Julio Ibarra utzi du ETB

img_nov_17_2005_17_50

Beti esaten diet nire bi ilobei, Paulari eta Migeli, euskaraz, (ergatiboaren) K garrantzi handiko hizkia dela. Bestela, lerro hauen izenburua bezalakoetan, zaila egiten dela jakiten nork utzi duen nor. Julio Ibarra da, zalantza barik, ETBko aurkezlerik ezagunena. Hamar bat urte emanak ditu dagoeneko gaztelerazko kanalaren iluntzeko albistegia aurkezten.

Audientzia datu gogoangarrienak informazio-saio horretan pilatu izan dira. Gainera, nolabaiteko erreferentzia sozial bilakatu da urteen puruz. Bere lanagatik sariak jaso ditu, ekitaldi sozial eta kulturaletan agertu izan da (Bilboko jaiak, Ibilaldia.), goraipamenak eta gutxiespenak jaso izan ditu eta, orokorrean, geure iruditeria kolektiboan lekua irabazia du.

Esandakoak bere egoan nolako eragina izan duen jakiterik ez dut, baina itsua beharko nuke izan famatua dela ez aitortzeko eta gure eremu mediatikoan ikono bat bilakatu dela ahazteko. Aintzinako Vaya semanitakoek ederki imitatzen zuten, hain zuzen ere aurkezpenak, hizkera, jarrera seduktorea, keinukera definituak dituelako, oso. Imitatua denak originaltasuna du jatorrian.

Kopiatuak, eta parodiatuak, diren pertsonaien zerrenda on bat edukitzea audientzia-neurketen emaitza puztuak bezain garrantzitsua dela esatera ausartzen naiz. ETBn ez ditugu hainbeste pertsona pertsonaia mediatikoa izatera saltoa egin dutenak. Julio Ibarra gutxi horietariko bat da.

Hamarkadak

Politikoek, ekonomilariek eta marketinean aritzen direnek erabiltzen duten hizkeran, Julio Ibarra kanalaren aktibo bat da. Handiena akaso.

Bere momentuan, J.M. Calleja Ajuria Eneko giro politiko astun eta itxiararen telebidezko aurpegia izan zen bezala, Ibarrari beste garai bateko aurkezpen-txartela izatea suertatu zaio.

Inor jainkotu gura barik, baina azken urteotako ETBko argazki-bilduman bera agertzen da nagusi. Aurkezle/editore lanetan betetzear dagoen hamarkada honetan eta PPren agintaldiko zurrunbilo politiko zentripetoan, ETBk jokatu izan duen nolabaiteko bertsio desberdinaren eta irekiagoaren papera berak gorpuztu du, gaueroko hitzorduarekin.

Notizien sarrerak pertsonalizatu egiten ditu, askotan forceps batez bezala parafrasiak eginez eta loturarik ez duten gauzak bata bestearen ondoan jarriz. Baina, atsegina egiten da. Egiten duen lana gustukoa duela adierazten duten horietarikoa da. Elkarrizketetan gainera, nolabaiteko jarrera distantea mantentzen du. Ez da alfonbra-galdera egiten duenetarikoa: erantzuleak esan nahi dituenak esateko bidea errazten duenetarikoa. Nahiko gorde izan du kazetariak eduki beharreko ikuspegi kritiko minimo hori.

Horrek ekarri du, PP eta PSOE eragile bateratu eta iritzi bakarrekoak (eta bakarrarazleak) ziren sasoian, Julio Ibarra eta deabrua kuadrila bereko kide gisa agertu izana hainbat egunkari, irrati tertulia eta webguneetan (ikus betela Telebatzoki bezalakoak).

Geltokia

Orain, notizia labur batek zehaztasunerako ematen duen tarte estuaz baliatuz, Julio Ibarra Metrora doala plazaratu da. Eta noski, lerro artean hasi dira zurrumurruak eta esamesak. Batzuk diote alde egiten utzi dutela. Besteek Madrilen burua duten alderdien presioaz nekatuta, ETBK arduradunek aitzakia bat aprobetxatu dutela gainetik kentzeko. Entzuna dut, baita ere, diruz tentagarria baina profesionalki mugatuagoa den lan-eskaintza baten aurrean ez duela ETBren agintariengandik beharrezkoa sentitzen zuen babesa sentitu. Eta, beste askok, horietatik eta beste hainbatetatik zerbait egon daitekeela sinistuta daude.

Nik faltan botako dut. Ados egon ala ez bereekin, erizpide garbiak erakutsi dituelako. Eta, ka, telebistagintza publikoan, gauzak hobetzen joateko etengabeko bidean abiapuntu polita eskaini duelako.

3 iruzkin “Julio Ibarra utzi du ETB” bidalketan

  1. maider

    Nik ere faltan igarriko dut Julio Ibarraren albistegiak. Askotan pasa egiten zen albiste guztiei bere iritzia ematen baitzien. Lekuz eta tonoz kanpoko komentario asko egiten zituen. Hala ere, albistegi ezberdina, kazetaritza ezberdin bat ezagutzeko aukera eman dit. Dena den guztiak muga bat dauka eta berak azke aldian, konfidantzagatik edo, muga hori gainditu egin du.

    Erantzun
  2. Julen

    Nik ere argi utzi nahi dut bere garaian esan nuena une konkretu eta latz baten barruan bildu behar zela, eta ez zela testuinguru horretatik atera behar.

    Behin eta berriro esan dut, eta esango, Calleja eta Aurkene Iturriozen informatzeko era zikinetatik Julio Ibarraren estilora pasatzea lasaitu ederra izan zela niretzat, Ibarrak zabaldu egin zuelako ETBren ikuspuntua, lehen aipatu ere egiten ez ziren esparru batzuetara (presoak eta, adibidez).

    Inork ez dezala pentsa, beraz, testu hartan jarri nuena Julio Ibarraren jardun osora aplikatzen dudanik. Ez. Egun horretan egin zuena oso larria iruditu zitzaidan, eta esan egin nuen, beste barik. Gezurra esaten denean, guk ere badugulako eskubidea gezur hori salatzeko.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude