Egunon esaka

Euskadi Irratiko Faktoria saioko aurkezleak egun ona opatu dio gaur Maribi Arregiri, bere anaia torturapean hil zuteneko hogeita bostagarren urteurrenean. Joxe Arregiren arrebak kontatu du nolakoak izan ziren egun hauek duela mende laurden bat (atzo). Nola, otsailaren 13a heltzen den guztietan, bere anaiak pasa izandako bidegurutzea amaitu zelako nolabaiteko deskantsua sentitzen duen. Lasaitasuna.

Eta, Faktoria saioko aurkezlea den Marian Beitialarrangoitiak atzoko eta gaurko tortura kasuek sortzen dioten minari buruz galdetu dio.

Maribik bere anaiarena eta Unai Romanorena eta etor daitezkeenak lotu ditu, agerikoak eta izkutuan mantenduko dituzten tortura kasuak bat bera direla esanez.

Elkarrizketa hunkigarria izan da. Konplazientea izan barik, sufritu izan duenarekiko enpatian oinarritua. Informatiboki pisu handikoa den urteurren lazgarri baten aitzakian goxotasuna zerien galdetzaile eta erantzunak ematen zituenei.

Gero, Zizurkilgoari besarkada bat eskaini eta agur esan ostean tertulia hasi da. Iñigo Bilbaok, Garbiñe Biurrunek eta Denis Itxasok gai bera jorratzen segitu dute. Irakurketa politikoagoaz, 1981eko testuingurua gogorarazi digute eta 25 urtetik hona sufrimenduaren aurpegi desberdinak aipatu dituzte, asko direla esanez, gehiegi.

Ez diet kasu larregi egin. Maribiren ahotsa eta berba egiteko goxotasuna/tinkotasuna burutik kendu ezinean nengoen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude