Badakit, zaila dela izenburuan agertzen diren
elementuak nola lotu ditzakedan pentsatzea. Irakurri segidan datozen lerroak
eta mataza askatzen joango naiz.
Nire lagun batek esaten zuen, Imanol
(Lartzabal) kantariaren musikak tristetu egiten zuela. Hori bai, melankoniatsu
zegoenetan, bere kantuak entzutea baino gauza hobegorik ez ei zegoen alaitzeko.
Aurtengo udaberriko jaiegunetan etxe-inguruan
ibili naiz. Ez neukan ez planik ezta gogorik ere inora joateko. Egunero entzun
izan ditut telebistako albistegietan, oporretan etorritakoen penak eta nekeak euria, elurra
eta denboralea (hala irakurri nuen
Berrian itsas zakarra eta olatu erraldoiak izendatzeko!) zela-eta.
Niri bost zelako eguraldia egiten zuen.
Egitekoa neukana egiteko parra, eguraldi ona ala txarra.
Ala ere, ETBko eguraldiaren berri izan dut
erreferentzia modura, eta ordu betero irratian ematen dituzten parteak ere
entzun izan ditut sarritan. Eta, egunez egun zelako eguraldia egingo zuen jakiten nuen. Aldatu, ezin nuen
eguraldi kaxkarra aldatu, baina elurra,
euria, hotzberoa eta itsasoaren egoera zehaztasun handiz jaso nezakeen,
egunero, orduoro gura izanez gero (“…eta noiznahi eitb24.com-en”).
Hori bai, Rubalcaba espainiar ministroari entzun nionean,
“biolentzia-aro luze” baten aurrean geundela esaka, atsekabetu egin nintzen,
zeharo.
Nola da posible eguraldia, berez naturaren
esku dagoen gorabehera kontrola ezina, eta egoera politikoa (baita
biolentziaren aurpegiak erakusten dituena ere) maila berean baleude bezala sentitzea!. Nola liteke, euria egiten duenean
guardasola hartzearen pareko izan behar izatea “biolentzia-aro luzea”
datorrenean, pasatu arte zain egotea baino irtenbide gehiagorik ez egotea.
Umore txartu egiten nau horrek. Izan ere, “erabakitzeko
eskubidea” bezala, “zelako aroak” eta beraien “luzera” erabakitzeko eskubidea eduki
gurako neuke.
Imanolen kanta bat jarriko dut eta, seguru egon, horrek fatalismotik irtetzen
laguntzen nauela