Birrirakurri dut Bigen Zupiriak, Euskal Telebistaren zuzendariak, uztailan, Berrian, idatzi zuen artikulua.
ETB1, oraina eta geroa artikulu sortan (blog honetantxe aurkituko dituzu gainontzeko artikuluen laburpena eta iruzkinak), telebistako goi-agintariak bota zituenak Inor ez da konforme ETB1ekin izenpean argia ikusi zuten.
Bi parte oso desberdinak ditu artikuluak, kontrajarriak esango nuke nik. Niri idatziaren bigarren erdia gustatzen zait. Hona hemen bertan esaten dituen batzuk:
- “Agian, euskarazko telebista berriz definitzeko ordua iritsi da: zertarako nahi dugun pentsatu, helburu berriak ezarri eta lehentasunak non dauden erabakitzeko tenorea”
- Euskararen normalkuntzan telebistak izan duen eta etorkizunean ere joka dezakeen papera. Euskararen ezagutzatik erabilerara egin beharreko bidean “…euskaraz egindako produktu arrakastatsuak eskaintzeko gai izan beharko luke, eta helburu bezala lehenetsi beharko lituzke haurrak, gazteak eta familiartea eta horientzako programak egin, batez ere.”
- Euskarazko telebistaren profesionaltasuna indartu. Dauden profesionalak, medioak berak duen kontsiderazio soziala (entretenimendua da nagusitu dena) eta munduan dauden telebista-eredu desberdinak aztertuz eta tendentzia berrietatik edanez. Dugun merkaturako lehiakorra eta arrakasta helburu duen kanala bultzatu.
- “Aktualitatea. Euskaraz egiten den telebistak aktualitateari lotua egon behar du. Eta aktualitatea esanahirik zabalenean hartuko nuke. Gure gizarteko gertakizunen ispilu izan behar du eta aktualitatearen arlorik gehienetara iristeko gai izan behar du.”
Artikuluaren zati hau sinatuko nuke dagoenetan. Ados nago-eta esaten duenaz.
Baina, agian, esateaz gain, egiteko ahalmena banu, zehaztasun batzuk erantsiko nizkioke: helburu horiek gauzatzeko epe ertaineko plangintza, medioak (ETBren baitako euskarrien sinergiak, programazio-taulak, programak, aurrekontuak…) eta kontrolak (kualitatiboak eta kuantitatiboak).
Bigen Zupiriaren artikuluaren lehen zatia, ordea, beste pertsona batek idatzia dirudi.
Konfirmatu
Ez du ematen euskarazko telebista birdefinitzeko ordua iritsi dela eta “zertarako nahi dugun pentsatu, helburu berriak ezarri eta lehentasunak non dauden erabakitzeko tenorea” aipatzen duenak aurretik halako abiapuntua eduki dezakeenik.
Inor ez da konforme ETB1ekin artikuluaren lehen lerroetan, gehiegitan somatzen dugun jarrera ageri da: erasotua sentitzearena.
Bertan esaten da ETB1 (“oso kritika gogorren”) jomuga dela, ikuspegi partzialetik eta mugatutik eginak eta beti ere biktimismoa erakutsiz (“irudi luke inor ez dagoela konforme ETB1ekin eta euskarazko telebistak hogei urtean ez duela pauso bakar bat aurrera eman eta ez duela batere indargunerik”).
Esandakoa borobilduz, “kateak zer izan beharko lukeen iritzia ematen dutenen artean telebistazale gutxi dagoela” botatzen du, trankil asko.
Total, badirudi Berriak zabaldu zuen eztabaidaguneak bata bestearengandik ikasteko edo behintzat entzuteko aukera, beste bat, galdu zela.
Ez nago ETB1ek egiten dituen gauza askorekin konforme. Kanal horrekiko eta, zerbitzu publikoa den neurrian, katearekiko iritzia, aldekoa ala kontrakoa, kritikoa beti, mantenduko dut. Inporta zaidalako. Oso garrantzitsua iruditzen zaidalako.
Daukagunaren aurrean konformatzea azkena litzateke.