkiaren orientazioak konpontzen ez badu, zonbi bat bezala amaituko dut berehalaxe.

Hori baino lehen, nahiago izaten dut beste jatetxe bat aurkitzea.

Inoiz itaun izan diot kamareroari ia, mesedez, telebista amatatuko duen baina ezetz edukatua jaso aurretik ere (ordurako beti egoten da ukaziorako aitzakia ematen dion ni bezalakoren bat pantailara locktitez itsatsia) zerbitzariaren harridura aurpegiak lur jota utzi izan nau.

Lehengoan, irakurri nuen gero eta gehiago direla telebistak bere gain hartu dituen eremu publikoak eta AEBko kontu bat izango zela pentsatu nuen aurrena.

Hasiera besterik ez denean

Gero, taberna eta jatetxeez gain ia zenbat halako zenbatzen nituen hasi nintzen.

Eta, ez dira gutxi izan, hala jainkoa: garraio pulikoko geltokiak, supermerkatuak (promozio berezietarako bideoak eta telebista kanal arruntak ere), medikuen itxaron gelak, ileapaindegiak, notariak, kirol dendak, gimnasioak, hedabideetako erredakzioak, kotxe kontzesionarioak, publizitate agentziak, e.a.

Lehen, aldizkari bat edo kafetxo bat eskainiko zizuten tokian, gaur egun, telebista hargailu bat edukitzen dute, piztuta. Eta, teleagintea non demontre dagoen ez dizute esaten!

Ingelesez ambush television esaten diote itzaltzeko, kanalez aldatzeko edota bolumena ikuitzeko aukera eskaintzen ez duen horri.

Ikusgarritasuna

Asko gustatu zait Juan Kruz Lakastak lehengoan Berrian idatzi zuen zutabea. “Geldi errotatibak!” izenpean antologikoak iruditzen zaizkit esaldi batzuk bota zituen.

Hona niretzako interesgarrienak:

“Beroaldia. Azken egunotan besterik ez dugu entzun Hego Euskal Herriko komunikabideetan: beroaldia (…). Udan beroa egiten du. Neguan, hotza. Hori albiste bada, zerbait oker dabil. Oker gabiltza. Tontotzen ari gara. Tontotu nahi gaituzte. Telebistaren diktadurapean bizi gara. Telebistan agertzen dena besterik ez da albiste. Ikusgarria dena besterik ez da agertzen telebistan. Beroa eta hotza ikaragarri ikusgarriak dira. Beraz, ikaragarrizko albisteak dira. Martxa honetan, telebistan, albistegia osoa eginen dute eguraldiari buruzkoa, eta amaieran, bi minututxoo tartea utziko diote gaurkotasun-gizonari

Galdeano

Kanpinean izan naiz hamar bat egunez, justu Almeriako gizon horrek hil arteko jipoia jaso duen egunean ere. Egunkariak irakurtzen nituen arren, irratiz eta telebistaz emaniko bertsioak ez ditut jasotzerik izan. Aitortzen dut, beraz, akaso informazio partziala izango dudala.

Lehen aldiz berria entzun nuenetik egun batzuetara jakin dut, politikari, agintari eta Guardia Zibilen ordezkarien hitzetan gertatutakoaren inguruko bideo-grabazio bat ba omen dagoela.

Roquetas de Marreko gertaera lazgarrien ikus(-entzunezko) froga garrantzitsuena suertatzen ari da ditxosozko bideoa.

Azkenari dagokionez, bideoaren erabilieraz, gauza pare bat esan (galdetu) gura nituzke. Non eta nork erabakitzen du poliziek eginiko grabazioak publikoki zabaldu daitezkeen ala ez? Epaileek? Poliziek beraiek?

Tortura kasuak, Galdeano abizen bera eta estatu aparatuek hildako euskaldunaren oroimena eta bideoaren erabilera mahaigainean agertu zaizkigu, berriro ere, uda lehor honetan.

Izan ere, askotan ikusi izan ditugu, kanal desberdinetako albistegietan, poliziek hartutako eta editatutako irudiak (gutxiagotan soinuak). Atxiloketak, komisaldegiratzeak eta beste hainbat irudi pantailaratu izan dituzte beraien lana jakin arazteko eta, beti ere irudien interesgarritasunaren (notizigarritasunaren) aitzakian.

Almeriako kuartelean gertatutakoak ez ditugu ikusi, eta ez dut epe laburrean behintzat telebistaratuko dituztenik espero.

Komeni zaiena erakusten dute, bestelakoa ez. Baina, gauden tokian eta garaian gaudelarik, hori beroi, beraien kalterako argudioa gertatzen ari da. Torturaren kontra ari direnek duten frogarik garbiena hori suertatzen ari da: demostraezintasuna.

Gogoan dut Tesis filman, kamera baten aurrean, neskato hura hiltzen duteneko sekuentzia. Ikusten dena baino zirraragarriago da bideoak irudirik eta soinurik eskaintzen ez dituzteneko segundu luzeak. Hutsunearen, beraren, esangura ikaragarria da benetan.

Gauzak argi esateko arazoak

img_jul_08_2005_21_38

Berriaren eskutik kaleratu den ETB1, oraina eta geroa iritzi-sorta horretan zerbait idazteko eskatu zidaten. Gaur kaleratu da luze idatzi eta gero laburtu beharreko nire zutabea.

Atxagaren poema hura parafraseatuz,pantailaz bestalde dudan Xabi Zaldua lagunarekin berriketan egon naiz, hangoaz eta hemengoaz. Eta, askotan moduan telebistaz.

Nire artikulua irakurri duela eta ilun xamarra zela esan dit. Esan nahi nuena ez dela ondo ulertzen.

Ka, beti ezin asmatu!
Artikulua bere osotasunean irakurri gura duenak jo dezala Berriaren orrialdeetara, bestela hauek dira buruan nituenak hitzak bata bestearen ondoan jartzen hasi aurretik.

  • EITBren izateko arrazoiak eta helburuak pantailaratzen dituen produktu (kanal, emisora, zerbitzu…) guztietan egon behar dira presente.
  • Kanal bakoitzaren nortasuna definitzerakoan ezin dira balio baztertzaileak eta kontrajarriak erabili. Ez du balio bat euskaraz denez bestean inongo lekurik ez edukitzea bertoko kulturak, hizkuntzak, ohiturak…
  • ETB1en eta 2ren sinergia landu behar da, serio. ETB2k normalkuntza linguistiko, kultural eta sozialaren bidean ahaztu ezineko tresna behar du izan. ETB2 lehen kanalaren promozio eta bozgorailu lana betetzen hasi beharko luke, gaur eta egunero.
  • Euskarazko kanalean beharrezkoak dira “umeak eta kirola” oinarri bakar modura duten programazio-estrategiak. Agortuta daude. Ausartak izan beharreko sasoian gaude.

Buruari bueltaka

Berriak ETB1en orainari eta etorkizunari buruz zabaldutako eztabaida-tarteak, atzo, Telmo Esnalen zutabea zekarren. Interesgarria.

Literalki, hauek dituzu:

Bertan esaten zirenetatik nik lauzpabost ideia azpimarratuko ditut.

  • “Intentziorik gabeko telebista kate bat iruditzen zait. Norbaitek esan dezake dituen ikusleekin ezin dela gehiago egin, ez baita ‘errentagarria’. Beste norbaitek, duen programazioarekin normala dela ikuslerik ez izatea, eta ikuslerik gabe ez dela dirua sartzen eta…azken finean defizitarioa dela”
  • “Defizitario izate hau onartzeko era bakarra, nire ustez, kalitatezko programazio bat eskaintzea da”
  • “Kalitatezko kate bat egiteko ezinbestekoa da ausardia, bai agintarietan, baita ikus-entzunezko sortzaileetan ere. Ez da lan erraza programazio berritzaile bat egitea, baina hori da erronka, eta sortzaileok, behintzat, prest gaude ideia berriak mahai gainean jartzeko”

Ematen du zer pentsa Esnalen artikuluak.

ETB amets

Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan Sarrionandiak han-hemen irakurri dituen poemarik gustukoenak biltzen ditu.

Halako inpresioa izaten dut nik sarritan prentsan ala aldizkarietan irakurtzen ditudan batzuekin.

Labur-labur, nik uste dudanaren ildotik datozen ideiak zerrendatuko ditut hemen:

Josu Amezagak Berrian gaur argitaratu duen artikulua asko gustatu zait. Ados nago, bete-betean.

  • ETB1 eta ETB2ren “lan banaketa” “euskarazko kanalarentzat oso kaltegarri gertatzen ari” da.
  • “bestelako eredu bat” aurkitzea da irtenbide bakarra: “ezinbetekotzat dut kanal bakoitza independientea izatea, honako hiru mailatan: xede nagusien araberako helburu zehatzen diseinuan (bakoitzaren publiko ezberdinei moldatuak), zuzendaritzan eta baliabideetan. ”

Berrian bertan, ondoko egunetan, ETB1, oraina eta geroa izenpean iritzi desberdinen bilketatxo bat argiratzen jarraituko dute.

Sanfermin egunean nirea kaleratuko da,hori bai, ez dakit erabat ados egongo naizen esaten dudanaz.

Pedofobia

Uda parteko gauetan, telebista-eskaintzak formatu handiko programetara jotzeko ohitura izaten du. Lehiaketak (El Gran Prix lakoxeak), komediak eta musika- (gehienetan play backean, dena esateko) eta dantza-saioak izaten dira nagusi.

Horietariko bat da, niretzako erabat berria zen Mira quien baila izena daramana.

Astelehenetan, CSI ikusteko gustua izaten dudanez, Las Vegasen kokatutakoa iragarkietara joaten zenean, begiratzen nuen beste kateetan ea zer ote zegoen.

Umeak antzezle, dantzari eta kantari lanetan jartzen dituztenak egiten zaizkit programa bereziki arbuiagarri.

Orduan egin nuen topo gehien gorrotatzen dudan tele-show moetarekin.

Atzokoan ere, han ziren 8-14 urte bitarteko neska-mutikoak nagusi erropez jantzita dantza mota desberdinak taularatzen.

Haien makilaiak, orrazkerak, pedreriazko arropa satinatuak eta keinukera seduktorea izan nahi zutenaz konbinatuak, benetan jasan ezinak egiten zitzaizkidan.

Nazka eta pena ematen didate, aldiberean.

Gazteen erabilera komertzialetik oso hurbil dagoela iruditzen zait.

Fisikoki (gorputz txikiak, eskote hutsak, espresibitate eskaseko begirakunak…) eta mentalki pertsona horiek oso hauskorrak direla inpresioa daukat. Arrakasta eta porrota eramateko zailak direla eta krudela dela gaztetxo horiek halako tentsio egoeretan jartzea sinistuta nago.

Hala uste dut nik.

Gainera, betikoa, nork proiektatzen du gehiago bere ospe gosea halako umeen parte hartzearekin, gaztetxoek ala beraien gurasoek?

Zirkoan animaliak erabiltzea bezain obszenoa egiten zaizkit halako showak.

Baina, dirudienez ez gara nagusi halako programak aukeratzen ez ditugunak. Atzo gaueko audientzia datuak begiratu eta ikusienen zerrendan Mira quien baila delakoa agertzen da (kuotaren %28,2) irabazle. Nire CSIren aurretik ere (%26,2). Harrigarria, ala?.

Lerro hauei titulua ematen dion pedofobia horrek umeei beldurra edukitzea esan gura ehi du. Ni beraien gurasoek ikaratzen naute gehiago.

-P.S. Anne Igartiburu zebilen atzoko programaren aurkezle-domadore lanetan.

Jinglea

Euskaraz egin beharrekoen artean dugun hedabideen hiztegian, seguru nago jingle hitzak agertu beharko lukeela.

Irrati-iragarkigintzaren historian asko erabili izan den eta oraindik ere erabiltzen den musika eta hitz ikasterraza eta itsaskorra duen publizitate mota da.

Asko dira famatu izan diren jingleak. Nik bat gogoratzen dut bereziki Un poco de pasta basta, Gior zioena.

Baina hala ere, hona nator baita ere asko gorrotatzen dudan batekin: EVEren aholkuak bete eta aurreztu energia ume ahots tentelaz irratiratzen dutenarekin.

ETBko “SOS Deiak” kanpainaren irratiko bertsioa dirudi EVEren honek. Aintzinakoa. Gatz bakoa.

Seguru nago zuk gogokoak dauzkazulako ala gorrotatzen dituzulako buruan edukiko dituzula hauek bezalako jingleen batzuk.

Mezu hau erantzun eta ia zerrenda txiki bat egiten dugun.

Jingle on eta txar bana bota, faborez.

Disc jokey

Mezu-kate baten aitzakian niretzako esangura berezia duten bost kanta aukeratzeko eta beste bost lagunei gonbitea luzatzeko eskaerari eginiko erantzuna da hau.

Pentsatzen egon eta gero, nire gustukoen artean azpian doazen bost hauek egon badaudela konklusiora heldu naiz. Hori bai, bostetik bostehunera saltoa oso erraz emoteko modukoa naiz ni musika asuntoan. Galdera berbera egin dioten lagun batek “konpromezu-katea” dela esan dit eta, besteak, erabakitzea zein zaila den azpimarratu du. Nik nahiko erraz erabaki dut, gero damutuko naizela, “beste hura ere” sartu beharra nuela jakitun izan arren.

Bost kantuak eta aukeraketaren zergatiak azalduko ditut labu-labur.

  • Ruper Ordorikaren “37 galdera mugaz bestalde dudan lagun bakarrari”.
    “Hautsi da anphora” bere lehen diskoa oso polita iruditzen zaidan arren “Ni ez naiz Noruegako errege” titulukoan dagoen kantu hau oso sugerentea iruditzen zait. Kantu bat irudiz betea. Aitortu beharra daukat baldintzarik gabeko Ruperren zalea naizela.
  • Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean”.
    Kantatzeko gehien gustatzen zaizkidanetakoa. Abestien hitzak gogoratzeko gabezi kronikoa dudanez ez dira asko goitik behera dakizkidan kantuak, hau horietariko bat da. Zazpi urteko semearekin dueto ikaragarri politak egiten ditut.
  • Ertzainaken “Estatuari gerra” izeneko kantuaren erritmua asko gustatzen zait.
  • Ralph McTellen “Streets of London” kantua melankoniatsua eta erromantikoa iruditzen ziat. Oroimen oso politak dakarzkit burura. Goizean entzun eta egun osorako gainetik kenduko ez dituzun horietariko bat da. Probatu Streets%20Of%20London%20Lyrics.html bestela.
  • Oskorriren “Adela” izango da, akaso, euskaraz entzun nuen lehen kantu modernua. Iban lehengusuak (ditudan anaietatik hirugarrena) jarri zidan entzuten hartariko kaset portatil batean. Dena ilegala zen garaikoa da.

Zerrenda osatu eta gero konturatu naiz patxadatsuak direla nagusiki. Tira, horrela atera zait.

Beste baterako utziko ditut plantxan nabilela jartzen dudanen hit zerrenda.

Mezu-kate honen kontura Superbai-k ere bere kantu zerrenda egin du. Bota iezaiozu begiradatxo bat eta ikusiko duzu den-dena ez doala geneetan.

Eskaparatismoa

Betidanik, Guardia Zibilek gustuko izan dituzte bodegoiak.

Etsaiari harrapaturikoak ehiza-domin gisa txukun-txukun atondu eta egunkari eta telebistak lekukotza grafikoa eman dezaten deitzea zen kontua.

Seguru nago, frankismoaren garaitik gaur arte iraun duen estilismo eskolak lan handia eduki izan duela. Eta, ekinaren ekinez, berdez janzten diren hauek eskaparateak antolatzera dedikatzen direnen pareko profesionaltasuna lortua dutela dagoeneko.

Askoren iruditerian betiko dauden bezala tiroz hildako Makien eta Ahumadako Dukearen jarraitzaileen zuribeltzezko argazkiak eta El Lute deitzen zutena zaurituta txapelokerdun pareaz inguratuta, hortxe daude ETAkoei entzemandako kloratita/titadine/denadelako saltxitxak eta, denboran aurrerago, hatxixa, eskuko ordenadoreak, kokaina, bideo piratak, pastillak eta detonagailu super sofistikatuez antolaturiko stand publizitarioak ere.

Geurera etorriz, atxiloketa bakoitzaren ostean (ETA da, duda barik, zuzendaritzakide gehien eta militante soil gutxien izan duen erakundea) montatzen zuten eta dute displaya.

Ez-dakit-zenbatgarren-komandantziaren zenbakiaren eta anagramaren azpian mahai bat jartzen dute eta etakideei atzemandakoak erakusten dituzte.

Armez ezer ez dakienak ere leherkariak, pistolak eta metrailetak identifikatzen dituzte erraz.

Baina, gainera, haien ondoan, beti kokatzen dituzten dotore eta txukun kaputxak eta eskularruak, liburuak, aldizkariak (Punto y Hora, Ardi Beltza edo gestoretako argitalpenak), diru metak eta, berrikuntzen artean, sakeleko telefonoak.

Azken multzo honetakoak normalagoak diruditen elementuak izaten dira, guk ere horrelakoak baditugulako etxean.

Tresneria militarraren ondoan paratzen dituzten elementu domestiko horiek osagarri hutsak direla (eta zirela) pentsatuko du norbaitek. Baina, buruari bi buelta emanda, erakusgai jartzen denaren elementu intimidagarrienak haiek direla pentsatzera heldu naiz (horrelakoak baldin badituzue, zuek ere kontuz ibili esanez bezala ikusleari).

Semiotika

Aspaldi ez ditut telebistaz horrelako erakusleio polizialik ikusi. Litekeena da estilo horretako agerpen mediatikorik ez behar izatea. “Ausartuko ez ginela pentsatzen ote zenuten” aznarraldian eta ostean, boterea eta efikazia beste erabatera plazaratzeko moduak erabiltzea. Edota, agian armen eta leherkarien lekua ordenagailuz, telefonoz, liburuz, alderdien estatutuez, proposamen politikoez eta horrelakoez betea agertu beharko liratekeelako orain eta horiek ez bide zaizkie hain ikusgarriak/erakusgarriak irudituko.

Gainera, gaur egun, kazetariek lehen zuten “errealitatearen notario” eta testigantza lana indar polizialek beraiek egiten dute bideoz atxiloketak eta bestelako ekinaldiak grabatuz.

PGC Productions

Itxura guztien arabera aspaldiko bodegoiak lekuz kanpo daude gaur-gaurkoz. Tele-errealitatearen garaian performanceak behar omen dira ikus-entzulearen arreta eskuratzeko eta mantentzeko.

Bodegoietara dedikatzen zirenek birziklatu eta kamera digitalak eta edizio ez-lineala ikasi dute. Punta puntako teknologia.