Radio Euskadiren zapatu goizeko magazin batean, bertso txapelketa nagusiari buruzko informazioa entzun eta, egun berean, birrirakurri ditut duela gutxi Bigen Zubiriak, ETBko zuzendariak, gaztelerazko emisorek eta kanalek duten erronkei buruzko ideiak.
Poztu egin naiz. Akaso ez delako kasualitate hutsa izan.
**Más que palabras**, astebukaeretan eta goiz ia osoa hartuz antenaratzen den saioan, gazteleraz aritu dira bertso lehiaketari buruz, sano-sano.
Irratsaioaren tarte polit batean, Fredi Paia gora, Amets Arzallus behera (irratsaioaren ari argumentalaz ari naiz eta ez, noski, puntuaketaz !), Onintza Enbeita handik eta Iñigo Manzisidor hemendik, Nahikari Gabilondo hontaz eta Arkaitz Goikoetxea hartaz.
Gustura entzun dut. Folklorismo eta bilbozentrismotik urruti ari direlako bertsolaritzaz. Eroso sentitu naiz gazteleraz zein ongi moldatzen diren eta hain hizkera jasoa duten hainbat bertsolarik zein lau eta xalo aritu diren irratiz. Jende ona dugula ez dago zalantzarik.
Irrati-esataria ere oso modu naturalean ibili da bertso lehiaketaren inguruan. Gaia gertukoa ala ondo prestatua zuela zirudien.
Eta zergatik poztu eta eroso sentitu naizen eta zergatik gustura entzun dudan? Bada, oraindik ere arraroa egiten delako gazteleraz aritzen diren emisoretan (publikoetan gehiegitan eta pribatuetan guztietan) euskarazko kulturak eta horren inguruan antolatzen diren ekitaldiek ez dutelako inongo tarterik lortzen.
Hedabide horiek ghettoan bizi dira, profesionalki eta kulturalki. Eta muga hori gaindi ezinean inongo erfuertzorik ez dute egiten. Frustrazio horrek eramaten ditu, kontzienteki batzutan, euskaraz ehuntzen den kulturari bizkarra ematera. Ukazioaren legea aplikatzen dute. Ikusezinaraziz ukazioaren politika aplikatzen dute.
Javier Vizcainoren saioan, **Más que palabras** delakoan, kontrakoa egin daitekeela erakutsi dute. Euskaraz ez dakitenenganako bidea modu errazean eta atseginean egin daitekeela erakutsi. Gure kultura hirueledunak (behintzat !) elkar-trukerako jokoa ematen duela agerian jarri.
Horretaz nengilela, laneko kontu bategatik ETBko nagusiaren idatzi bat birrirakurri behar izan dut eta hara non Zubiriaren hitzekin identifikatu naizen, bete-betean.
2004ko azaroan, Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan bota zituen batzuk ekarriko ditut hona, hitzez hitz:
Zubiak behar ditugu, gure mundu txiki honetatik ateratzen lagunduko diguten pasabideak.
Uste dut, eginkizun honetan zeregin garrantzitsua dutela, besteak beste, EITB taldean dauzkagun gaztelaniazko hedabideek. Uste dut euskal gizarte honetan Radio Euskadik eta ETB2k duten presentzia kontuan hartuta, badaukagula, gaitasunik euskaraz sortzen den eta bizi den mundu horren ezagutza bultzatzeko. Eta uste dut izan dezakegula eraginkortasunik, premia hori ez duten gaztelanizako hedabideei kezka hori sortzeko. Biziraupen kontua da.
Hala uste dut nik ere.
Baina, egunerokoan, EITBko gaztelaniazko hedabideen jardunak oso gutxitan praktikatzen du hori. Euskara bera, euskaraz aritzen direnen produkzio kulturala, erreferentzialtasun historiko eta soziala oso gutxitan islatzen dira.
Akaso, dinamika aldatzea zen kontua eta orain lehen emaitzak jasotzen ari gara. Hala izan dadila.
Kaixo Edu!
Zure idazketa arreta handiz irakurri dut.
Badirudi hedabide hori lortzeko ahalegin itzelak egitea beharrezkoa dela.
“Biziraupen kontua da”- esan zuen Zubiriak. Hortxe dago gakoa, hortxe ere profesional onak eta arduratsuak dagoeneko lan egiten daude.
Adio eta ongi izan, ikusi arte.
Aupa Rosa.
Eskerrak blogosfera delako honen atzetik zu bezalako jende ona dagoen.
Zu ere ondo segi eta itzuli arte.
Aupa berriro. Asteburuetan, aldez aurretik, irakurri nituen zure lau idazketa berriak (24etatik 31etara). Gaur, nire ordenagailuan ez dira agertzen…baina Lekeiton inprimatu nituen…esklusiban…Lan handia egiten duzu eta, gainera gustora, nabaritzen da.
Ondo segi eta itzuli arte
Bestela dira kontuak baina.
Bertsozale elkartean konturatu dira, Radio Euskadi entzuten duen kopuruaren erdia (150.000 lagun inguru egunero) euskalduna dela. Eta ahalegin berezia egin dute, euskaldun hoiengana heltzen.
Komunikazio kanpaina izugarria egiten ari da Joseba Kamiok zuzentzen duen taldea, eta hor sartzen da euskaraz ari ez diren hemengo komunikabideen afera.
Bide batez, euskaldunak ez direnak ere hurbildu daitezke bertsogintzara, baina kontua da, euskaldun entzule gehiago dituela Radio Euskadik, Euskadi Irratiak baino. Hori afera.
Emaitza, BECen ikusiko dugulakoan. Ondorioak ostean. Eta bitartean, bertsolari txapelketaz gozatu behar, euskaldunok.