Rumsfeld, aireportuak eta Eroskiko poltsak

Pelikula iparamerikarretan, lana utzi  egiten dutenean (erretreta hartuta,
promozionatuta ala kaleratuta), azken agurraren liturgian, kartoizko kutxetan
sartzen dituzte bulegoko mahai gainean dituzten gauza “pertsonalak”.

Zerrenda erraza bezain errepikakorra izaten
da: emaztea (jakina: pelikula gehienen protagonista gizakumea) eta seme-alaba
WASP irriparretsuak erakusten duen argazkia, beisboleko eskularrua,
lizentziaturako orla eta paper sortatxo bat. Libururik ez. Parazetamolen kutxa
ezta. Eta, are eta gutxiago ere, hortzetako eskuila.

 
Edozelan ere, gauza gutxi, nire irudikoz.

 
AEBko hauteskundeen “ostian” (“hauteskunde
ostiak” eta “demokratek hartutako ostia)

 Nolakoa zatekeen, atzo, telebista kamerak
aurrean zirela Donald Rumsfeldek prestatu behar izango zuen kutxa. George
Bushek oparitutako argazki autografiatua, bilobak eginiko marrazkia eta arrantza
trofeoren bat. Ala: Abu Graib-eko argazki-bilduma osoa (“ikusi gabeko argazkiak”
barne), Sadam Hussein agintean zeneko eskultura baten buru anputatua, beste
estatu batzuk erasotzerakoan edo inbaditzerakoan erabili beharreko izen
apokaliptikoen gida-liburua, …

 

 

Nork daki. Baina, pelikuletan ageri izaten
direnak baino gauza  gehiago edukiko
zituen kutxetan sartzeko, ezkutatzeko.

 

Eskuko poltsa (lehengo eskuko ekipajea)

 Agerikoagoa izango da hemendik aurrera
abioietan sartzen utziko dituzten/dizkiguten trastuak. Diotenez, plastikozko
poltsa gardenetan paratu beharko dira eskuko-ekipajean eraman beharrekoak. Dena
agerian. Lotsa kentzeko terapia.

 
Opari gisa erositako pitxi-pitxia, barruko arropa
ordezko bat, amuleto aitorezina, barrenak lasaitzeko zerbait, dokumentazioa,
liburutxo bat…Plastikozko horretan sartzen dena (eta erakusteko modukoa dena)
eta kitto, besterik ez. Gainontzekoa ala eraman ez  ala fakturatu maletan.

 

Eroskiko poltsa (lotsa)

 Urte bete pasa da Eroskik poltsa gardenagatik
ordezkatu zituela lehengo zuriak? Akaso bai. Orduan indiskreto samarrak iruditu
zitzaizkidan eta  gaur ere antzera
pentsatzen dut.

Supermerkatutik atera eta kotxeraino joateko, tira,
baina hortik aurrera poltsan daukazun guztia ikusteko moduan egotea arraroa
egien zait. Ez gauza bereziak erosten ditugulako baizik eta gure alde
pertsonala, intimoa eta ilunari buruzko informazio asko ematen duelako
bakoitzaren erosketa-zerrendak.

Eta hortik aurrera, erosketak hustu eta  poltsak 
beste zerbaiterako  erabiltzen
ditugunean (ez al da hori benetako birziklajea?), den-dena ikusteko moduan
egoten da. Zuk  jakingo duzu zertarako
erabiltzen  dituzun, baina niri  behintzat joko handia  ematen didate,  bueno zidaten, orain, gardentasunak mugak
jartzera behartu nau.

 

 
Hurrengoan, abioia hartzera joaten banaiz,
Eroskiko poltsetan eramango dut eskuko ekipajea. Kia, ekipaje osoa plastikozko
poltsa gardenetan (Txantxilo gogoan zaitugu). Total, ezkutatzeko gauza gutxi
dut nik.

 

Ezingo luke gauza bera esan Rumsfeldek.

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude