Bakarrizketa

Hartu telebista ikusten ari diren ehun pertsona eta 54 bakarrik daude. Alboan besteren bat dutenak 34 dira eta 12 taldeko jardunean daudenak.
Kopuru altuak ala baxuak diren zuk esan, baina garbi dagoena da telebistaren paperaz, kontsumo-orduez, etxeko ekipamendu teknologikoaz, aisialdiaren erabileraz eta familien tamainaz asko esaten duela.

Azken hauek, denek, sekulako eragina dute telebistaren aurrean ematen ditugun orduetan eta baita ere bakarreko lanean aritzen garen ala bikotea, laguna, seme-alabak ala gurasoak inguruan ote ditugun.

To beste datu pare bat: pentsa daitekeenaren kontrara, umeak dira gutxien egoten direnak bakarrik eta aldiz erdira heltzen da 13-24 urte bitartekoena.

2005eko datuen arabera, gauerdia eta goiza dira telebista lagun bakar modura dugunaren ordu tarte ohikoena. Eta, azkenik, astebarruan gehiagotan egoten da pantailaren parean pertsona bakarra, asteburuetan baino.

Eskerrak telebistan agertzen denak, gero, ematen digula zertaz berba egin jende artean gaudela.

Egunon esaka

Euskadi Irratiko Faktoria saioko aurkezleak egun ona opatu dio gaur Maribi Arregiri, bere anaia torturapean hil zuteneko hogeita bostagarren urteurrenean. Joxe Arregiren arrebak kontatu du nolakoak izan ziren egun hauek duela mende laurden bat (atzo). Nola, otsailaren 13a heltzen den guztietan, bere anaiak pasa izandako bidegurutzea amaitu zelako nolabaiteko deskantsua sentitzen duen. Lasaitasuna.

Eta, Faktoria saioko aurkezlea den Marian Beitialarrangoitiak atzoko eta gaurko tortura kasuek sortzen dioten minari buruz galdetu dio.

Maribik bere anaiarena eta Unai Romanorena eta etor daitezkeenak lotu ditu, agerikoak eta izkutuan mantenduko dituzten tortura kasuak bat bera direla esanez.

Elkarrizketa hunkigarria izan da. Konplazientea izan barik, sufritu izan duenarekiko enpatian oinarritua. Informatiboki pisu handikoa den urteurren lazgarri baten aitzakian goxotasuna zerien galdetzaile eta erantzunak ematen zituenei.

Gero, Zizurkilgoari besarkada bat eskaini eta agur esan ostean tertulia hasi da. Iñigo Bilbaok, Garbiñe Biurrunek eta Denis Itxasok gai bera jorratzen segitu dute. Irakurketa politikoagoaz, 1981eko testuingurua gogorarazi digute eta 25 urtetik hona sufrimenduaren aurpegi desberdinak aipatu dituzte, asko direla esanez, gehiegi.

Ez diet kasu larregi egin. Maribiren ahotsa eta berba egiteko goxotasuna/tinkotasuna burutik kendu ezinean nengoen.

Albeldakoa

Asisko Urmeneta “Códice Albeldense”:todoenciclopedias.com/testimonio/codicealbeldense.html delakoaeren gain aritu zen Mihiluze programaren estreinu-gauean.

Codex Conciliorum Albeldensis

Ez dut Albeldako Kodizea izenekoaren jatorriaz ezer esango, ezta ere gogoratuko sasoi hartan Errioxa (Iberiar penintsularen goialde gehiena bezala) Iruñeako Erresumaren barne zegoela. Are eta gutxiago zenbakien jatorriaz eman zuen azalpenean sakonduko. Horiek denak Asiskok berak egin zituen, oso modu politean gainera. Aipatuko dut, ordea, zein komunikatzaile ona den eta zein ederki eta modu errazean historiaren errepasu arina egin zuen, paleta grafiko eta guztiz.

MHLZ saioa tarte txiki askoren batuketa da baina aitortu beharra daukat Urmenetarenak berak eraman ninduela, lehiaketa amaitu eta gero, interneten begiratzera eta, hala, gaurko bazkal-ordurako zer komentatu edukitzera.

Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioan entzun izan dut behin baino gehiagotan eta beti oso gustura. Berdin dio Arantxa Iturberekin egiten duen elkarrizketa xaloa zertaz den, beti du zerbait aipagarri. Duen berba egiteko modua, naturaltasuna eta transmititzen duen alaitasuna nahikoak dira. Baina, gainera, kontatzen dituenak interesgarriak izaten dira. Total, gomendagarria iruditzen zaidala. Esana dut.

Saio baten estreinuan, harreman pertsonaletan bezala, kale egin zenezake eta boteprontoan jasotakoa baino hobea ala txarragoa gerta daiteke gero, baina hala ere, ondo egindakoaren itxura hartzen diot ETB 1 eko lehiaketari.

MHLZ

Kike Amonarrizek gidatzen duen lehiaketak zati desberdinak ditu, hiru pertsonako hiru taldeetatik zeinek puntu gehien eskuratzen duen erabakitzeko. Galderak eta frogak dira talde bakoitzak gainditu beharrekoak eta euskara bera hartzen du, askotan, norgehiagorako gai modura.

Asiskorena antologikoa iruditu zitzaidan. Benetan ona.

Aipagarrienak

Gainera oso gustora ikusi nuen esamesak desifratzeko tartea. SMS mezuetan erabiltzen diren laburdurak ahalik eta arinen hizkera “normalera” pasatzeko frogak ikus-entzuleak lanean jarri zituela zihur nago. Han nengoen ni behintzat desenkriptatze lanetan.

Euskal Herriko toki desberdinetan, jerga eta hizkera kolokialean gauzak nola esaten diren asmatu beharrekoa oso ona izan zen. Horietariko galdera bat izan zen Bergaran esnifatzeari nola esaten dioten. Eta oker ez banabil: “angulak jatea” esaten diote. Edota, neska politari “Yogurtzane” deitzea.

Lerro hauetan, dagoeneko, erabili ditut “antologiko” eta “oso ona” eta ez dakit nola izendatu euskararen erabilera okerrak agerian uzten duen tartea. Alegia, itzulpen txarren eraginez sortzen diren kartel ala mezu oker bezain barregarriak pantailaratzen duena. Demasakua. “Almejas ala marinera” horretan Txirlak itsas neskaren erara erakutsi zutenean, txixari heldu ezinean ibili nintzen. Ala, bainilla zaporekoa iragartzeko lekatxo jartzea. Edo, sagartxoa deitzea, kamomila infusioa.

Inpresio hori daukat, faktura ona eta egitura sendoa duela Mihiluze honek. Dekoratuak zabaltasuna erakusten dut. Jendez beteriko harmailek inpresio ona ematen dute. Giro ona somatzen da. Nola bestela umorea ardatza duen lehiaketa!

Bide luzekoa

Ez dakit zelan dagoen ekoiztua programa baina batzuetan zatika grabatua izanaren ikutua sumatzen zaio. Nik, “tarteen” arteko audio desberdintasunak, erritmo aldaketak,kamera planoa zabalak txertatzearena eta halakoak laburtu egingo nituzke, ia desagertarazi arte. Luzeegiak iruditzen zaizkit txinpartak (lehiaketaren tarte bakoitza identifikatzen duen grafismoa) eta gaur duten erdira laburtuko nituzke.

Ilaski Serrano, aurkezle-laguntzaile lanetan aritu zen. Majo gainera. Keinu errepikakorren bat ezabatu eta tonuan tenplauta tipa onek duen gantxoa gauza handia da.

Niko Lizeagaren esketxa ideia ona iruditu zitzaidan baina bere papera findu egingo nuke. Hemen ere neurri kontua da baina behin galduta zaila egiten da atzera egitea. Potentzial handikoa da.

Puntuen zenbaketa eta talde bakoitzak irabazitakoaren jarraipena egiten duen famatu bikotearena pentsatu egingo nuke. Beharrezkoa al da?

Eta, azkenik, eta lehen aipatu dudan batasun eta programa osoari halako tinkotasun eman asmoz, nik partehartzaileek egiten duten azken esketxa aurrez grabatu egingo nuke eta, behar izanez gero, editatu. Hor, lehiakedeak txarrak badira eta antzesten dutenak graziarik ez badu beraiek puntuak galtzen dituzte eta programa osoak ere bai.

Uste nuena baino luzeago jo du artikulutxo honek eta kodize itxura hartu du. Agian pozgarria iruditzu zaidalako MHLZ jaio izana.

O.T.

Kale in China desagertu eta gero, zertan arituko dira Oscar Terol eta berarekin TVEra joan zirenak. Buru makur, apostuan galdu dutenaren gorputzaz ala inoiz baino ikus-entzule gehiago pilatu izanaren pozaz.
Vaya semanitakoek desertatu zutenei jaurti zizkieten torpedoak gehiegi eta neurriz kanpokoak iruditu zitzaizkidan. Behin, zerbait esatea tira, baina programa osoan zehar eurozale, txaketero eta halakoak errepikatzen ibiltzea gehigizkoa iruditu zitzaidan.

Badakit, badakit, aspaldiko kontuak dira. Baina, aizu, blogean azarotik idatzi ez duenak zerbaitekin linkatu behar du hemen nago esateko eta urteberrionaz, Cuatroren hasieraz, telebista lokalen dekretu-proiektuaz ezer esan ez duenean, nonbaitetik heldu beharko dio denboraldi berriari!

Total: aspaldi beste saltsa batzuetan ibili naiz eta gauza gehiegi pilatu zaizkit “esanbeharrekoen” poltsan. Horietariko bat Made in China eta Vaya Semanita delakoei buruzkoak.

Gauza pare bat besterik ez dut esango:

  • ez dut Made in China faltan botatzen. Lehen egunean Boriz Izagirreri eginiko elkarrizketak eta bereziki Elizegik egin zituen komentario lekuzkanpokoek, gustotxarrekoek eta topikozjosiek oso aho zapore txarra utzi zidaten.
  • Bazirudien Oscar Terol zela programarekin ondoen pasatzen zuena, haren barreak entzunda.
  • Produkzio lan handia egin zuten elkarrizketatuak ekartzen eta skectchak prestatzen baina…McLuhanek esan omen zuen “medioa mezua da”, eta TVEk emititu izana dena markatzen du txistea, testuingurua eta dena.
  • Ez naiz pozten hemengo profesional batzuk porrota ezagutu badute Estatu espainiar osora begira eginiko programa batekin. Erraza da kale egin eta gero zergatiak zerrendatzen hastea. Baina kontrakoan jarrita ere, arrakastatsua suertatu izan balitz hartarako motiboak ere bazituen programak. Ez naiz hildakoari aurpegira txistu egin zale.

Total, hemen dugu Vaya Semanita eta egia esaten badizuet:

  • gustora ikusten dut baina ez du ni ikusle gisa fideltzea
  • tarte politak ditu, beste batzuetan nerabeen arteko umorera jotzen duen arren
  • aurkezlea gustatzen zait eta patxadan eta egokeran asentatzen den neurrian bide luzekoa izango telebistan
  • erritmoa du

    Total, lehengora itzulita, Donostiako Tabakaleran ekoizten zituzten Madeinak desagertu direnean zertan arituko dira Terol eta besteak?

El almendro

Nik pozik hartuko nituzte berriro ere Vaya semanitan.

Telezaborraren memoria

Harrituta nauka Telezaborra blogaren egileak.

Oso gustora irakurtzen ditut berak idatzitakoak.

Oraingoan “Kotxe liluragarria”(“El coche fantastico” edo bertsio originalean “Knight Rider”) errekuperatu du gure harridurarako. “Michel Knight gogoan zaitugu” artikuluaren aitzakian, sasoi hartan idatzi nuen zerbait atera dut ahanzturaren zirrikitu beltzenetatik. Argiarako idazten nuen zutabetxo batean, behin, GALen razziak eta Michel Knight-en prepotentzia eta jarrera konparatu egiten nituen.

Orain, Telezaborrak ekarri digu gogora nolako esaldia botatzen zuten “El coche fantastico”ren aurkezpen-sintoniarekin batera.

**El coche fantástico es una trepidante aventura, de un hombre que no existe, en un mundo lleno de peligros. Michael Knight, un joven solitario embarcado en una cruzada para salvar la causa de los inocentes, los indefensos, los débiles, dentro de un mundo de criminales que operan al margen de la ley…**

Esaldi hori burutik kendu ezinean ibili nintzen sasoi batean. Eta artikulu labur hau idatzi nuen:

“Kotxe fantastikoarena, arriskuz beteriko munduan existitzen ez duen gizon baten abentura ikaragarria da. Michael Knight, gazte bakartia, legez kanpo diharduten kriminalez beteriko munduan, ahul, errugabe eta babesik ez dutenen aldeko guruzadan sartu da.”
Duela urte batzuk ospe handiz TVE-n eta orain A-3n botatzen hasi dira “Kotxe fantastikoa”.
Orduko Telediarioa ta gero, sintonia ikasterrezaz, kotxe fantastikoaren abenturak ikusten genituen. Dena kontrolatzen zuen begi majikoaz, kotxe beltzak, hil-ala-biziko abiaduran, gaizkileak “neutralizatzen” zituen. Beltzez tintaturiko kristalen atzetik, legearen erresuman bere kotxearen gurpilen aztarnak utziz, heroearen prototipoa ageri zen.
Minutu batzuk lehenxeago telediarioan jakin arazten ziguten, Iparraldean, ezezagun batzuk, errefuxiatuak akatzen zituztenla garbiki.
Egungo telediarioetan, TVE nahiz beste kateetan, kotxe fantastikoaren giltzak galdu omen dituzten Michael Dominguez edo Jose Knight-en abenturak datozkigu. Gidoilarien lana zaildu arren, oraingoan ere gure pertsonaiak ondo aterako dira abentura berri onetatik. Bere kotxe beltza kanpoan da prest, argi gorritxoaren joan-etorrietan ziztu eginez, dena kontrolatzen duelarik.

GAL-IRABAZIAN

Michel Knight-en kotxeari buruzko gehiago jakin gura izanez gero, badira webgune interesgarri batzuk, horietariko bat wikipediarena.

Esana diot TZri, “Michel Knight gogoan zaitugu” artikuluarekin pandora kutxa ireki duela!!

Julio Ibarra utzi du ETB

img_nov_17_2005_17_50

Beti esaten diet nire bi ilobei, Paulari eta Migeli, euskaraz, (ergatiboaren) K garrantzi handiko hizkia dela. Bestela, lerro hauen izenburua bezalakoetan, zaila egiten dela jakiten nork utzi duen nor. Julio Ibarra da, zalantza barik, ETBko aurkezlerik ezagunena. Hamar bat urte emanak ditu dagoeneko gaztelerazko kanalaren iluntzeko albistegia aurkezten.

Audientzia datu gogoangarrienak informazio-saio horretan pilatu izan dira. Gainera, nolabaiteko erreferentzia sozial bilakatu da urteen puruz. Bere lanagatik sariak jaso ditu, ekitaldi sozial eta kulturaletan agertu izan da (Bilboko jaiak, Ibilaldia.), goraipamenak eta gutxiespenak jaso izan ditu eta, orokorrean, geure iruditeria kolektiboan lekua irabazia du.

Esandakoak bere egoan nolako eragina izan duen jakiterik ez dut, baina itsua beharko nuke izan famatua dela ez aitortzeko eta gure eremu mediatikoan ikono bat bilakatu dela ahazteko. Aintzinako Vaya semanitakoek ederki imitatzen zuten, hain zuzen ere aurkezpenak, hizkera, jarrera seduktorea, keinukera definituak dituelako, oso. Imitatua denak originaltasuna du jatorrian.

Kopiatuak, eta parodiatuak, diren pertsonaien zerrenda on bat edukitzea audientzia-neurketen emaitza puztuak bezain garrantzitsua dela esatera ausartzen naiz. ETBn ez ditugu hainbeste pertsona pertsonaia mediatikoa izatera saltoa egin dutenak. Julio Ibarra gutxi horietariko bat da.

Hamarkadak

Politikoek, ekonomilariek eta marketinean aritzen direnek erabiltzen duten hizkeran, Julio Ibarra kanalaren aktibo bat da. Handiena akaso.

Bere momentuan, J.M. Calleja Ajuria Eneko giro politiko astun eta itxiararen telebidezko aurpegia izan zen bezala, Ibarrari beste garai bateko aurkezpen-txartela izatea suertatu zaio.

Inor jainkotu gura barik, baina azken urteotako ETBko argazki-bilduman bera agertzen da nagusi. Aurkezle/editore lanetan betetzear dagoen hamarkada honetan eta PPren agintaldiko zurrunbilo politiko zentripetoan, ETBk jokatu izan duen nolabaiteko bertsio desberdinaren eta irekiagoaren papera berak gorpuztu du, gaueroko hitzorduarekin.

Notizien sarrerak pertsonalizatu egiten ditu, askotan forceps batez bezala parafrasiak eginez eta loturarik ez duten gauzak bata bestearen ondoan jarriz. Baina, atsegina egiten da. Egiten duen lana gustukoa duela adierazten duten horietarikoa da. Elkarrizketetan gainera, nolabaiteko jarrera distantea mantentzen du. Ez da alfonbra-galdera egiten duenetarikoa: erantzuleak esan nahi dituenak esateko bidea errazten duenetarikoa. Nahiko gorde izan du kazetariak eduki beharreko ikuspegi kritiko minimo hori.

Horrek ekarri du, PP eta PSOE eragile bateratu eta iritzi bakarrekoak (eta bakarrarazleak) ziren sasoian, Julio Ibarra eta deabrua kuadrila bereko kide gisa agertu izana hainbat egunkari, irrati tertulia eta webguneetan (ikus betela Telebatzoki bezalakoak).

Geltokia

Orain, notizia labur batek zehaztasunerako ematen duen tarte estuaz baliatuz, Julio Ibarra Metrora doala plazaratu da. Eta noski, lerro artean hasi dira zurrumurruak eta esamesak. Batzuk diote alde egiten utzi dutela. Besteek Madrilen burua duten alderdien presioaz nekatuta, ETBK arduradunek aitzakia bat aprobetxatu dutela gainetik kentzeko. Entzuna dut, baita ere, diruz tentagarria baina profesionalki mugatuagoa den lan-eskaintza baten aurrean ez duela ETBren agintariengandik beharrezkoa sentitzen zuen babesa sentitu. Eta, beste askok, horietatik eta beste hainbatetatik zerbait egon daitekeela sinistuta daude.

Nik faltan botako dut. Ados egon ala ez bereekin, erizpide garbiak erakutsi dituelako. Eta, ka, telebistagintza publikoan, gauzak hobetzen joateko etengabeko bidean abiapuntu polita eskaini duelako.

Tokiko telebistak eta lotsaizuna

Eusko Jaurlaritzak, eta orohar, komunitate autonomo honetako herri erakunde deitutakoek tokiko telebistarekiko izan duten politika negargarria izan da. Berriro esango dut: politika negargarria.

Inoiz pentsatu izan dut estrategikoa den sektore honekiko erizpide faltan zirela Jaurlaritzako industria, kultura eta hezkuntza sailetakok. Ez zekitela nora jo. Baina, kia, orain uste dut benetan eta kontzienteki hartutako erabaki politikoa izan dela.

Ezer ez egitearen politika jarraitu dutela, nahita.

Frankiziak

Askotan esan ohi dugu (neronek eta gai hau aztertu guran ibili garen Patxi Azpillagak eta Bea Narbaizak) Euskal Herrian 50etik gora lekuko telebista ditugula eta orain aitortu beharra daukat sortu dugun talde-gezurraren beste eragile bat izan garela, gu ere, nahi barik.

Merkatu-legeak markatzen zuenari amore ematearen politika erabili dutela, gurariaz.

Hemen “telebista lokalak” deiturikoetatik gutxi batzuk besterik ez direla benetan lekukoak, gertukoak. Gehienak telebista frankiziatuak dira. Emisio-eremu handiko kanalak. Edukiak katean eskaintzen dituzte. Gertutasuna ez dute zaintzen. Edukiz eta jabegoz kanpoko dinamiken menpe daude.

Tokiko telebistek, euskaraz zein gazteleraz aritzen diren apur horiek, bertoko erreferentzialtasun informatiboa, emisio-eremu txikia eta izaera propioa erabakitzeko autonomia dute. Besteak, tokikotasunaren etiketapean sortu diren kanal frankiziatuak, kateaturik daude. Estatu mailan ari dira, minutu gutxi batzuetako deskoneksioak besterik ez dute egiten.

Azken hauek, egitura mediatiko indartsuagoen menpe egonik, diru gehiago manejatu izan dute, publizitate merkatuan kokatu dira eta populazio gehien duten eremuak kolonizatu egin dituzte.

Eta Jaurlaritza jakinaren gainean zegoen. Egiten uztearen politika aplikatu du.

Urriaren 29an, irakurri nuen, Berrian, euskaraz aritzen diren tokiko telebistek Jaurlaritzari eskatzen ziotela barruti bakoitzeko euskarazko kanal bat bermatu zezala.

Barrutiak eta “kanpotiak”

Eta, Tokikoren arrazonamendua ulertuta ere, ni ez nator bat erreguarekin.

Urtzi Urkizu-k Digitalizazioa izeneko erreportai-sorta interesgarriaren barruan egun bat beranduago argitaratu zuenaren ildotik tira egin beharra dagoela uste dut nik. Kontua ez da, bakarrik, barruti bakoitzeko euskarazko kanal bat egongo dela ziurtatzea baizik eta tokikotasuna eta euskararen normalkuntza batera eramatea.

Jakina da tokiko telebistagintzarako barruti bakoitzean lau kanal sortu ahal izango direla. Horietatik bat behintzat euskaraz aritzea da Tokikoren eskaera. Ba nik, beste abiapuntu bat daukat: tokiko telebistak gertuko informazioa eta eduki propioak eskainiz, euskaraz arituko diren kanalak izango dira eta horren bidez hezkuntza sisteman eta normalkuntza linguistikoaren aldeko bestelako ekimenekin bat egingo dute, ikus-entzunezko egitura mediatiko propioa eta autonomoa sortzeaz bat.

Telebistagintza lokalaren definizioan, gertukoa eta euskarazkoa elementu bazter ezinak behar dute izan. Jaurlaritzak, beste edozein erakundek egiten duen bezala, arautu egin behar du telebistagintzaren panorama. Horretarako erizpide politiko garbiak eduki behar ditu eta kudeaketa lanean aplikatu.

Orain, abenduaren azkenetarako, Jaurlaritzak tokiko telebistagintza antolatu nahi du. Hau da beraz momentu egokia, ganorabakokeriz etxekalte eta neurriz kanpo garatu den telebistagintza arautzeko eta egungo beharretara egokitzeko. Jaurlaritzak hori egiten ez badu, berriro ere, kale historikoa egingo du.

Katalanak zertan ote

Lehen aipatu dudan Urkizuren, urriaren 30eko artikuluan, Kataluniako egoera aipatzen da. Bertan, Jaurlaritzari bidea markatuz bezala, horrela dio tokiko telebista eta bertoko hizkuntzaren arteko harremanaz: “katalan hizkuntza erabiltzeko obligazioa” eta, gainera, Kataluniako kultur adierazpenak sustatu, fikziozko saioak bikoiztu ala azpititulatu eta, musika programazioari dagokionez, entzungai jarriko diren lau kantuetatik hiru katalaneraz izan beharra.

Telebistagintza lokalak, zerbait izan nahi badu, gertuko, euskarazko, ikus-entzunezko industriaren sustatzaile eta telebista handiek bazter uzten dituzten eremuak, edukiak, formatoak eta profesionalak bere barne hartzen dituena izango da.

Beraz

Bestelako ereduak, erdipurdikoak, “barruti bakoitzeko kanal euskaldun bat” modukoa, hilzoria luzatzea besterik ez da izango. Normalkuntza linguistikoaren bideari zangotraban aritzea.

Ez dut esperantza galdu. Sinistuta nago, oraingoan, zeharo atrofiaturiko telebistaren merkatua egituratuko duela Jaurlaritzak eta eremu txikiko telebista merkatua behingoz txukunduko duela. Euskararen aldeko herri ekimenak, kazetari eta telebistako profesional eta ikasle ugarien imaginazioa, hedabide handiek bazterrean uzten dituzten informazio eremu hurbilak eta, orokorrean, telebista erraldoien ondoan txikiak loratzen lagunduko duela.

Beste baterako utzik dut Nafarroan, UPNk ta CDNk, euskaraz aritzeagatik Xaloarekin eta Ttipi-Ttaparekin egiten ari denaz berba egitea. Horretarako extra-adorea behar izango dut-eta.

Artikulu honen tituluan agertzen den “Lotsaizuna” da uda partean irakurri dudan Coetzee-ren liburu zoragarriaren aipamena egiteko aitzaki erraz bat. Euskarara zoragarri dago itzulita liburua. Aprobetxatu.

Eredua

Programatikaren eta programazioaren arteko aldeak komentu nituen lehengo batean. Eta orduan esaten nuenez, gaur egun, telebista-kanal askok bien artean zorabiatuta daudela. Noraezean.

GoiTBren programazio-taula berriak integratu egin ditu biak eta gainera emisio-eremu txikiko beste telebista-kanalentzako eredugarri izan daitekeela.

Telebista lokalen arteko sarea sendotuz doan bezala (Tokiko izeneko erakundeak programen trukea errazten du eta kasuan kasuko programen erosketak ahalbidetu) beharrezkoa zen programazio-eredu propioa sortzea. Lan hori egina da.

Abian da.

Formulazioa

Bost oinarri erraz bezain sendo hartu ditu GoiTBk bere jardunerako.
Bat.

Audientzia lehia gordinetik kanpo jardutea, hori bai, audientzia-kontaktu asko eta laburrak lortzen dituen kanala dela jakitun, horiek errentabilizatzea. Dinosauroen tamainako beste hainbat kanalen aldean, arinagoa, malguagoa eta freskoagoa izatea. GoiTBren audientzia potentzialari kontaktu aukera asko eskaini eta gaur egun dituenak biderkatu. Zappinga ohitura bilakatu den kontsumo portaeratik aberastu. Musean txikira bezala, puntuz puntu jendea erakarriz.

Txikitasunean indartsu, programazio-taula eguneko ahalik eta ordu gehienetara zabaltzea (gaur egun 12 ordu ingurukoa da baina kopuru hori bikoizteko asmoaz). Gertuko informazioa, erreferentzialtasun propioa, zerbitzu-telebista eta euskara oinarri modura duen kanala izatea, goizetik gauera.

Bi.

Telebista ikusteko ohiturak lan-ordutegiaren, egoera pertsonalaren edota konpetentziaren programazioaren arabera moldatzen direnez, modu originalean eta irudimentsuan antolatzea emanaldiak. Behin eta berriro programa berberak errepikatzen dabilen kanalaren beste muturrean, birremisioak multzoka atondu. Ikus-entzule desberdinek, adinez, lanbidez ala izaeraz, telebistaren aurrean esertzen direnean programazio berria eduki dezatela. Beraiengan pentsatuz, propio eraikitako programa-dieta berezia eskaintzea. Fast food-ik ez, mesedez.

Hiru.

Informazioaren eta zerbitzu-telebistaren inguruan egituratzea bere programazioa (laurden gutxioro albistegiak eskainiz; saio laburrak eta luzeagoak, orduaren arabera tartekatuz). Eskualdeko aktualitatearekin bat egiteko aukera ugari eskainiz.

Lau.

Informazioa bizkarrezur gisa hartzen duen programazio-taulan, genero askotako programa laburragoak, freskoagoak eta interesgarriagoak txertatuz.
Fikzioa, umeentzakoa eta nagusientzakoa, Kirolak, Magazinak, Musika eta abarrez homogenotu den telebistaren panoraman alternatiba gisa agertzea.

Eta, bost.

Ilusioz beteriko kanala da, bertan lanean ari direnek gogo hori transmititzen dutelako. Hori, pantailaz bestalde ere somatzen dela ziur naiz.

To be continued: Eredua izenburuko artikulu bat argitaratuko dut egun gutxi barru.

GoiTB berritua

2005eko udaberrian, hasi ziren Debagoienan kokatuta dagoen Goiena Telebistaren helburuak, nondik norakoa, merkatu-kokapena, audientzia eta eskaintza aztertuko zituen lan-taldearen bilerak.

Eta, askotan gertatzen den bezala, Monika Montero, Oihane Agirre, Gorka Etxabe eta laurok, kanalaren ahuleziak, gabeziak eta orain artekoaren irakurketa kritikoa egiten eman genuen denbora dexente. Baina, handik gutxira, ikuspegi errealistatik, “garen modukotik” berba egiten hasiz eta telebista kanal honetarako lanean ari direnen ilusioaz jabetuta aurrera begira pausuak ematen hasi ginen.

Egia da 2005-2006 denboraldirako programazio-taula diseinatzea izan genuen lehen abiapuntua baina berehala konturatu ginen hori baino azterketa sakonagoa (erradikalagoa) egin beharra zegoela.

Sei hilabete pasa dira biltzeari ekion genionetik eta, gauzak diren bezala esanda, programatika eta programazioa ondo uztartzeko moduko formulazioa aurkitu dugula sinistuta gaude. Urriaren lehenetan, GoiTBk pantailaratzen hasi duen programazioak batu egiten ditu epe luzeko helburuak, norabideak eta, aldi berean, eguneroko programazio-taula freskoa eta interesgarria. Motzera eta luzera begira, aldi berean.

To be continued: Formulazioa izenburuko artikulu bat argitaratuko dut egun gutxi barru.