Eusko Jaurlaritzak, eta orohar, komunitate autonomo honetako herri erakunde deitutakoek tokiko telebistarekiko izan duten politika negargarria izan da. Berriro esango dut: politika negargarria.
Inoiz pentsatu izan dut estrategikoa den sektore honekiko erizpide faltan zirela Jaurlaritzako industria, kultura eta hezkuntza sailetakok. Ez zekitela nora jo. Baina, kia, orain uste dut benetan eta kontzienteki hartutako erabaki politikoa izan dela.
Ezer ez egitearen politika jarraitu dutela, nahita.
Frankiziak
Askotan esan ohi dugu (neronek eta gai hau aztertu guran ibili garen Patxi Azpillagak eta Bea Narbaizak) Euskal Herrian 50etik gora lekuko telebista ditugula eta orain aitortu beharra daukat sortu dugun talde-gezurraren beste eragile bat izan garela, gu ere, nahi barik.
Merkatu-legeak markatzen zuenari amore ematearen politika erabili dutela, gurariaz.
Hemen telebista lokalak deiturikoetatik gutxi batzuk besterik ez direla benetan lekukoak, gertukoak. Gehienak telebista frankiziatuak dira. Emisio-eremu handiko kanalak. Edukiak katean eskaintzen dituzte. Gertutasuna ez dute zaintzen. Edukiz eta jabegoz kanpoko dinamiken menpe daude.
Tokiko telebistek, euskaraz zein gazteleraz aritzen diren apur horiek, bertoko erreferentzialtasun informatiboa, emisio-eremu txikia eta izaera propioa erabakitzeko autonomia dute. Besteak, tokikotasunaren etiketapean sortu diren kanal frankiziatuak, kateaturik daude. Estatu mailan ari dira, minutu gutxi batzuetako deskoneksioak besterik ez dute egiten.
Azken hauek, egitura mediatiko indartsuagoen menpe egonik, diru gehiago manejatu izan dute, publizitate merkatuan kokatu dira eta populazio gehien duten eremuak kolonizatu egin dituzte.
Eta Jaurlaritza jakinaren gainean zegoen. Egiten uztearen politika aplikatu du.
Urriaren 29an, irakurri nuen, Berrian, euskaraz aritzen diren tokiko telebistek Jaurlaritzari eskatzen ziotela barruti bakoitzeko euskarazko kanal bat bermatu zezala.
Barrutiak eta kanpotiak
Eta, Tokikoren arrazonamendua ulertuta ere, ni ez nator bat erreguarekin.
Urtzi Urkizu-k Digitalizazioa izeneko erreportai-sorta interesgarriaren barruan egun bat beranduago argitaratu zuenaren ildotik tira egin beharra dagoela uste dut nik. Kontua ez da, bakarrik, barruti bakoitzeko euskarazko kanal bat egongo dela ziurtatzea baizik eta tokikotasuna eta euskararen normalkuntza batera eramatea.
Jakina da tokiko telebistagintzarako barruti bakoitzean lau kanal sortu ahal izango direla. Horietatik bat behintzat euskaraz aritzea da Tokikoren eskaera. Ba nik, beste abiapuntu bat daukat: tokiko telebistak gertuko informazioa eta eduki propioak eskainiz, euskaraz arituko diren kanalak izango dira eta horren bidez hezkuntza sisteman eta normalkuntza linguistikoaren aldeko bestelako ekimenekin bat egingo dute, ikus-entzunezko egitura mediatiko propioa eta autonomoa sortzeaz bat.
Telebistagintza lokalaren definizioan, gertukoa eta euskarazkoa elementu bazter ezinak behar dute izan. Jaurlaritzak, beste edozein erakundek egiten duen bezala, arautu egin behar du telebistagintzaren panorama. Horretarako erizpide politiko garbiak eduki behar ditu eta kudeaketa lanean aplikatu.
Orain, abenduaren azkenetarako, Jaurlaritzak tokiko telebistagintza antolatu nahi du. Hau da beraz momentu egokia, ganorabakokeriz etxekalte eta neurriz kanpo garatu den telebistagintza arautzeko eta egungo beharretara egokitzeko. Jaurlaritzak hori egiten ez badu, berriro ere, kale historikoa egingo du.
Katalanak zertan ote
Lehen aipatu dudan Urkizuren, urriaren 30eko artikuluan, Kataluniako egoera aipatzen da. Bertan, Jaurlaritzari bidea markatuz bezala, horrela dio tokiko telebista eta bertoko hizkuntzaren arteko harremanaz: katalan hizkuntza erabiltzeko obligazioa eta, gainera, Kataluniako kultur adierazpenak sustatu, fikziozko saioak bikoiztu ala azpititulatu eta, musika programazioari dagokionez, entzungai jarriko diren lau kantuetatik hiru katalaneraz izan beharra.
Telebistagintza lokalak, zerbait izan nahi badu, gertuko, euskarazko, ikus-entzunezko industriaren sustatzaile eta telebista handiek bazter uzten dituzten eremuak, edukiak, formatoak eta profesionalak bere barne hartzen dituena izango da.
Beraz
Bestelako ereduak, erdipurdikoak, barruti bakoitzeko kanal euskaldun bat modukoa, hilzoria luzatzea besterik ez da izango. Normalkuntza linguistikoaren bideari zangotraban aritzea.
Ez dut esperantza galdu. Sinistuta nago, oraingoan, zeharo atrofiaturiko telebistaren merkatua egituratuko duela Jaurlaritzak eta eremu txikiko telebista merkatua behingoz txukunduko duela. Euskararen aldeko herri ekimenak, kazetari eta telebistako profesional eta ikasle ugarien imaginazioa, hedabide handiek bazterrean uzten dituzten informazio eremu hurbilak eta, orokorrean, telebista erraldoien ondoan txikiak loratzen lagunduko duela.
Beste baterako utzik dut Nafarroan, UPNk ta CDNk, euskaraz aritzeagatik Xaloarekin eta Ttipi-Ttaparekin egiten ari denaz berba egitea. Horretarako extra-adorea behar izango dut-eta.
Artikulu honen tituluan agertzen den “Lotsaizuna” da uda partean irakurri dudan Coetzee-ren liburu zoragarriaren aipamena egiteko aitzaki erraz bat. Euskarara zoragarri dago itzulita liburua. Aprobetxatu.
Amaitu berri dugu Digitalizazioaren gaineko erreporta sorta Berria-n, urria akaso, baliabideak eta denbora eskas samarrak izan ditugulako. Baionako delegazioko kazetari batek hots egin dit Behe Nafarroa eta Zuberoako egoera zalantzagarria aipatuz. France3ko arduradun batekin hitz egin du eta ez diote ezer argirik esan. Izan ere, Larrundik 18 kate jasotzen dituzte Lapurdiko kostaldean. Baina zer gerta barrualdeko ikus-entzuleekin? Touluseko antenatik jasoko lukete emisioak, eta horrenbestez France3 Euskal Herriaren emanaldi urriak ere jasotzeko aukerarik gabe. Eta zer gerta daiteke LTDarekin, ETB Behe Nafarroan eta Zuberoan jaso dezaten? Erantzunen bidean dagoenak erantzungo balu eskertuko nioke. Zuk zer diozu Edorta? Eta beste kontu bat. Frantzian tokiko telebistarik ez. Gaizki goaz, gaizki, eta Eusko Jaurlaritzaren dekretuak onura gutxi, oso-oso gutxi…