Programa bat kendu eta bestea jarri. Eguneroko kontua gaur egungo telebistagintzan. Bereziki audientzia lehian sartuta dauden kanal pribatuetan. Ez hainbeste publikoetan. Ala bai?
Urtzi Urkizuk gaurko Berrian argitaratutako artikuluan dio Egunon Euskadi ETB1etik ETB2ra pasako dutela urte berriarekin batera. Eta gogorarazten digu EITBeko zuzendaritza orokorraren apostuetako bat izan dela albistegi hori eta, orokorrean, euskarazko eskaintzari bultzada ematerena.
Helburu sendo gisa definitu zituztenez, kosta egiten zait koherentzia minimo bat aurkitzea oraingo honetan argitaratu den berriari. Izan ere, parrila programaz janzteko eta eranzteko dinamikan baino, behar beharrezkoa da ETBren kanal desberdinen arteko funtzioak, helburuak eta baliabideen inguruko hausnarketa sakona egitea. Ez al da horretarako etorri Edu Barinaga ETBko zuzendaritzara? Sinistuta nengoen epe ertain-luzera sakoneko erabaki batzuk hartzera zetorrela eta plangintza orokor horretarako denbora behar zuela (eta balibideak).
Lau kanalen karakterizazioa eta zereginak birdiseinatzea eta euskara guztietara hedatzeko dinamika dira, logikak markatzen dituen egin beharretako lehenak. Eta, horretan geundela zaila egiten zait, lau t’erdiko joko-eremuan bezala, boteprontoan eta pilotakada azkarrez, aldaketa handiak egiten hastea…eta are gutxiago estrategikotzat jotzen zituzten ildoei kasu egin barik…eta programazioaren oinarriak ontzat eman behar dituen Administrazio Kontseiluari oniritzia eskatu barik.
Oharra: Albisteak esan izan balu ETB2tik kanalizatuko ei den Egunon Euskadi euskaraz izateari eutsiko diola, berri ona litzateke. Baina, orduan ere petsatuko nuke behar-beharrezkoa dela eskaintza osoaren gaineko gogoeta zabala egitea,norabideak, helburuak, baliabideak eta pausuak erabakitzeko…