Formulazioa

Bost oinarri erraz bezain sendo hartu ditu GoiTBk bere jardunerako.
Bat.

Audientzia lehia gordinetik kanpo jardutea, hori bai, audientzia-kontaktu asko eta laburrak lortzen dituen kanala dela jakitun, horiek errentabilizatzea. Dinosauroen tamainako beste hainbat kanalen aldean, arinagoa, malguagoa eta freskoagoa izatea. GoiTBren audientzia potentzialari kontaktu aukera asko eskaini eta gaur egun dituenak biderkatu. Zappinga ohitura bilakatu den kontsumo portaeratik aberastu. Musean txikira bezala, puntuz puntu jendea erakarriz.

Txikitasunean indartsu, programazio-taula eguneko ahalik eta ordu gehienetara zabaltzea (gaur egun 12 ordu ingurukoa da baina kopuru hori bikoizteko asmoaz). Gertuko informazioa, erreferentzialtasun propioa, zerbitzu-telebista eta euskara oinarri modura duen kanala izatea, goizetik gauera.

Bi.

Telebista ikusteko ohiturak lan-ordutegiaren, egoera pertsonalaren edota konpetentziaren programazioaren arabera moldatzen direnez, modu originalean eta irudimentsuan antolatzea emanaldiak. Behin eta berriro programa berberak errepikatzen dabilen kanalaren beste muturrean, birremisioak multzoka atondu. Ikus-entzule desberdinek, adinez, lanbidez ala izaeraz, telebistaren aurrean esertzen direnean programazio berria eduki dezatela. Beraiengan pentsatuz, propio eraikitako programa-dieta berezia eskaintzea. Fast food-ik ez, mesedez.

Hiru.

Informazioaren eta zerbitzu-telebistaren inguruan egituratzea bere programazioa (laurden gutxioro albistegiak eskainiz; saio laburrak eta luzeagoak, orduaren arabera tartekatuz). Eskualdeko aktualitatearekin bat egiteko aukera ugari eskainiz.

Lau.

Informazioa bizkarrezur gisa hartzen duen programazio-taulan, genero askotako programa laburragoak, freskoagoak eta interesgarriagoak txertatuz.
Fikzioa, umeentzakoa eta nagusientzakoa, Kirolak, Magazinak, Musika eta abarrez homogenotu den telebistaren panoraman alternatiba gisa agertzea.

Eta, bost.

Ilusioz beteriko kanala da, bertan lanean ari direnek gogo hori transmititzen dutelako. Hori, pantailaz bestalde ere somatzen dela ziur naiz.

To be continued: Eredua izenburuko artikulu bat argitaratuko dut egun gutxi barru.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude