Kazetariak mendean hartzeko asmoa

UPD, PP eta PSEk Eusko Legebiltzarraren EITBren Kontrol Batzordearen barruan esandakoei eratzunez, Euskal Irrati-Telebistako Erredakzio Kontseikuak kaleratu duen idatzian (2014/02/05) gustatzen zaizkidan gauzak dira:

– EITBko profesionalek beraien independentzia aldarrikatzen dute eta onartezinak iruditzen zaizkie  “kritika politikoak errespetuaren muga gainditzea eta oraingo honetan egin den bezala ideologikoki norabidea zein den erakutsi edota   zentsuraren eremura gerturatzea”

– Aniztasunarekiko konpromisoa, profesionaltasuna eta joko politikotik haratagoko dauden argudio informatiboei kasu egiteko konpromisoa berresten dute.

– Profesionaltasunez, irizpide informatiboen arabera aritzearen ahaleginari eusten diote EITBkoek.

Egokiak iruditu zaizkit idatzian esaten direnak, besteak beste, azpimarratzen dutelako zein kontuan hartu beharrekoak diren:

– Profesionaltasuna (notizia izango direnen aukeraketan, emango zaien tratamenduan, erabiliko diren baliabideetan, lanaren antolaketan… )

– Aniztasuna (informazio iturri desberdinak erabiliz, ikuspegi ugariak ekarriz…)

– Gertaerak ulertzeko eta testuinguruan kokatzeko ahalegina (notizien nondik norakoak eskainiz, hitz eta esaldi baloratiboak baztertuz…)

– Argudio informatiboen nagusitasuna (alderdikerien dinamikatik aldenduz, interesa eta komenientzi soziala erabiliz…)

– Independentzia informatiboa (kazetarien eta albistegietako gainontzeko profesionalen autonomia indartuz, berme eta babes mekanismoak areagotuz…)

– Presio eta zentsura kasuak salatzearen beharra (barne zein kanpoko presio interesatuen aurrean)

– Saiakeraren garrantzia (pausuak emanez egiten delako bidea, esperientzia baikor eta ezkorretatik ikasiz eta hobetzeko asmoaren tentsioa mantenduz).

 

Erredakzio Kontseiluaren oharrak  ez du esaten baina PP eta UPD jarrera Legebiltzarrean pasada bat izan zen. Lotsagarria. Pentsamendu bakarraren aldeko presio onartezina. Autozentsura ekarri nahi bat. Mespretxua erakusten zuena. Jauntxokeriz betea. Min egiteko asmoarekin pentsatua eta EITB kaltetzeko helburuarekin planifikatua.

Eskerrak EITBko langileak ikuspegi miopikoa eta alderdikoia izan dezaketen horiek baino haratago begira daudela.

P.S. Egokia iruditu zait EITBko zuzendaritzak ohar  bat atera izana erasoa salatuz. Agian, nire ustez, garbiago azpimarratu behar zuen zerbitzu publikoaren garrantzia, botere politikoekiko independentzia eta informazioaren aniztasuna printzipio demokratikoak direla. Gainera, hau kontu formal bat baino ez da, horrelako erantzun batean ez da inoiz erasotzailearen hizkera onartu behar, ezta justifikazio defentsiboan nahastu behar.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude