Furgonetarik gabeko gurasoa

Arazo baten aurrean nago. Zortzi urteko seme bat dut eta,
badakizu,  ez  dagoenez guraso izateko inongo eskolarik, ez
dakit gauzak ondo egiten ari naizen. Kontatuko dizut.

Urte batzuk  badira 
banandu nintzela  eta, orokorrean,
mutikoak gauzak ondo eraman dituela esango nuke. Aita toki batean eta  ama bestean 
bizitzearena kosta egin zitzaion, baina zinez dakit  biekin ondo moldatzen dela. Jakinaren gainean
da-eta  biok ezer baino  gehiago eta guztiaren gainetik maite dugula.
Biekin egoten da gustora, bioi ematen digu bizipoza.

Bueno, ba horixe da hain zuzen ere, gakoa: poza. Edo beste
modu  batera esanda: ilusioa.

Eta, hona hemen nire kezka: ona al  da ilusioa eduki dezan laguntzea, ilusio hori
puztea gomendagarria al da.

 

Superestitxu

Telebistan  ikusten
zaitut, Supernnany programaren aurkezpen lanetan,  eta gustatuko litzaidake egin dizudan galdera saioaren psikologoari luzatzea. Ez baitakit ondo egiten ari naizen ilusioaren kontura.

 Ez naiz adarretatik ibiliko. Poltsikoan ditut, urriaren
30ean, Gernikan zozketatzen den furgoneta baterako hainbat txartel. “Hainbat”
eufemismoa  bat da, pila bat dut erosia.
Eta, sukaldeko kortxo batean dauzkat jarrita, Ander, nire semearen begien  aurrean, tokatuko zaigun esperantzan egunero
elikatuz.

Gaur egiten da Gernikan furgoneta doatsuaren zozketa eta
urduri nabil egun osoz, kontzentratu 
ezinean, burua “hiriburu foralean”, zentratu ezinean…gaizki, Estitxu.

 

Tokatuko zaidala sinistuta nago. Unbeko ama birjina
bera  niri begira dudala  sinistuta nago. Arantzazukoari hainbat agindu egin
dizkiot trukean. Zin egin dut Dorletako ama birjinaren elizara oinutsik joango naizela nire
nahia (beharra) betetzen bada.  Eta, dena
esanda,  txikiteoari utziko diodala
agindu diot Uxuekoari, zenbakiaren hautaketan nire alde egiten badu.

 Baina, zerukoekin ez naizenez aspaldi  oso formal ibili, zuri, Estitxu, laguntza
eske natorkizu. Tokatzen ez bazait, zer egin behar dut? Trauma ikaragarri bat
sortuko al zaio semeari? Inoiz gaindituko ez duen zauria egingo al diot? Zer dio horretaz  Supernnanyk?

 

Zuk, Fernandez, telebistan egiten duzu lan  eta entxuferen bat izango duzu nire
oinordekoa traumaz betea atera ez dadin!

 

Galdetu iezaiozu, 
faborez, psikologoari kinka honetan zer egin behar dudan!

 

Hedabide ahaltsuan 
zaude eta akaso modua izango duzu Gernikan zozketa egiten dutenekin
berba egiteko. Modurik ikusten al duzu zozketan niri bultzadatxo bat emateko?

 

Ez dut esango etsituta nagoeneik, baina oso kezkatuta bai.
Zure laguntza  behar dut! Egingo al
zenuke nire alde?

 

Furgonetaren zozketarako txartel meta muturren aurrean
daukat, Gernikan zenbaki magikoa (norberarena da  magikoa, besteena…putza)  noiz aterako duten zain. Baina, hori
bitartean, zuri erreguka nabil, Estitxu.

 

Presoak etxera  eta furgoneta nirera

“Eman duzun diru laguntzarekin preso eta iheslarien  duintasuna 
eta giza eskubideak bermatzeko pausu bat eman  duzu. ZURE ETA GUZTION KONPROMEZUAREKIN
DISPERTSIOA ETA BERE ONDORIOK GAINDITUKO DITUGU” dio txartelaren atzekaldean.
Justu-justu furgoneta zoragarriaren barruak 
erakusten dituen krokis baten azpian. Nire, eta bereziki nire semearen,
ametsetako  furgoneta.

 

Nola  egin  furgoneta horren piloto automatikoa nire etxeruntz jartzeko? Ez al
zaizu bururatzen, aurten furgoneta Aranatarren aldera norabideratzeko? Arrazoi medikuez, psikologikoez,  justifikaturik!!

 …/…

Kezkatuta nioen. Ez. Oso arduratuta nago. Zizko eginda.
Tokatzen ez  bazait furgoneta  zer esango diot umeari. Nola adierazi
horrenbeste ilusioz puztu dudana hutsaren hurrengoa izango dela. Non geratuko da nire kredibilitatea, nire gurasotasuna.

Furgonetak
alde egingo digula, aurten ere, pentsatze hutsak takikardian jartzen nau!

 

Etsipenaren aitortza

 Tira, Fernandez, daudenetan utzi gauzak. Ikusten nabil,
biharko egunkarietan beste norbaiten argazkia agertuko  dela eta ez nirea, furgonetaren giltzak
jasotzen  ari naizela.

 

Telebistan agertzeak zeozertarako balioko zuela pentsatzen
nuen, baina ikusten dut ezetz. Ezinezkoa zaizula zozketa nire alde egitea.

 

…/…

 

Bueno, tira, hala ez 
bada, zergatik  ez duzu  beste zerbait egiten: datorren urtean  halako zozketarik ez behar izateko baldintzak
jarri. “Preso en   eta iheslarien
duintasuna eta giza  eskubideak bermatu”
beharrik ez edukitzea. Ekarri denak honuntza eta listo. Etxean denak. Eta, modu horretara, furgonetaren
kontura ez naiz semeari burua berotzen ibiliko. Oraingoan ere, gutarren osasun mentala dela-eta, ekarri itzazu denak honuntza.

 

…/…

 

Baina, nola diren gauzak, badakit, orduan ere beste zerbait
egongo dela, dirua bidu beharra ez dela presoen kontuaz amaitzen. Beti egongo
da zer hobetu …orduan, zozketan jarriko dute beste furgonetaren bat eta gurpil zoro honek ez du amaierarik izango.
Eta, nik  eta semeak sukaldeko kortxoan
zulatuko ditugu ilusioz beteak.

 

 

3 iruzkin “Furgonetarik gabeko gurasoa” bidalketan

  1. Jabi

    Sentitzen dut zure semeagatik baina niri tokatu zaidala uste dut. Hala ere, ez dakit ziur. Egia esan, hainbat urtez jokatu dut eta ez dut uste inoiz begiratu dudanik, tokatu zaidan ikusteko. Orai, behin baino gehiagotan tokatu zaidan sentsazioarekin egoten naiz urtero, gaurko astelehena hurbiltzen denean…

    Erantzun
  2. iran

    barka baina egun batzuk daramatzat ditxosozko fuergoneta hori tokatu zaidan ala ez bilatzen, eta ez dakit non topatu!

    nik ere badut tokatu zaidaneko sentzazioa!

    esango didazue mesedez non ikusi ditzakedan zenbaki irabazleak?

    mila ezker

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude