Hil da

Etxeko telebista hargailuak berea egin du.
Azken asteotan trakets xamar zebilen (minbiziari buruz esaten den bezala
“gaixoaldi luze baten ostean” izango ote). Sarritan, irudia joaten zitzaion.
Baina, oraingoa betirakoa da.

Teknikoaren parterik ez dudan arren, badirudi,
ez duela digitalizazioari aurre egiteko beharrezkoa zen adorea eduki eta itzali
da, per secula seculorum.

Beldur zien berea  baino tamaina handiagoa zuten, pantaila lau
eta plasmakoei. Konplexuz betea zegoen, tele-aginte sofistikatu berriak ikusita.
Ate joka  dagoen digitalizazioak
ikaratuta zendu da.

Bere pantailan ez  dira dagoeneko inoiz loratuko kanal eta
programa eskaintza berriak (akaso inorenean, gauzak dauden bezala gaur egungo
errepikapen hutsa izango baita nagusi). Amaitu zaio, etxekoak aurrez aurre
biltzeko zuen abilezia.

Gainera, azken denboraldian inoiz baino
gehiago, Wiiak, ordenagailuak eta udako planek makalduta zeukaten bere agintea.
Bizipoza galdua zuen.

Etxekoek birziklaia-gune batean emango diogu
azken agurra. 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude