Hartzarena

Telebista-albistegien karetari (azal gisa
erabiltzen dituen irudiak eta sintonia) musika aldatu eta sekulako aldea izaten
da. Ikusia dut Telediarioari, Le Journali edota Gaur Egunari pasodoble bat edo
Opá (tebiazeunkorrá) bezalako musika jarrita zelako inpresioa egiten duen.

Antzerako efektu ziraragarria lortzen da
albistegien barruan kokatzen dituzten informazioei audioa eta irudia
desinkronizatuz gero. Bereziki, politikoak agertzen direnean izaten da efektu
fuertea.
Esaterako, prentsaurreko bat hartu eta segundu bat ala biko parekotasuna kendu
entzun eta ikusten denaren artean eta aho bete hortz gelditzeko moduko
sinesgarritasun falta somatzen zaie. Antzestua. Aurpegiak esaten duena eta
hitzen bidez adierazten denaren arteko sintonia falta. Faltsutasun puntua.

Lehengo egunean, EAJren Alderdi Egunaren berri
ematen ari zirela eduki nuen halako desinkronizazio bat ikusteko (gozatzeko,
aitortu beharra dut) aukera.

Ibarretxe eta JJ Imaz agertzen ziren
jeltzaleei (eta telebistaren bidez guri) zuzendurik, prozesuari*  buruz berba
egiten, mitinetako tonua erabiliz.

Halako batean, beraien ahotsak eta ezpainak
“dibortziatu” egin ziren eta bien arteko parekotasuna galdu zuten. Sinkroniak kale egin zuen.
Ondorioz, indar guztia urtu zen. Ikasitako zerbait errepikatzen ari zirela zirudien.
Epeltasunean murgilduak ageri ziren.

Ez dezala inork irakurketa orokorrik egin eta
Ibarretxek eta JJ Imazek adierazten dutena ez dela benetakoa, indarra falta
zaiela edo epelak direla diodanik pentsa. Telebistan ageri den ikus-entzunezko
diskurtsoek sinesarriak izateko behar izaten dituzten osotasunaz eta sinkroniaz
ari naiz, soilik.

Beste kontu bat da, adibide gisa erabiltzen
ari naizen notizia horretan bertan, JJ Imaz Ibarretxe besarkatzen ari zireneko
irudiena. Horiek nik egin dezakedan irakurketa baino serioagoa merezi dute.
Fuerteegiak ziren.

 

 (*) Prozesu hitzarekin automatikoki datorkit burura Juan Kruz Lakastak,
Berrian, igandeetan, idazten dituen artikuluetatik antologikoa izan zen bat,
prozesuari buruzkoa hain zuzen ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude