Igande gaua, oheratu aurreko telebista-eskaintzari azken errepasua ematen ari nintzela, kirolaz egin dut tril eta, nola ez, futbolaz ari ziren.
Aitzakia horrekin, Bartzelonak irabazi izanaz eta berdintasunaren legeaz lerro batzuk idaztea pentsatu dut.
Gizonezkoen Athleticek 1997-1998 denboraldian futbol liga irabazi zuenekoa gogorarazi didate atzoko irudiek.
Futbolak, normalkuntza linguistikoak, talde nortasunak eta gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasunak zenbat duten berdinetik jakin gura duenak segi dezala irakurtzen.
Bartzelonako kaleak jendez lepo zirela, autobusean (ez gabarran!!)ibili ziren Barçakoak irabazi izana ospatzen.
Irudi politak ziren, arraza desberdineko hainbat gizon jendearen ohiuei pozik erantzuten eta besoak astintzen futbol taldearen eta senyeraz jositako oholtza ibiltarian.
Athleticek Portugaletetik Bilbora eginiko bidai hura euskal nortasun kolektiboaren aldeko kanpaina politiko askok baino eragin gehiago izan zuela entzun izan da. Kirola izaera propioaren adierazgarri modura.
Atzo, bide beretik ikusi nituen Bartzelonako irudiak. Kataluniartasuna eta beraien hizkuntza atera ziren garaile.
Gu, egun-on-buenos-dias kulturan fosilisatu garen bezala, katalanak beraien hizkuntzaz ari dira arro-arro, normaltasun osoz.
Badugu zer ikasi!
Gainera, kirola telebistaz oso gustukoa ez dudanez, irudien eragin hiponotikoaz Athleticeko neskek irabazi zutenekoak etorri zaizkit burura. Hura ere, zalantza barik, berdintasunaren aldeko hainbat kanpaina baino eraginkorragoa izan zen.
Bide horretatik, proposamen bat egingo dut kirolean gizonak eta emakumeak eskubidez “teorikoz” gain, errealitate berdintsuetan normal-normal aritu daitezen: futbola bezalako kiroletan talde mistoak egitea.
Nongo arauak esaten du 11koa gizonezkoez ala emakumezkoez osatua izan behar duela, zergatik ez bost gizon eta 6 emakume ala alderantziz.
Aldatua da, dagoeneko, hautes-legea non legebiltzarrerako hautagaitzak parekatuak izan behar duten. Noizko futbolean, eta eskubaloian, eta saskibaloian…eta talde-kirol guztietan?
Parekotasun hori lortuta, agian, futbola eta kirola orohar gustatzen hasiko zait eta ez dut hain lehiakor, indarzale, matxista eta arro puzkeriz jantzitako zerbait bezala ikusiko.
> Gizonezkoen Athleticek 1997-1998 denboraldian
> futbol liga irabazi zuenekoa gogorarazi didate
> atzoko irudiek.
Nik esango nuke Atletikek ez duela ligarik irabazi 1984tik. Hala ere, futbolaz zu bezain ez-jakina naiz eta ezin esan zer ospatuko zuten 97-98ko zure oroitzapen horretan…
Athleticek bi urtez segidan irabazi zuen liga (1982-1983 eta 1983-1984 denboraldietan) eta horien ondorioz ikusi genuen Ibaizabaletik gora, gabarran.
Dena esateko, urte bete lehenago Errealaren esku zegoen ditxosozko domina.
Hauek bezalako zehaztasun asko aurkitu daitezke LFP delakoaren webgune ofizialean.
Zaletasun falta ez dakit, baina nire ezjakintasuna futbol gaietan agerian gelditzen da segituan, Unai.
Athletic-en gizonezkoek ez zuten irabazi liga txapelketa 1997-98an. Orduan bigarren geratu ziren eta Europako Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu ziren, azken partiduan, San Mamesen, Zaragozaren aurka nagusitu ostean.
Edorta erratu egin zara datarekin, baina normala da, ze zuri-gorriek sekulako festa antolatu zuten, Bilboko kaleak leporaino bete ziren, eta ETBk zuzenean eman zituen festa-ekitaldiak, Athletic-ek liga irabazi izan balu bezala.
Denboraldi hartan Reala hirugarren sailkatu zen, bizkaitarrengandik puntu bakar batera eta ezin izan zuen txartela lortu Europako onenekin jokatzeko, UEFArako bai, ordea.
Bizkaitarrek lortutako bigarren postua ospatzeko antolatutako ekitaldietan, Julen Guerrero kapitainak, mikrofonoa eskuan, sekulakoak bota zituen udaletxeko balkoitik orduko Realeko presidente Luis Urangaren aurka ETBko kameren aurrean eta milaka zaleen txaloen artean. Baina, biharamunean, damututa-edo, telefonoz deitu zion Realeko buruzagiari barkamenak eskatzeko (bere anaia Jose Felix Guerrero Realarekin harremanetan zen haiekin fitxatzeko).
Bartzelonaren garaipena ospatzeko atzo Camp Noun antolatutako ekitaldietan Etook ere irainak jaurti zituen Real Madrilen aurka. Biharamunean, hau da gaur, prentsaurrekorako deia egin du 17:30etarako. Honek ere, damututa, barkamenak eskatuko dizkie zuriei? Ikusiko dugu.
Total, futbolaz ezer ez dakidala agerian gelditu da. Baina, egin dudan proposamenaz zer? Futbol mistoari eta horren eragina kirolaren demokratizaziori buruz zer?
Satututa daukazue futbola, my friends!
Nik lehen ideiari helduko diot gaur, identitatearenari eta eragin sozialarenari.
Erabat ados nago dinozunarekin Edorta, zorionez ala (hala dela uste dut) zoritxarrez gaur egun, kirolariak, eta oro har futbolariak masen idolo dira, modak ezartzen dituzte, gure gizartearen erreferentzia personak dira.
Ikaragarrizko baliabide ekonomiko eta batez ere komunikatiboak dauzkate eta askotan pentsatzen dut haien berbek masengan izan lezaketen eraginean.
Imajinatzen duzu zelango oihartzuna izango lukeen Athletik eta Errealeko jokalariak, partidu anual folkloriko batez gaindi, benetan Euskal Selekzioarekin konprometitzeak? edo… nik zer dakit, “La Naval”eko langileekiko elkartasunagatik greban hasteak????
Itzela da daukaten botere mediatikoa eta hori ez da aprobetxatzen. Edo hobe esanda, boteretik aprobetxatzen da, ogia eta zirkua baino ez eskeiniz.
Sekula ulertu ez dudan kontu bat da. Talde batekoa izate hori. Identitatea omen da… Baina zerk batzen zaitu zu zu zaren talde horrekiko? Zure hirikoa izatea? Hori da identitatea?
Nik uste Athleticen kasuan, konponente nazionalista bat dagoela funtsean. Euskal jokalariekin bakarrik jokatzen duen taldeak, derrigor izan behar du euskal sena… eta horrekin identifikatzen gara (identifikatzen bagara) asko. Kontua da ia zertan ikusten den sen hori… plantilla osotik 5ek baino ez dakitenean euskeraz… Egunkaria itxi eta haren alde 2 jokalarik baino ez dutenean sinatzen… ez dutenean euren posizio pribilejiatua ezertarako erabiltzen…
Ez dut kirol profesionala ulertzen. Zirko bat baino ez da. Horregatik nahi nuke lehoiek aprobetxa zezaten aurkezle babuari mikrofonoa kentzeko.
Zuek zer uste duzue?
Atzo mezu bat idatzi…
eta hara zer topatzen dudan gaur “El Pais”en portadan.
“Ronaldo une a palestinos e israelies”
(bisita bat egin omen du hara morroiak)
Bakearen Nobel Saria Ronaldiri!!!!! Hurra!
Nik ere ikusi nuen Ronaldo, kolorea galduta. Hango jendetza, sinadura-eskea, agintari aprobetxategia eta abarrez inguratuta.
Dena dela, Josu zer esan nahi duzu “Horregatik nahi nuke lehoiek aprobetxa zezaten aurkezle babuari mikrofonoa kentzeko” esaldiarekin?
Partiden aurretik aurkezpen modura entzuten omen den ahotsaz zabiltza?
Ondo segi, ligalari.
Ogia eta zirkua, bai horixe. Eta ogi gutxi dagoenean, ba, zirku gehiago!