Kataluniako tokiko telebisten erakuslehio garrantzitsuena bilakatu da MAC (Mercat Audiovisual de Catalunya) delakoa, bertan, kanal bakoitzak egiten dituen programa eta programazio-taula garrantzitsuenak jartzen dituzte ikusgai eta salgai.
Hemen, Eusko Jaurlaritzak kaleratuko duen dekretuaren zain gaudenean, tokiko telebisten mundua bizi-bizi dago.
Hiriburuetarako kanal euskaldun bana martxan jartzeko egitasmoak gorpuzten doaz eta, badirudi, gure erakundeek baino erantzunkizun eta ikuspegi luzeagoa duten eragile sozialek tokiko telebistagintzaren garrantzi estrategikoaz jabetuta daudela. Pozgarria da, guztiz.
Euskarazko tokiko telebisten erreferentzialtasuna sendotu eta ahal den neurrian indartu asmoz, UEUk antolatu duen ikastaro batean sartuta nabil. Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan, gertuko telebisten lehen azoka antolatu dugu, hemen dauden esperientzien berri emateko. Hitzaldi-sorta arruntetatik ihesi, telebista saioak ikusteko eta programazio-eredu desberdinei buruz berba egiteko parada izango dugu Markeskua jauregian, bi goizez.
UEUk antolatutako ikastaro honetan, euskarazko programaziogintzari pisua emanez, hango eta hemengo kanaletan ikus daitezkeen hainbat saio aurkeztuko dira.
Ttipi-Ttapa, Goiena, Localia Gipuzkoa eta Goierri bezalako telebisten eskaintza aitzakia modura hartuta kanalen arteko trukea eta koproduzioei buruz arituko dira.
Hori dela-eta, Tokiko bezalako esperientzien berri emango da, uztailaren lehen astelehen eta asteartean, goizez eginiko saioetan.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak amaitzear duen dekretuaren nondik norakoen berri izango dugu.
Ez da Kataluniako Mercat Audiovisual-en mailakoa, baina hemengo egoera ezagutzeko eta etorkizunera begira aurrera egiten hasteko urratsa izan daiteke Eibarreko hau.
Hala gura izanez gero, han ikusiko gara.
Atsalde on!
Dirudi,gaurko gaia garrantzitsua eta geroraezina dela. Sorte ona ikastaroan, ohizko hizlaria zara eta.
Ondo segi
Urrats garrantzitsua duda barik. Lehenengo egunean zenbait aurpegi faltan bota ditut. Zorionak Edorta eta UEUri, jarraitu bide beretik!
Amaitu da UEUk tokiko telebistagintzari buruz antolatu duen ikastaroa.
Kataluniako MAC azokaren inbidiaz, guk elkarrekin egoteko eta informazioa trukatzeko bi eguneko saioa izan dugu. Interesgarria, aprobetxagarria.
Bereziki ondo egon zen Goiena Telebistako Ohiane Agirreren aurkezpena. Eta ez dut hori esaten nire laguna delako baizik eta edukiz eta aurkezteko moduagatik oso ona izan zelako.
Profesional ona denaren seinale.