Betidanik, Guardia Zibilek gustuko izan dituzte bodegoiak.
Etsaiari harrapaturikoak ehiza-domin gisa txukun-txukun atondu eta egunkari eta telebistak lekukotza grafikoa eman dezaten deitzea zen kontua.
Seguru nago, frankismoaren garaitik gaur arte iraun duen estilismo eskolak lan handia eduki izan duela. Eta, ekinaren ekinez, berdez janzten diren hauek eskaparateak antolatzera dedikatzen direnen pareko profesionaltasuna lortua dutela dagoeneko.
Askoren iruditerian betiko dauden bezala tiroz hildako Makien eta Ahumadako Dukearen jarraitzaileen zuribeltzezko argazkiak eta El Lute deitzen zutena zaurituta txapelokerdun pareaz inguratuta, hortxe daude ETAkoei entzemandako kloratita/titadine/denadelako saltxitxak eta, denboran aurrerago, hatxixa, eskuko ordenadoreak, kokaina, bideo piratak, pastillak eta detonagailu super sofistikatuez antolaturiko stand publizitarioak ere.
Geurera etorriz, atxiloketa bakoitzaren ostean (ETA da, duda barik, zuzendaritzakide gehien eta militante soil gutxien izan duen erakundea) montatzen zuten eta dute displaya.
Ez-dakit-zenbatgarren-komandantziaren zenbakiaren eta anagramaren azpian mahai bat jartzen dute eta etakideei atzemandakoak erakusten dituzte.
Armez ezer ez dakienak ere leherkariak, pistolak eta metrailetak identifikatzen dituzte erraz.
Baina, gainera, haien ondoan, beti kokatzen dituzten dotore eta txukun kaputxak eta eskularruak, liburuak, aldizkariak (Punto y Hora, Ardi Beltza edo gestoretako argitalpenak), diru metak eta, berrikuntzen artean, sakeleko telefonoak.
Azken multzo honetakoak normalagoak diruditen elementuak izaten dira, guk ere horrelakoak baditugulako etxean.
Tresneria militarraren ondoan paratzen dituzten elementu domestiko horiek osagarri hutsak direla (eta zirela) pentsatuko du norbaitek. Baina, buruari bi buelta emanda, erakusgai jartzen denaren elementu intimidagarrienak haiek direla pentsatzera heldu naiz (horrelakoak baldin badituzue, zuek ere kontuz ibili esanez bezala ikusleari).
Semiotika
Aspaldi ez ditut telebistaz horrelako erakusleio polizialik ikusi. Litekeena da estilo horretako agerpen mediatikorik ez behar izatea. “Ausartuko ez ginela pentsatzen ote zenuten” aznarraldian eta ostean, boterea eta efikazia beste erabatera plazaratzeko moduak erabiltzea. Edota, agian armen eta leherkarien lekua ordenagailuz, telefonoz, liburuz, alderdien estatutuez, proposamen politikoez eta horrelakoez betea agertu beharko liratekeelako orain eta horiek ez bide zaizkie hain ikusgarriak/erakusgarriak irudituko.
Gainera, gaur egun, kazetariek lehen zuten “errealitatearen notario” eta testigantza lana indar polizialek beraiek egiten dute bideoz atxiloketak eta bestelako ekinaldiak grabatuz.
PGC Productions
Itxura guztien arabera aspaldiko bodegoiak lekuz kanpo daude gaur-gaurkoz. Tele-errealitatearen garaian performanceak behar omen dira ikus-entzulearen arreta eskuratzeko eta mantentzeko.
Bodegoietara dedikatzen zirenek birziklatu eta kamera digitalak eta edizio ez-lineala ikasi dute. Punta puntako teknologia.