Besteen hitzetan

Television 2008-International Key Facts izeneko txostenean irakurri dut oso gustura “Families of Channels:  Scheduling  and Programming Strategies in a Digital World” artikulua. Gustatu zait, bi orrialde eskasetan laburtzen duelako kanal bat baino gehiago aideratzen dituzten kateetan, nolako harremanak mantendu behar diren. Akaso proposamen interesgarria izan daiteke ETB katearentzako, hirugarren kanalak lehen pausuak ematen dabilenean eta ETB4 jaioko denerako.

Bakel Walden-ek  idatzitako artikuluan dio digitalizazioari ez zaiola bildurrik eduki behar, orain arte ezagutu izan ditugun audientzia erraldoiak zatitzen baditu ere. Berez datorrela audientzien birrintzea.
Hitzekin jostatuz, hala idazten du berak: “Fragmentazioari ez bildurrik eduki. Egin dezagun guk zatiketa, beste inork gu zatitu baino lehen.”
Oso aproposa iruditzen zaio Waldeni lehen bakarra zeukaten kanalek eskaintza ugaritzea. “Kanal familia” kontzeptua erabiltzen du berak. Helburua garbi eduki behar dela esaten du: bata bestearen arrimuan, audientzia txikiak pilatzea eta batzea.
Horretarako, famili bereko kanalen arteko kanibalizazioa ekidin behar dela azpimarratzen du. Programazio-taulak osagarriak izan  daitezela eta modu horretara kanal batek besteari kalterik egin ez. 
Nolabaiteko osagarritasuna bilatu: fikzioa kanal batean eta informazioa bestean, xede-talde heldua eskaintzetako batean eta umeak bestean. Generoekin, targetekin eta ordutegiekin jokatzea.
Programazio-taula independienteak bai, baina osagarritasunean irabaziz.
Waldenek dioenez, oso garrantzitsua da gainera marka sendo bat edukitzea. Lehen aipatu dudan familia hori oso ondo definitzea.

Horretan, eta gurera etorriz, hizkuntzaz eta nolabaiteko gertutasun informatibo eta erreferentzialaz, sekulako abantaila daukagu.

Eta esango nuke nik, familia osatze horretan, ETBko kanalez gain, tokikoek ere badutela zereginik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude