Bertsolarien txapelketan izan nintzen Barakaldon. Asko disfrutatu nuen. Asko poztu nintzen Maialenengatik. Asko denongatik.
Euskadi Irratian, Nikolas Aldaik jubilatu aurretik zuen programan entzun ahal izaten zen “…eta hitza jolas bihurtu zen”. Atzo, BECen ez zen jolasik egon, joko serioa izan zen, ahozko sormena borborka, lehia bizikoa eta energiaz betea.
Zuzenean bizi izateko ekitaldi bat izan zen igandekoa.
Aurreko txapelketan, egun erdiz bakarik egon nintzen bertan. Goiza telebistaz eta arratsaldez ber-bertatik. Oraingo honetan, goizeko 9:30etarako aretoan ginen, saioa noiz hasiko zain. Eta amaitu arte.
Ni naizen bezalakoa izanda, ez nuen pentsatzen hain erraz aguantatuko nukeenik horrenbeste denbora aulki batean eserita. Baina, ez, ez zitzaidala luze egin. Gogorra bai, aulkia. Bestela ez.
Lujanbio zalea naiz. Kantatzeko eta gaiei aurre egiteko duen moduagatik gustatzen zait.
Atzotik bera dugu txapelduna. Emakumeen Asanbladak, Bilgune Feministak eta Emakundek berdintasunaren aldeko ehundaka kanpainei segida emanez bezala parekorik gabe. Euskarari gaztetasuna, freskotasuna eta bultzada emanez, “neska bat es mucho”.
Barakaldon kantuan entzun eta jendearen poza ikustean, ondo goazela iruditu zitzaidan. Espero ez denean lehio berriak irekitzen direla.
Oholtza gainean txiki eta atzeko pantailan plano motzean hain presente ikusteak, sekulako kontrastea egiten zuen. Nahi barik begiak irudi handira joaten zitzaizkidan, telebistak sortzen duen ohiturari jarraituz.Plano motzaren adikzioa handia da gero.
Baina gurata, nire begiek eskaintzen zidaten irudia jarraitzera behartzen nuen nire burua. Zuzenekora. Eta han Maialen, bere gorputzaren mugetan benetan handi sentitu nuen. Ahaltsua. Eta 15.000 pertsonen aurrean, zutunik, kantuan, duin eta handi ikusi nuen.