2014ko Urtarrilaren 11ko manifestazio esanguratsuaren deialdia hainbat alderdi politikok eta sindikatuk egin zuten, beraiei dagozkie erantzunkizuna eta, emaitzak ikusita, apostu egokia egin izanaren poza. Aspaldiko partez erakutsi ez duten maila erakutsi zuten. Bejondaiela.
Velasco epaileak “Tantaz tanta” izeneko kale agerraldia debekatu izanaren ondorioz egin zen bigarrena eta ordu batzuetan EHko arduradun politiko eta instituzionalen telefonoak sutan egon ziren. Barne egituretako mugikorrak zein krisi egoeretarako dauzkaten kontaktu moduak aktibatu ziren, egoeraren garrantziaz jabetuta.
Modu batera ala betera jokatzeko orduan asko izan ziren arduradun politikoek kontuan hartu zituzten elementuak. Baina, nik esango nuke, hiru hauek egon zirela beraien buruetan: epailearen debekuaren inguruan sare sozialetan sorturiko zurrunbiloa eta, adierazgarria da hasiera-hasieratik nagusitu zen traola (#nibanoa); Herri Harresia mugimenduaren jardun mediatikoa eta Joxepa Arregi Garratz bezalako presoen familikoen ibilbidea.
Velasco epaileak plazaratutako debekuarena twitterretik zabaltzen hasi bezain bezain pronto, #nibanoa traolak erakutsi zuen jendea Bilboratuko zala, edozein izanik ere baldintzak. Jendeak ez zuela atzera egingo eta urtarrilaren hasierako hurak “nahikoa da” baten inguruan artikulatua zetorrela. Zumindura hura alderdi politikoetako community managerrek ondo baino hobeto kalibratu zuten sortzen ari zen mugimenduaren indarra eta halaxe jakinarazi zieten beraien arduradunei.
Errepresioaren kontrako mobilizazioak molde berriak erabili ditu azken denboraldian eta Askeguneena bereziki interesgarria izan da. Ez bakarrik, kuantitatiboki gazteek antolatzeko eta jendea erakartzeko gaitasuna erakutsi dutelako baizik eta media-plangintza indartsuak erabili dituztelako, modu oso arrakastatsuan. Iritzi publikoa sortzeko eta elikatzeko ahalmen handia izan dute Herri Harresiek, izan Donostian, Ondarroan ala Iruñean. Polizien arduradun politikoentzako oso garesti atera ahal zaie legitimitate sozialik gabeko agindu politiko/judizialen ondorioz, zaurituak sortzen dituzten eraso bortitzak burutzea, bereziki ehundaka kameren aurrean eginikoak badira, sare sozialak lekuko izanik eta sektore aktiboenak ikutuz badira.
Bestetik, urte hasieretan ohikoak bilakatu dira presoen eskubideen aldeko manifestazio oso jendetsuak. Parametro logikoen arabera eta ideologikoki ados egon ala ez, zaila suertatzen da agerraldi horiek antolatu ala parte hartzen dutenen kontra jotzea. Presoen eta erbesteratuen sendikoek horretan sekulako tinkotasuna erakusti dute, Bilboko handia programatzerakoan baina baita herriz herri egiten direnetan ere. Dagoeneko, Joxepa Arregi bezalako asko daude EHn. Eta, erreibindikazioaren sektore horretan bezalaxe, beste hainbestetan. Abortatzeko eskubideen aldeko militante feministek eta krisiaren eta lan erreformaren kontrako langileek aurrera egiteko kemena erakutsi dute, momentu gogorrenetan ere.
Gauzak horrela, “arre ala iso” egin beharreko egoeran aurkitu ziren aldedi politiko nagusienen goi-karguak Velasco epailearen erabakiaren aurrean eta argi ibili ziren, zalantza barik. Ostrukarena egiterik ez zegoen ezta betiko formulak erabiltzerik ere. Sare sozialetan abiatutako, eta hurrengo egunerako programatuta zegoen trenean montatu ala gainetik pasatuko zitzaien. Eta ez bakarrik lokomotorara igo baizik eta gidatu egin zuten. Lehen geltokia Bilbon izan zuen. Hurrengokoak ikusi egin behar.