Arantxa Urretabizkaiak programa tarte berri bat du Radio Euskadiren Boulevard irratsaioan. Almudena Cachok gidatzen eta Sonia Hernandok zuzentzen duten magazinean hamar bat minutu izango ditu, ulertu diodanez,euskal kulturatik eta euskaldunen ikuspegitik gaiak, iritziak eta istorioak plazaratzeko. Irailaren azken egunean, lehengo ostiralean, izan zuen Arantxa Urretabizkaiak bere estreinua.
Saio polita egin zuen Xabier Leteren “Habanera” entzutetik eta bertsolaritzaren munduan melodia horrek izan duen erabilera eta bilakaera entzunez eta komentatuz.
Ideia interesgarria da, berez, bertoko erreferentzia kulturalak eta hizkuntza bera hain urri erakusten duten irratsaioetan gauzak aldatzen hasteko.
Gainera, inpresioa daukat, ostiralekoa bezalako saioekin bezala, euskara eta euskal kultura hurbiltzeko ahaleginean gogoa eta formula egokiak bilatu besterik ez dela egin behar.
Zorte on eduki dezala.
Hori bai, mikrosaioaren aurkezpen egunean “aqui empieza la sección vasca” edo “tarte honendako markatuak ditugun helburu editorialak hau eta hau dira” bezalako esplizitatu gabeko komentarioak ez zirela beharrezkoak irudipena daukat.
Entzuleari ez zaio zergatik esan behar programa, ala tarte bat, antenatzerakoan lortu nahi diren helburuak zeintzuk diren.
Beste era batera esanda, sedukzioaren jokoan bezala, ez dut helmuga zein den adierazi beharra ikusten. Bidea erakargarria egitea bada nahikoa.
Jakintsu harek zioenez, helburua lortzeko hastea izaten da kontua.