Hiru puntu…

Goiena Komunikazio Taldeak astero argitaratzen duen Puntua aldizkarian argitaratu nuen artikulua ekarri dut hona. Berrirakurri dudanean,  lehor samarra iruditu zait idatzia baina orduan, eta oraindik ere, gaiaren inguruan dagoen tentsio polarizatua eta aldiberean egoerak dakarren erronkak mahaigainean jartzen dituela.

Segidan datorrena da martxoan  Puntuan kaleratu nuena:

 

EiTB jomugan

EiTBri buruzko albisteak egunkarietako azaletan agertzen dira asteotan, inoiz ez bezalako kopuruan eta trataera mingotzaz. Lan erregularizazioen kontrako grebak izan direla. Goikargudunen dimisio-eskeak plazaratu dituztela. Enteak aurrekontu murritzagoaz ekin diola 2015ari. Euskarazko telebistaren audientziak gora ez duela egiten. Albistegietako partzialkeria salaketak direla.

Bertoko komunikabide publikoen garrantzi estrategikoa azaleratzen da aipatuak bezalako arazoak agertzen direnean. Eta halakoetan hantzeman daiteke nola posizionatzen diren indar politiko zein sozial desberdinak. Begirada zorrozten duen edonork ondo ikusiko duen moduan, bereiztu egin daitezke EiTB itzulerarik gabeko puntura eraman nahi dutenak eta irrati-telebista-sareko zerbitzu publiko profesionala, independientea eta euskaltzalea nahi eta behar dutenak. Gaur gaurkoz, EiTB interes kontrajarriak dituztenen lehia-eremua da.

Zerbitzu publikoa, gertukoa erreferentzietan eta informazioan hezurmamitutako EiTB amestu eta gauzatu nahi dutenen aurrez aurre audientzia lehian murgildu, estatuko informazio-iturrien sukurtsala eta ikuskizun hutsa bilakatu nahi dutenak.

EiTBko plantillan sartzen direnetik lan mekanika garden eta profesionalean eta ikuspegi kritikoan trebatutako kazetariak nahi dituzte batzuk. Beste batzuk aldiz, gurago ezegonkor, interesen arabera eratutako iherarkien menpe eta agintean dauden indar politikoen esanetara edukiak ekoiztuko dituztenak.

Orokorrean, kanpoan eta hemen gehiegitan ikusi izan dugun komunikabide publikoen patrimonializazioa eta boterean daudenen legitimaziorako tresna izatea nahi dutenen kontrara aniztasun politikoa, iritzi trukea eta informazioa zabaltzea helburu hartuko duen EiTB indartzea.

Bertoko irrati, telebista zein sareko zerbitzu publikoak birsortu nahi dituztenen artean, noski, nagusi dira euskara eta horretarako euskarazko ekoizpena bultzatu nahi dutenak. Inoiz ez bezalakoa eta sekula baino handiagoa du EiTBk euskarazko audientzia potentziala. Ezagutzatik erabilerarako pausua ematen lagundu dezakeen lanabesik indartsuena da . Eta ez dakitenengana ere euskararen bidez heltzeko erronkari aurre egiteko aukera ematen duena.

Lerro hauen hasieran aipatu ditugun bezalako berri kezkagarriak diren arren gehien entzuten direnak, ez dira gutxi krisi honetatik EITB sendoago, profesionalago eta zerbitzu publikoan zentratuago aterako dela sinesten dutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude