Olagarroa

Gehiegitan, gobernu aldaketekin bat, irrati-telebista publikoetako goi-karguetarako izendapen berriak egin eta albistegietako aurkezleak eta karetak/sintoniak aldatzen dituzte. Gurean seguruenik, eguraldiaren mapa ere birdiseinatuko dute. Hasierako lehen  kolpe horren ostean etorri ohi dira kargu ertainen eta eduki  hornitzaileen sarearen berrantolaketa eta programazio-taularen inguruko dantza. Behin horretara helduta (inork esango du hauteskunde gauean bertan hasitako ibilbidea dela), gainontzeko profesionalen nolabaiteko birkokatzea sumatzen hasten da. Halakoak ikusi izan ditugu RTVEn eta baita EITBn ere.

Ordua heldu da baina, aginte politikoaren eta irrati-telebista publikoaren arteko dependentzia hori hausteko. Zerbitzu publikoaren izenean eta profesionaltasunean oinarrituta, menpekotasun lotura horretatik askatu beharra dago.

Baina ez  hori bakarrik, komunikabide publikoen inguruko eztabaida sakonak beste hainbat puntu jorratu behar ditu, orain eta hemen.

Digitalizazioak ezarri duen testuinguru berrian bertoko komunikabideen papera zein  izango den eta zein eduki-eskaintzan mamituko den adostu beharrean gaude. Marko berrian, euskararen rola birpentsatzea lehentasunetako bat da. Zentralitatean irabazi eta hizkuntzen inguruko artikulazio berriak, azkarrak eta ausartak egin behar dira. Duela hiru hamarkada hartu ziren  erabakiek ezer gutxirako balio dute gaur egungo egoera sozio-linguistikoan eta apustu kolektiboa bilakatu den normalizazioaren bidean. Eredu dikotomikoa (hizkuntza bakarreko kanal bana, irratian, telebistan eta interneten) gaindituta dago. Baina  ez hori bakarrik, une teknologiko eta sozial honetan, bertatik bertarako ikuspegi informatiboa  eta erreferentzialtasuna multimedia  ikuspegiarekin jorratu beharra dago. Horretarako EITB ez da eragile bakarra, ezta izan beharrik ere, eta euskaraz aritzen diren gainontzeko komunikabideekin sinergiak landu behar ditu, bereziki ikus-entzunezkoen artean. Sektore honetako motorea izateak, hori bai, garrantzi gehiago ematen dio erabakiak hartzerakoan, eta kontsentsua eta irekitasuna lantzea komeni da.

“Egin beharrekoez” zirpriztindutako goiko lerro hauen ostean baina, patxada eta hausnarketarako tartea zabaltzea derrigorrezkoa dela iruditzen zaigu, EITBren barruan eta baita sektore osoan ere. Abiatu aurretik, hartuko den bidez pentsatu beharrean gaude.  Egoera honetan, artikuluaren izenburuan kokatu dugun itsasoko animaliak balio beza adierazteko EITBren inguruan ireki beharreko hausnarketa garaiaren konplexutasuna. Izan ere, olagarroak zortzi hanka, hiru bihotz, garuna gorputzeko alderdi desberdinetan banatua…eta, guztiaren gainetik, izaera propioa, malgua, azkarra, bereziki indartsua eta mimetizazio maila ikaragarria du. Beharrezkoak ditugun komunikabideen tankerakoa.

(Argia urtekaria, 2013)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude