Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Mi querido Klikowsky

Aspaldi egon gabe nengoen ETBk Donostiako Miramon auzunean duen produkzio-zentruan.

Xabier Arizkorreta (bertako produkzio-arduraduna), Alberto Arizkorreta (errealizadoreen boss-a) eta Carlos Zabala (eszenografoa) izan genituen gidari eta azalpen emaile.

Hango platoak eta kontrol-gelak ikusteko Albertoren eskutik ibiltzea tokatu zitzaigun guri.

Oso bisitaldi interesgarria izan zen. Beste gauza batzuen artean, ilusioz eta profesionaltasunez lanean dabiltzatenak ikusi genituelako.

Tipo bizia da Usurbilgo hau. Maider Eguesek aurkezten duen **Chiloé** programaren arduraduna da, gaur egun. Zinezaletasuna, telebista gustukoa edukitzea eta istorioak irudietan jartzeko abilezia agerian uzten du Albertok. Berarekin egonda asko ikasten da.

Hiru platótan zentratu ginen Sorginen laratzarena, Esta es mi genterena eta, amaitzeko, Mi querido Klikowskyrena.

Euzkitzek gidari modura duen saioaren platoa ikaragarri handia da. 800 metro kuadrokoa esan zigutenez. Hutsik ikusita bereziki harrigarria.

Erdian, borobil batek inguratuta, aurkezlearen mahaia (telebistan ematen duen bezain txikia) eta bi alboetan sofa urdin desorosoak.

Atzealdean plasma pantaila bat (programa baten aurrekontua plasmaren kopuruan eta tamainan neur omen daiteke!!) eta metalez eta argiz eraikitako fondo koloretsuak. Egokia dirudi lateshow baterako.

Baina, bereziki, polita da, honen guztiaren gainean dagoen argiteria. Aipatutako 800 metroa kuadroak argiztatzeko sekulako montajea daukate goian. Argi errobotizatuak, euskarri telegidatuak, milaka kilowatiodun argiak…zirraragarria.

Gero, kontraesanak kontraesan, Esta es mi genteren dekoratua duen platora joan ginen. Leku berean, egiten da ere **Políticamente incorrecto**.

Bi saio horietatik bat desegokia da politikoki eta besteak ez du izenburu aproposa. Nik garbi dut zeinek zer, zuk?

Gero, eguneko sorpresa, Mi querido Klikowskyren platoa gainbegiratu genuen.

Jakina denez, udazkenean hasiko dira emititzen Eibarrera bizitzera joango den argentinarraren eta bere neska lagunaren gorabeherak. Guk istorioa garatzen deneko dekoratuak ikusi ahal izan genituen.

Inoiz ETBn egin izan den montajerik konplexuena omen da eta dekoratuak eta setak ikusita hala dirudi.

Jo ta fuego ari ziren dekoratuak amaitzeko, argiztatzeko eta lehen entseguak egiteko. Urduritasuna eta presa nabaritzen zen hango egongela, tailerreko bulego, taberna eta sukalde “faltsu” haietan.

Ikusiko dugu ETB2k fikzio seriatuaren munduan egiten duen apostu berri honek jasotzen duen erantzuna (dagoeneko blogarien mintzagaia izan da; ikus Telezaborra.
)
Udazkenean, TNS mutltinazionalaren audimetroek esango digute.

665707070 eta kontrolak

Trafikoari buruzko informazioa ematen duten irratsaioak ugaritu egin dira hemengo emisoretan.

Radio Euskadi, goiko telefono zenbakia erabiliz jendearen deiak jasotzeko, trafiko gorabeheren informazioaz hornitzen da. Errepidez errepideko datu horiek, gero, orduroko albistegien ostean eta t’erdietan zabaltzen ditu.

Lehengo egunean, Guarda Zibilen kontrolek sortzen duten ilara batean nengoen Zornotza aldean, irratia entzuten, informazio hori emateko momentua heldu zenean. Euria ari zuen, gogor gainera.

Kontrola zioen seinalea ikusi nuenerako trafikoa geldituta zegoen.

Sei t’erdiak ziren.

Radio Euskadi nuen sintonizatuta eta orduan hasi zen errepideen berri emateko “Area de servicio” delako mikrosaioa.

60ra abiadura mugatzen duen seinalea urruti nuen.

Hura ez zen euria, hango ur jaza!

Basaurin errekak gain egin zuen euria zela-eta, Buñuelen trafiko istripu bat gertatu zelako kontuz gidatzeko gomendioa ematen zuten, Endarlazan sekulako kotxe lerroak sortu ziren furgoneta bat errepidetik atera eta gero, eguneroko kotxe pila zela-eta trafikoa moteldu zegoen Ugaldebieta eta Donostialdean… zioen irratiak.

Ni nengoeneko ataskuaz ezer ez.

Euriak ez zuen atsedenik hartzen
40a erakusten zuen seinalera heltzeko minutu asko pasa ziren.

Ia-ia, Area de servicio delakoaren beste edizio bat emititzen hasi behar zirenean heldu nintzen Guardia Zibilak aurrez aurre nitueneko tokira.

Kotxea geldituta neukan. Irratia eta limpiparabrisasa ziren mugitzen ziren bakarrak. Bueno, bihotza ere erritmo biziagoan nuen. Ez ditut gustuko egoera hauek.

Halako batean, berde ilunez (erropa buztiak areagotua) jantzitako uniformatua etorri zen neuregana. Eta haserre aurpegia bistan, keinu arraro bat eginez, makurtu egin zen.

Arnasa izoztu egin zitzaidan.

Segidan altxatu. Esku batean metraileta (ala dena delakoa) agerian zuen bezala, bestean kukurutxo laranja fosforito horietariko bat erakusten zuen. Kontrolaren kit-a jasotzen ari ziren. Bustita goitik behera.

Nire pozerako kontrola erretiratzen hasiak ziren.

Lasaitua hartu nuen.

Radio Euskadin musika entzuten zen.

Trafikoa arindu egin zen segidan. Kotxe asko ginen oraindik ere baina poliki eta frenoa ikutu gabeko gidariek osatzen zuten.

Hori bai, Radio Euskadiren bidez ez genuen jakin errepide hartan egon izandako erretentzioak, are gutxiago zergatik. Agian, ez zelako kontrola pasa zain geundenetatik inor ausartu telefonoa hartu eta Radio Euskadira deitzen.

Hurrengoan, trafikoa anormaldu egiten denean inork deitzen badu, jakin dezala, 665707070 telefonoa atenditzen dutenek ez direla euskaraz erantzuteko gai. Nik, hala ere, euskaraz hitzegin nien eta telefonoa moztu nuenean, seguru, kontrola pasatu eta gero egiten duzun arnas sakona eta lasaigarria egin zuela Area de serviciokoak.

Esan didatenez, Euskadi Irratiak ez ditu trafiko korrespontsal inprobisatu hauek erabiltzen, normalean. Hala ere, birritan aipatu dudan telefono zenbaki horretara deitzerakoan ematen duzun informazioaz baliatzen dira beraiek ere. Ez diet sinistu.

Aintzinakoa

“SOS Deiak” delakoaren telebistako mikrosaioek duten kutsua erabat zaharkitua da. Aurkezpenak bereziki, egin behar ez denaren eredu dira.

Bost minuturen bueltan ibiltzen da larrialdei, arrisku-praktikei eta bere ondorioei buruzko infortising (information eta advertising) adibide txar hau.

Deigarria da, bereziki, euskarazko zein gaztelerazko bertsioetan aurkezle lanetan ageri dena. Clarc Kent (Super Man) itxura duen tipoak lehen lerroetan esertzen den ikasle aspergarria dirudi. Bere orrazkera zainduak eta formal itxurak aspaldiko estetika du.

Esaten duenaren kontrakoa egiteko gogoa ematen du.

Kirolaz topo…

Igande gaua, oheratu aurreko telebista-eskaintzari azken errepasua ematen ari nintzela, kirolaz egin dut tril eta, nola ez, futbolaz ari ziren.

Aitzakia horrekin, Bartzelonak irabazi izanaz eta berdintasunaren legeaz lerro batzuk idaztea pentsatu dut.

Gizonezkoen Athleticek 1997-1998 denboraldian futbol liga irabazi zuenekoa gogorarazi didate atzoko irudiek.

Futbolak, normalkuntza linguistikoak, talde nortasunak eta gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasunak zenbat duten berdinetik jakin gura duenak segi dezala irakurtzen.

Bartzelonako kaleak jendez lepo zirela, autobusean (ez gabarran!!)ibili ziren Barçakoak irabazi izana ospatzen.

Irudi politak ziren, arraza desberdineko hainbat gizon jendearen ohiuei pozik erantzuten eta besoak astintzen futbol taldearen eta senyeraz jositako oholtza ibiltarian.

Athleticek Portugaletetik Bilbora eginiko bidai hura euskal nortasun kolektiboaren aldeko kanpaina politiko askok baino eragin gehiago izan zuela entzun izan da. Kirola izaera propioaren adierazgarri modura.

Atzo, bide beretik ikusi nituen Bartzelonako irudiak. Kataluniartasuna eta beraien hizkuntza atera ziren garaile.

Gu, egun-on-buenos-dias kulturan fosilisatu garen bezala, katalanak beraien hizkuntzaz ari dira arro-arro, normaltasun osoz.

Badugu zer ikasi!

Gainera, kirola telebistaz oso gustukoa ez dudanez, irudien eragin hiponotikoaz Athleticeko neskek irabazi zutenekoak etorri zaizkit burura. Hura ere, zalantza barik, berdintasunaren aldeko hainbat kanpaina baino eraginkorragoa izan zen.

Bide horretatik, proposamen bat egingo dut kirolean gizonak eta emakumeak eskubidez “teorikoz” gain, errealitate berdintsuetan normal-normal aritu daitezen: futbola bezalako kiroletan talde mistoak egitea.

Nongo arauak esaten du 11koa gizonezkoez ala emakumezkoez osatua izan behar duela, zergatik ez bost gizon eta 6 emakume ala alderantziz.

Aldatua da, dagoeneko, hautes-legea non legebiltzarrerako hautagaitzak parekatuak izan behar duten. Noizko futbolean, eta eskubaloian, eta saskibaloian…eta talde-kirol guztietan?

Parekotasun hori lortuta, agian, futbola eta kirola orohar gustatzen hasiko zait eta ez dut hain lehiakor, indarzale, matxista eta arro puzkeriz jantzitako zerbait bezala ikusiko.

Hitzak eta doinuak

Pertsonen arteko berdintasunaren aldeko bideak eszenatokia asko ditu.

Horietariko batean, emakumeak eta gizonak daude, aurrez aurre.

Eta, pentsa daitezkeen guztietatik batean, bertsotan ari dira. Bazkaltzen harrapatzen nau Hitzetik hortzera (ETB1; igandea; 14:45-15:20) delako telebista saioaren emisioak, eta ez dut askotan ikusten.

Atzokoa, aldiz, oso osorik. Eta benetan harrituta gelditu nintzen zein ondo zegoen pentsatua eta burutua emakume garaikideak bertsolaritzan ari direnetik (aritzearekin batera) eman diren berrikuntzak.

Monografikoa zenez, Josu Goikoetxearen aurkezpen laburraren ostean hasi zen erreportaje edo dokumental baten tratamendua zeraman ordu erdi inguruko saioa.

Hainbat bertsolarien (gehien bat emakumezkoak baina ez bakarrik) hitzetan oinarrituta antolatu ziren argudioak. Lehen pertsonan. Bakoitzak bere lekukotza eskainiz.

Maialen Lujanbioren (zelan gustatzen zaidan ideiak jaurtitzeko duen abilezia!) hitzek laburbiltzen dute ondoen saioaren nondik norako: “doinu berberak, hitzak desberdinak”.

Emakume bertsolariak plazan daudenetik bertsolaritza bera aldatu da. Gaiak, jarrerak, iruditeria, ahotsak, umorea, adibideak, sinbolismoa eta balioak. Denak du kolore berria, ez azalean bakarrik, mamian ere.

Amaia Agirrek eginiko dokumentalak sekulako kalitatea zuen. Erritmoa. Arintasuna. Akaso, baliabide tekniko eta audioaren eta bideoaren arteko jokoan laburregia baina, edozelan ere, gogoan eduki eta gordetzeko modukoa. Antologikoa.

Hitzetik hortzeraren monografiko honek oso ondo argitzen zuen noraino emakumezkoen presentziak izan duen eta duen eragina bertsogintzan. Eta aldi berean, berdintasunaren aldeko jardunean zelako pisua duen bertsotan aritzen diren emakumeak edukitzea.

Lehertu da

Xabier Lapitzek Radio Euskadin gidatzen duen El Altavoz delako irratsaioan, goizeko 9etako albistegiaren aurretik eta ostean, tertulia izaten da.

Hiruzpalau pertsona ezagun eta jantziak lanegunero aritzen dira berriketan, titularretara heldu diren albisteen aitzakian.

Hizketarien arteko tentsio gorenera iritsi da gaur, nagusiki, nortasun kontuak medio.

Jarrera politiko eta sentsibilitate sozial desberdineko tertuliakideak pasatzen dira bertatik. Eta horrek, saioari nolabaiteko bizitasuna eta aniztasuna ematen diola uste dut nik.

Gaurko egunean, ostiraletan beraz, Rikardo Gatzagaetxeberria, Xose Manuel Barreiro, Carlos Coello eta Nekane Jurado aritzen dira tertulian.

Azken biak soka berekoak ez direla agerian gelditzen da ahoa zabaltzen hasten direnerako. Baina, gaurkoan bien arteko kimika falta agerian gelditu da.

Carlos Coello oso jantzia da hitzegiten, ahotsez eta argudioz. Autore eta pertsonaia ospetsuen aipu pila erabiltzen du bere alokuzioetan. Zorrotza. Gustatzen ez zaiona agerian uzten duen horietarikoa. Arroa sarritan.

Baina, esaldi berean bi filosofo, esaera zahar bat eta gertakizun bat sartzen badu ere, esaldia ondo borobiltzen du, ez da argudioaren adarretan zintzilikatuta geratzen. Esan nahi dituenak amaierara eramaten ditu.

Nekane Jurado hizkera errazeko pertsona da. Ahots fina eta arnasa hartzerakoan zarata egiten du. Politikagintzaren ikuspegi humanoa erakusten daki eta bere esperientzia eta ingurukoena erabiltzen du argudio eta lema gisa.

Entzuten daki.

Luzatu egiten da esaldiekin, baina apal-apal eta, sarritan, etxetik kanpo jokatzen duela jakin arren, esan behar dituenak esaten duenetarikoa da.

Gaur, bi estilo, bi jarduteko modu eta bien sentsibilitate kontrajarri horiek talka egin dute eta bataren zirikatze doktoa bestearen jardun lasaia etsai bilakatu dira.

Coellok beti goitik behera aritzen denez, bigarrena sutu du. Juradoren iritziak temati azaldu nahia lehena asaldatu du.

Azkenean, Nekane Juradok, eztabaiden atzetik egon izan den kimika eta nortasun kontrajarrien gaia atera du, ausart. Coellori zer gertatzen ote zaion galdetu dio, ia zergatik ez dion berba egiten uzten…

Tentsio handia izan da.

Argudioen kontrajarriak baino tertuliakideen nortasunak eraman ditu biak muturretara. Goizeko bederatziak jo dute eta bost bat minutuz gauzak hozteko aukera izan da.

Albistegitik itzuleran, bestelakoetan hain segurua izaten den Xabier Lapitz inguruak baretu nahian ibili da, trakets.

Maite Artola

Gaur egungo irratigintzan gehien gustatzen zaidan profesionala da.

Esatari ona, kazetari zorrotza eta aurkezle atsegina.

Informazioan zentraturiko magazina da berea. Interesgarria, oso. Gaurkotasunaren zergatietan ibiltzen dena.

Tertuliaren tartea ere gustora entzuten da. Zertaz ari diren dakitenen arteko elkarrizketa moderatzen du Maitek. Horrek ez du kentzen berak zuzentzen duen irrastsaioan (“Mezularia”, Euskadi Irratia, lanegunero, 18:00-20:30) gauzak moztu behar direnean dzast egiten ez duenik. Ezta ere, naturaltasun osoz parre egitea egoerak hartara eramaten duenean. Parre freskoa eta kontagiosoa.

Antzespena eta erregistroak

Egun beretsuetan Carol Woitylaren heriotzaren, txirrindulari lasterketaren eta hauteskunde kanpainaren gorabeherak gai modura hartuta irrati-telebistan programazio bereziak egon ziren.

Irudirik ez-eta, irratian, ahotsaren bidez ematen zaio indarra kontakizunari eta agerian gelditzen da irrati-mezuak norainokoa duen antzespen-maila. Eguneroko harremanetan ere, pentsatzen dugunaren eta esaten dugunaren arteko zubia pasatzerakoan artifizialtasuna dago.

Baina, lagunen arteko hizketaldietatik mikrofono bat erdian daukagunetara alde handia dago.

Eta, hor, eremu publikora salto egin eta geroko diskurtso horretan, hitzak, esaldiak eta tonuak neurtuagoak dira eta, maila horretan, fikziozkoagoak. Fikzio horrek normaldua den profesio-hizkera, lokuzio formak eta erregistroak errutinizatuak daukan arren.

Total, esan nahi dudana zera da: San Petri plazatik Arantzazura eta hortik mitin batera salto eginez esatarien hizketa-modua zeharo aldatzen dela.

Aldea sekulakoa da.

Batikanon, egunetan egon zen informazio falta medio, tonua pausatua zen, liturgia kriptikoaren parte bailitzan eta hildakoarenganako goraipamen eta laudorioz betea. Apologetikoa zeharo, baina subliminala aldi berean.

Arantzazun, oraingoan txirrindulari froga garrantzitsu bat bertan amaitzen zelako, giro-soinu barrakeroa eta esatariaren hizketaldi berborreikoa nahastu egiten ziren. Maldan gora ari ziren txirrindularien pedalkadekin identifikatu behar horrek entzulea takikardiarako zorian jartzen zuen, modu erakargarri eta freskoan baina.

Esatariak txirrindularia adina izerdituta amaitu zuela zalantzarik ez dut. Hain zen handia enpatia.

Gero, Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeei buruzko informazioa/propaganda zetorren. “Propaganda” (legez, alderdi batzuen esku jartzen dena muxu truk) eta “Informazioa” (lehengo alderdi berdinei albistegietan oparitutako minutuak) etiketapean kokatzen zena kanpainak irauten zuen bitartean.

Tonu hotza, serioa, neutroa eta, atzetik, alderdi horiek esan nahi zutenaren transmisore hutsaren papera betez.

Hiru erregistro (kontzilioa, kirol-erretransmisioa eta eslogan politikoa) horien arteko zappinga benetan kuriosoa zen, barregarria ez esatearren. Artifizialtasuna hain zen handia hiru kasuetan!

Irratia entzuten nueneko kotxea aparkatzen ari nintzenean, politikoa kulotez jantzia eta lore sorta eta guzti podiumera igoten, Ratzinger kardinala mitinean lehendakari izan nahi zuela esaten eta mitraz apainduriko txirrindularia imaginatzearekin irripartsu nenbilen.