Ingelerazko hiztegian begiratu eta hala dio: Estimated Time of Arrival. Also known as ETA.
Hain erabilia den akronimoaren beste alderdia erakusten digu. Eta, egungo egoera ondo deskribatzen du, gainera.
Egia da. Oso zabalduta dago gure artean noizko, noizko? galdera errepikakorra.
Irrati-tertulietan ere gai honetatik irtetzea kosta egiten zaie. Gainera, zerbaiten jakitun dela erakutsi nahi duen hizketakideak beti dio lehengo asteburuan asko zabaldu zela su-etenaren zurrumurrua, ez dakit zein egunkariko moldiztegiak azken minutura arte geldituta egon zirela eta ez dakit norako bidaia ofiziala bertan behera uzteko zorian izan zela aldarrikapen ofiziala orduantxe bertan egingo zela pentsatuz.
Ni ere Time of Arrival horren esperoan nago, eta ez Estimated, benetakoa baizik. Iruditzen zait gainera geldi ezina den uholdea etorriko dela haren ostean, ez dut esango berehalakoa, baina bai aldaketak ekarriko dituena, epe luzekoak.
Hori diot hala pentsatzen dudalako eta neurri berean behar dudalako. Bestela jasan ezina litzateke gaur egun erakunde, alderdi eta agintari batzuek erakusten duten harrokeria eta nagusikeria. Baita, osasunerako kaltegarriak suertatzen zaizkidalako hedabide batzuetako edukiak (entzuten al dituzue RNEko ala COPEko tertuliakide batzuen hizjario pozoingarriak eta egunkari batzuetako editorialak eta izenburuak egiteko manerak) eta gaibakarrerako dagoen joera.
Sinistuta nago horiei ez zaiela su-etenarena interesatzen. Pagotxa ederra beraiena.
ETAren aitzakia amaitzen zaienean zeri helduko diote txantxullo, gureartekeria eta monopolioan aritzeko hamarkadetako joera mantentzeko?
Imagina ezinak zaizkit bestelako testuinguru batean hemen ohikoak suertatzen zaizkigun hainbat egoera. Eta hau idazten dudanean gogoan ditut hamazortzi/laurogeita hamazortzi delako epaiketa tragikomikoa mantentzen duen egitura judiziala, AHT egitasmo faraonikoa eta lurraren inguruko espekulazioa, zerbitzu publikoen kudeaketa patrimonialista (irrati-telebista, hezkuntza, garraioa eta osasuna, esaterako), kontrol publikorik gabeko erakundeen jarduna, aginte-makila nor duen erakusteko poliziaren erabilera eta hedabideen botere faktikotasuna, beste askoren artean.
Heldu da egoera honi astindu bat emateko ordua (time is over).
ETA desagertzean EAJri esan beharko diogu TIME IS OVER… Jaso beharko ditu ederrak… Txolloa betiko amaituko zaie…
Oso ona, Edorta. Heuk badakik zer doken berben esangurarekin jokatzia.
Nik uste danok gaela, daka, Time of Arrivel; esperoan egotearena neka-neka eginda gaetzek.
Hitz jokoena beti da dibertigarri eta, aldiberean, gaizki ulertuetarako ate.
Edozelan ere, egungo egoerak zerbait erakusten badigu, Desplazatua eta Magabila lagunok, batzuk zain egon garen bitartean beste batzuk lanean egon direla.
Eta, orain, akaso denoi, tokatzen zaigu ekitea.
Anjel Lertxundik bere Berriako zutabean esaten duen bezala, ordua da tren geltokietan, hemengoetan ere, jarrita edukitzea Estimated Time of Arrival baino Departure time.
Bidean ikusiko gara.