Hemendik hogei urtera etorriko dira hedabideetakoak su-etena
iragarritakoan non eta zertan ginen, zelan enteratu eta zer pentsatu genuen
galdezka.
Buruko disko gogorrean gordea izango dut bazkalorduan jaso nuela berria. Gero, kotxean, Euskadi Irratian entzun nituela zehaztasun guztiak. Harritu ninduela, Aznarrek esango lukeen bezala, “nazio askapenerako
mugimenduaren” bozeramalea emakumezkoa izatea. Baina, bereziki, gogoan izango ditut irudiak, ETB1en eskutik ikusitakoak. Mahaia, hiru ikurrinak, harmarria, hiru kaputxa zuridunak eta irratiz entzun nuen ahots berberak “iraunkorra” zelan esaten zuen. Akorduan edukiko dut ere
GoiTBk programazio arrunta lehertarazi eta beste askok baino malgutasun handiagoz programa berezia aireratu zuela.
Akaso, bestalde, hemendik hogei urtera, ahaztuta edukiko dut zein eskas kudeatu zuen ETBk halako primizia, nola ibili ziren A3 eta Tele 5 Ibarretxeren prentsaurrekoaren gaztelerazko bertsioaren zain, betelanean, kazetari euskaldunik ez zutelako. Gaurkoak urruti ikusiko
ditugu orduan.