Pertsonen arteko berdintasunaren aldeko bideak eszenatokia asko ditu.
Horietariko batean, emakumeak eta gizonak daude, aurrez aurre.
Eta, pentsa daitezkeen guztietatik batean, bertsotan ari dira. Bazkaltzen harrapatzen nau Hitzetik hortzera (ETB1; igandea; 14:45-15:20) delako telebista saioaren emisioak, eta ez dut askotan ikusten.
Atzokoa, aldiz, oso osorik. Eta benetan harrituta gelditu nintzen zein ondo zegoen pentsatua eta burutua emakume garaikideak bertsolaritzan ari direnetik (aritzearekin batera) eman diren berrikuntzak.
Monografikoa zenez, Josu Goikoetxearen aurkezpen laburraren ostean hasi zen erreportaje edo dokumental baten tratamendua zeraman ordu erdi inguruko saioa.
Hainbat bertsolarien (gehien bat emakumezkoak baina ez bakarrik) hitzetan oinarrituta antolatu ziren argudioak. Lehen pertsonan. Bakoitzak bere lekukotza eskainiz.
Maialen Lujanbioren (zelan gustatzen zaidan ideiak jaurtitzeko duen abilezia!) hitzek laburbiltzen dute ondoen saioaren nondik norako: doinu berberak, hitzak desberdinak.
Emakume bertsolariak plazan daudenetik bertsolaritza bera aldatu da. Gaiak, jarrerak, iruditeria, ahotsak, umorea, adibideak, sinbolismoa eta balioak. Denak du kolore berria, ez azalean bakarrik, mamian ere.
Amaia Agirrek eginiko dokumentalak sekulako kalitatea zuen. Erritmoa. Arintasuna. Akaso, baliabide tekniko eta audioaren eta bideoaren arteko jokoan laburregia baina, edozelan ere, gogoan eduki eta gordetzeko modukoa. Antologikoa.
Hitzetik hortzeraren monografiko honek oso ondo argitzen zuen noraino emakumezkoen presentziak izan duen eta duen eragina bertsogintzan. Eta aldi berean, berdintasunaren aldeko jardunean zelako pisua duen bertsotan aritzen diren emakumeak edukitzea.
Badakit ez dela politikoki zuzena, baina nik saioa ikustean zera pentsatu nuen: emakume bertsolaria izateko beharrezkoa al da itsusia izatea?
Eta zu, guapoa zera? Izenik baduzu?